NAIZ

140 lasterketatik gora Euskal Herrian, urte berria hobeki eta arinago hasteko

Ohikoa da urtea korrika agurtzea, eta horretarako lasterketa ugari antolatzen dira: sansilbestreak, gabon lasterketak, urte zahar lasterketak... Aurten, inoiz lortu gabeko zerrenda osatu du Lasterketak atariak, 140 lasterketen langa gainditzen duena. Gehientsuenak abenduaren 31n ospatuko dira.

Santurtzitik Bilbora egin zuten lasterketa joan den azaroan.
Santurtzitik Bilbora egin zuten lasterketa joan den azaroan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lasterketak atariak zenbaki esanguratsu bat eman du: 140 lasterketa baino gehiago antolatu dira abendu honetan Hego Euskal Herrian urteari agur errateko. Duela 16 urte hasi ziren lanean, 2008ko abenduan, eta afizioak bultzatutako proiektu honekin jarraitzen dute, «hasierako gogo berdinekin eta dena musu-truk», adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.

Ohikoa da urtea korrika agurtzea, eta lasterketa ugari antolatzen da: sansilbestreak direla, gabon lasterketak direla, urte zahar lasterketak... «Aurten, inoiz lortu ez dugun zerrenda osatu eta 140 lasterketen langa gainditu dugu. Batzuk dagoeneko egin dira baina gehientsuenak abenduaren 31n ospatuko dira», azaldu dute.

Une honetan guztira 143 lasterketa dituzte erregistratuta. Datuak eguneratzen doaz etengabe eta azken berriak Lasterketak atariaren webgunean ditu ikusgai nahi duen orok. Mapa bat ageri da bertan, herriz herri prestatutako lasterketa guztiak biltzen dituena. Lasterketa bakoitzaren kartela eta xehetasunak ere jasotzen dira.

Mapa bat herriz herri

Araban, sei herritan antolatu dituzte lasterketak: Dulantzi, Bastida, Bernedo, Gasteiz, Kanpezu eta Laudion. Bizkaian 31tan: Abadiño, Arantzazu, Areatza, Bakio, Barakaldo, Bermeo, Durango, Erandio, Etxebarria, Galdakao, Getxo, Igorre, Iurreta, Larrabasterra, Lekeitio, Lemoa, Lemoiz, Loiu, Mañaria, Markina Xemein, Mundaka, Otxandio, Rekalde, Sestao, Sodupe, Urduliz, Urduña, Zaldibar, Zalla, Zeanuri eta Zornotzan.

Gipuzkoan 43tan: Aia, Aizarnazabal, Alegia, Andoain, Aretxabaleta, Asteasu, Azpeitia, Beasain, Berastegi, Bergara, Berrobi, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Eskoriatza, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Lezo, Lizartza, Mendaro, Musakola-Arrasate, Oñati, Ordizia, Orio, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Urretxu-Zumarraga, Usurbil, Villabona, Zaldibia, Zarauz, Zegama, Zestoa eta Zumaian.

Nafarroan, oraindik herri gehiago dira, 63. Honakoak: Aribe, Ablitas, Adios, Altsasu, Añorbe, Arguedas, Arroniz, Artazu, Artica, Barañain, Bargota, Beriain, Buñuel, Burlata, Buztintxuri-Iruñea, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Corella, Cortes, Doneztebe, Elizondo, Eneriz, Esteribar-Zubiri, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar, Ilunberri-Lumbier, Iruña - Pamplona, Irurtzun, Izaba, Leitza, Lekunberri, Lerin, Lizarra - Estella, Lizaso, Los Arcos, Mañeru, Martzilla, Melida, Mendigorria, Milagro, Miranda De Arga, Monreal, Monteagudo, Obanos, Olaz -Eguesibar, Olazagutia, Olite, Ribaforada, Sesma, Tutera Uharte-Arakil, Valtierra, Viana, Villafranca, Villatuerta eta Zangotza.

Lasterketak.eus atarian dioten bezala, «bihar hobeto eta arinago!».