NAIZ
Donostia

Hamahiru urteren buruan, Txillardegiren lorratza bizirik dagoela aldarrikatuko dute Antiguan

Jada 13 urte igaro dira Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, intelektual eta abertzale handia hil zenetik. Urtero egin ohi den moduan, bere izena daraman Donostiako Antigua auzoko plazan omenezko ekitaldia egingo zaio urtarrilak 12an, Jakes Laffiteren partaidetzarekin.

Iazko ekitaldiaren irudia. Txillardegiren izena daraman liburutegiaren aldarria hor dirau.
Iazko ekitaldiaren irudia. Txillardegiren izena daraman liburutegiaren aldarria hor dirau. (Jon URBE | FOKU)

Urtero egin ohi duen moduan, datorren urtarrilaren 12rako, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegiren, omentzeko ekimen xumea antolatu du bere heriotzaren 13. urteurrenean, Ekitaldia Donostiako Antigua auzoko Txillardegi Plazan (Gaskuina Plaza), izango da 12.00etan.

Hizlari legez, pastoral sortzaile ezaguna den Jakes Lafitte euskal idazlea izango da, omenduaren ekarpena eta Txillardegiri buruz idatzi duen pastorala azaltzeko asmoz.

Horrekin batera, lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, kantuak eta dantza izango dira, denon artean Txillardegiri zor zaion aitortza aldarrikatzeko eta, bidez batez, oraindik izenik ez duen Donostiako Udaleko Udal Liburutegi Zentralari intelektual handi honen izena jar diezaioten eskatzeko.

Ekimen honen bultzatzaileen arabera, Martin Ugaldek, Koldo Mitxelenak edota Elvira Zipitriak Donostian duten modu berean, zentsura eta aurreiritzi guztien gainetik, Txillardegik ere bere eraikina izatea merezi du bere sorterrian.

Urtarrilaren 12ko oroimen ekitaldiaz gain, Markos Zapiainen eskutik hitzaldia antolatu da urtarrilaren 9rako, ostegunez, arratsaldeko 19.00etan, San Jeronimo kaleko Kriptan. Bertan, Markos Zapiainek prestatu duen azken liburua, ‘Txillardegi hizkuntzalari’ aurkeztuko du euskal idazleak.