2025. urteko Aberri Eguna dela eta, Euskal Herria Batera ekimenak apirilaren 11n (ostirala) Donostiako Kursaal aretoan ekitaldi bateratua egingo duela eman du jakitera astelehen honetan.
Ekitaldi soila ez dela izango nabarmendu du Euskal Herria Baterak. «Aberri Egunera arte eramango gaituen astebeteko ekitaldia izango da. Dakizuenez, elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta horregatik 2025 horretan eremu eta toki guztietako eragileak parte hartzera gonbidatuko ditugu, finean, Aberri Egunaren ospakizunarekin bat egitera», azaldu du Euskal Herria Baterak.
«Datozen asteotan berri zehatzagoak izango dituzue horren inguruan, betiere helburu nagusiarekin: nazio bat garela gogoratzea eta, besteak bezala, gure egun nazionala elkarrekin ospatu nahi dugula», gaineratu du.
«Elkarrekin azaldu zer garen»
«Elkarrekin azaldu behar dugu zer garen eta zer izan nahi dugun. Une unitario bakarra ospatuko dugu, sentimendu beraren pean elkartzeko espazio bakarra ospatuko dugu, sentimendu beraren pean elkartzeko espazio bat sortu nahian, herri bateko izatearen sentimenduaren pean, hain justu ere, Euskal Herrian jaio gabe bertoko partaide sentitzen direnak barne», nabarmendu du Euskal Herria Baterak.
2024ko Aberri Egunean Bilboko Campos antzokian egun hau alderdikerien gainetik batera ospatzeko deia egin zuen Euskal Herria Baterak, Iñaki Goirizelaia eta Estitxu Garaik irakurri zuten manifestu baten bitartez. Alderdiekin batera, bertan izan ziren sindikatuak eta euskara, hezkuntza, unibertsitate, kirola, diaspora eta beste arlo batzuetako ordezkariak. Orduan asmoa zena errealitate bilakatu da, gaur iragarri dutenaren arabera.
2020an, pandemiaren erdian, sortu zen Aberri Egun bateratua ospatzeko helburua duen Euskal Herria Batera ekimena.