Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Kapitaineko 'The Nose' bide mitikoak ukitu berri bat jaso berri du

Hannes Puman suediarra 'Schnoz' aldaera igotzen lehen eskalatzailea bihurtu da. Ekarpen berri horrekin sona handia duen 'Changing Corners' luzea saihesten da. Pumanek ez du sekzio horren inguruko zailtasunik eman.

Hannes Puman 'Great Roof' luzera heltzen; ondoren, “Schnoz” zain zuen.
Hannes Puman 'Great Roof' luzera heltzen; ondoren, “Schnoz” zain zuen. (Hannes PUMAN)

Yosemiteko denboralditik kanpo, hots, hil honetan bertan, Kapitainek duen izar nagusietako batek, 'The Nose' bideak, ekarpen oso interesgarria jaso du. Protagonistaren izena, agian, ez da guztiz ezaguna; are gehiago, ez da hormatzar horretako espezialista bat. Hannes Puman du izena.

Bada, 'deabrutxo' horrek aspalditik betetzeke zegoen helburu erakargarri bat biribiltzea lortu du. Hain zuzen ere, 26 urteko suediarrak 'Schnoz' izeneko aldaerari puntu gorria jarri dio. Aldaera horrek ospe handia duen 'Changing Corners' luzea (8b+) saihesten du; honen ezkerraldean dago. Badirudi aipatutako aldaera hori era askean igotzeko samurragoa dela. Pumanek ez du zailtasunaren inguruko proposamenik egin; batzuek diote boulderreko 7c+ maila duela. Halere, eskalatzaile honi onartu behar zaio ekarpen ederra egin diola 'The Nose' mitiko eta ikonikoari.

Pumanek NAIZi adierazi dio aldaera horren zailtasuna tarte txiki batean kokatzen dela: «Metro horietan dauden heldulekuak oso txikiak eta zorrotzak dira. Nire metodoari dagokionez, aurreratu behar dut helduleku horien artean mugimendu luzeak egin nituela. Mugimendu erraz batzuetan atseden pixka bat har dezakezu, baina esan behar dut metro horietan arroka irristakorra dela. Diodan bezala, mugimendu luzeak eta indarra eskatzen dutenak dira. Finean, 'Schnoz' eskalada teknikoaren eta fisikoaren nahasketa bat da».

Lehen ekinaldiak egiteko, aldaera horretara heltzeko, gailurretik rappelatu zuen. Saioak ez ziren errazak izan, eta ordu batzuk eskatu zizkion mugimendu batzuk lotzeko: «Sasoiko bazaude, aldaerak ez du buruhauste handirik eragiten. Horrez gain, esan behar dut saioak egiteko oso aproposa dela, baina azalaren egoerak muga zaitzake. Bidearen oinarritik eskalatu nuen egunean, aldaera horretara iritsi, mugimenduak berriro begiratu, eta azken mugimendu gogorrean erori nintzen. Hirugarren ekinaldian, berriz, 'Schnoz' era askean igotzea lortu nuen».

Protagonistak baieztatu du 'Changing Corners' baino samurragoa dela, eta egokia ere bai mugimenduak oso azkar menderatzeko: «Niretzat erraza izan zen, baina gogoratu behar dut boulderreko zati horrek potentzia handia eskatzen duela. Eta, agian, hori ez da denentzat oso eskuragarria».

'Schnoz' aldaeraren historiari dagokionez, esan behar dugu Brooke Sandahl eta Dave Schukltzek ekipatu zutela 1992. urtean. Gogora dezagun 'The Nose' ez zela oraindik guztiz era askean igo. Hori hurrengo urtean iritsi zen Lyn Hill historikoaren eskutik. Estatubatuarra saiatu zen 'Schnoz'-etik igotzen, baina proiektu hori bertan behera utzi eta ondoan dagoen 'Changing Corners'-etik eskalatu zuen. 'The Nose'-ri puntu gorria jarri zion.

Hogeita sei urteko suediarrak ekarpen berria egin dio 'The Nose'-ri. (Hannes PUMAN)

1998an, berriz, Scott Burkek parabolt bat gehitu zion aldaera horri, eta 2005ean Ivo Ninovek beste bat jarri eta aldaeraren lehen zatia librean eskalatu zuen. Thomas Huber, Alex Honnold, Matt Wilder eta beste gutxi batzuk saiatu dira, baina saria Pumanek eraman du. Igoera horretan Jamie Lowther eskoziarra sokakide izan zuen, eta 'The Nose' erabat era askean igotzeko sei egun behar izan zituen. Bi egun lehenago, 'Freerider'-ekin ere egin zuen. Jakina, era askean.

Ekarpena

Nahiz eta 'The Nose' igotzeko 'Changing Corners' luze ohikoena den, Pumanek azken momentuan aldaeraren aldeko apustua egin zuen: «Mundu perfektu batean, 'Schnoz' aldaera eta 'Changing Corners' luzea egingo nituzke. Baina 'Great Roof' luzean denbora asko igaro nuen. Bai, onartu behar dut sabai erraldoi horrek buruhausteak eragin zizkidala; bustita zegoen! Seigarren kanpalekura iritsi nintzenean, zirt edo zart egin behar nuen. Alegia: aipatutako bi luze horietatik bat aukeratu. Denboraz oso justu nenbilen. 'Schnoz' librean gainditu dut, baina aurreratu behar dizut 'Changing Corners'-era itzuliko naizela. Zer edo zer probatu nuen; izan ere, ederra da oso!».

Suediarraren ekarpen berri horren inguruan Yosemiten asko hitz egin da, besteak beste, aldaera hori lehen aldiz librean igo delako eta alternatiba samurragoa bilakatu delako 'The Nose' era askean igotzeko. Gai horren inguruan, eskalatzaile honek baieztatu digu pozarren dagoela eginiko ekarpenarengatik: «Uste dut ate berri bat zabaldu dudala. Eta hori ederra da! 'Changing Corners'-ekin alderatuta, ezberdina da. Eta ate berri horri esker, eskalatzaile gehiagok aukera izango dute 'The Nose' librean igotzeko. 'Changing Corners' oso eskalatzaile gutxik igo dute era askean. Zailtasun gogorra eta estilo oso berezia du. Nik asko gozatzen dut helduleku txikiak dituzten bide teknikoetan. Argi dut estilo horretan ondo moldatzen denak bikain eskalatuko duela aldaera hori. Eskalada handia da!».

'Schnoz'-i puntu gorria jartzeaz gain, gehitu behar dugu aldaera horrek 'The Nose' zuzentzen duela. Horrekin esan nahi dugu eskuinaldera ('Changing Corners' luzea dagoen lekura) jo ordez, aldaera horretatik eskalada zuzenagoa egiten dela. Alex Honnoldek iritzi horri azpimarra egin dio: «Denboraldiaren hasieran parabolt bat jarri nuen aldaera hori seguruagoa eta zuzenagoa izan zedin. Uste dut agerikoagoa eta hobea dela. Probatu ondoren, ekinaldi bat egin nuen lurretik hasita. 'Great Roof' luzea gainditu eta aldaeraren aurrean jarri nintzen. Ekinaldi bikain bat egin nuen, baina  azken mugimenduan erori nintzen. Gainera, azala altxatu zitzaidan eta hatzak odoletan nituen. Azkenean, 'Changing Corners'-era igaro nintzen».

'Schnoz' aldaeraren zati bat; bere maila boulderreko 7c+ izan daiteke. (Hannes PUMAN)

Aurreratu dugun bezala, Pumanen ekarpen hori hil honetan heldu da. Suediarrak bi hilabeteko bidaia egin du Yosemiten. Hainbat ibilbide klasiko egiteaz gain, sona handia duten boulder batzuk eskalatu zituen. Ondoren, Tuolumnen ibili zen eskalatzen. 8a eta 8b mailako hainbat ibilbide eskalatu, eta berriro Yosemitera itzuli zen. Arestian aipatu dugun 'Freerider' librean sinatu zuen: «Hormatzar bat igotzen nuen lehen aldia izan zen. Bi eguneko atsedena hartu eta 'The Nose'-n sartu ginen. Ez nengoen oso ziur ekinaldi gogor bat egiteko gai izango ote nintzen; oso nekatuta nengoen. Bederen, jarrera oso egokia nuen. Sabai erraldoira iritsi eta ezusteko handia hartu nuen: bustita zegoen! Heldulekuak lehortzen saiatu nintzen, baina eskalatzen hasten nintzenean berriro bustita aurkitzen nituen. Borroka handi baten ondoren, luze hori gainditzeko gai izan nintzen».

'Changing Corners'-era heldu zenean, asmo oso handia zuen esku artean: luze hori eta 'Schnoz' aldaera igotzea. Baina sasoiz eta buruz oso nekatuta zegoen, eta oraindik librean eskalatu gabe zegoen aldaeran sartu zen: «Une jakin horretan, ez nuen beste asmorik. 'Changing Corners' oso-oso teknikoa da. 'Schnoz', aldiz, samurragoa iruditu zitzaidan. Mugimendu zailenak gainditu eta aldaerari puntu gorria jarri nion».