Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Laso-Iztueta 'Grinchek' Altunari magia kendu eta emozio gutxiko garaipena lortu dute (13-22)

Laso nagusi izan da aurreko koadroetan eta Iztueta gazteak maila bikaina eman du atzean, pilotakada bakoitza gozatuz eta huts gehiegi pilatu dituen Aranguren oso atzean mantenduz. Altunaren saiakerak, gaurkoan, ez dira nahikoak izan.

Martxel Iztuetak pilotakada bakoitza gozatu du Gasteizeko Ogetan.
Martxel Iztuetak pilotakada bakoitza gozatu du Gasteizeko Ogetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gabonetan gaudela ikusita, ezin ditugu erlazionatu gabe utzi egun berezi hauek sortzen duten sentsazioa eta Jokin Altunaren magia. Biak bateratuta, ezin sentsazio hobea. Hala ere, Amezketakoak igande honetan ezin izan du barruan daraman makilatxoa atera, gehienbat aurrean, eta 'Green capital' deritzon hiriko pilotalekuan jokatuta are gehiago, Laso-Iztueta 'Grinchak' egon direlako. Hori bai, berdez izan beharrean urdinez jantzita, magia kendu eta emozio askorik gabeko bosgarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketan (13-22).

Seigarren jardunaldiari amaiera ematen zion neurketak ez du misterio askorik izan. Hasieratik urdinak atera dira faborito, gehienbat txapelketan daramaten ibilbideagatik. Baina batek baino gehiagok gogoratzen ditu Altunak Ogetan egindako erakustaldiak, eta 22ra iritsi arte ezer ez dago eginda. Are gehiago gorriak 3-1 jarri direnean, Amezketako magoak egindako bi tanto ederri esker.

Hortxe apostuak orekatu egin dira, baina zerbaitengatik daude Laso eta Iztueta sailkapeneko bigarren postuan. Pentsa, oraindik porrotik ez duten Ezkurdia-Rezusta bakarrik daude baraien aurretik. Lau eta Erdiko txapelak ematen duen konfiantzaz baliatuta eta Iztueta bezalako gazte batek duen indarra eta gogoak batuz, urdinek oso bikote sendoa osatzen dutela argi utzi dute berriro ere.

Lasok ondo asmatu du sakearekin, motz eta luze ateraz eta gorriak nahastuz; eta Iztuetak pilotakada guztiak gozatu ditu. Egia da partidako azken unean huts batzuk pilatu dituela, baina, orokorrean, bere debutean tolosarraren maila bikaina izan da.

Altuna, magia gabe

Baikoko atzelariak ez du aurkaririk izan atzeko koadroetan. Hainbeste partida pilatzen ari diren egun hauetan, Arangureni nekea nabaritu zaio partidako zenbait unetan. Gainera, kontuan izan behar da Aginagako atzelaria hatz batean mina izan duela azken asteetan.

Hau guztiaren aurrean, begirada guztiak Altunarengan zeuden. Baina Amezketakoak, nahiz eta saiakerak egin, ez du aukerarik izan. Laso bikain aritu da aurrean, tartean tanto ederrak eginda, eta bizkarzain handia izan du berriro ere. ”Grinchak” dira.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a-Aranguren: 13

Laso-Iztueta: 22

Pilotakadak: 536. Iraupena: 70:19 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-9, 5-9, 5-11, 6-11, 6-14, 8-14, 8-18, 11-18, 11-21, 13-21 eta 13-22. Sakez egindako tantoak: 1 Altuna III.ak eta 3 Lasok. Jokoan egindako tantoak: 6 Altuna III.ak, 0 Arangurenek, 5 Lasok eta 2 Iztuetak. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 8 Arangurenek, 2 Lasok eta 4 Iztuetak. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Gasteizeko Ogeta pilotalekuan Binakako Txapelketako seigarren jardunaldiko partida hau jarraitzeko. Lehen sakea gorrientzat.