Atzo gauean hil zen Gontzal Fontaneda Orille euskaltzale gasteiztarra, 81 urte zituela. Gaztetan euskara ikasita, irakasteko metodo bat egin zuen. Euskal hizkuntza irakasten ez ezik, hainbat ekimenetan parte hartu zuen. Militante politiko gisa ere izan zen ezaguna, 60ko hamarkadaren amaieran zenbait kartzelatatik igaro ondoren.
Batxilergoa ikasten zuen institutuan, Ibarrangeluko lagun eta gelakide batek esan zion Euskadi euskaldunen aberria dela. Hura entzuteak aldaketa handia ekarri zion bilzitzara. Bere kabuz informatu eta lagunak arrazoi zuela konbentzituta, euskaldunon hizkuntza ikasteari ekin zion, eta hurrengo urteetan euskarak Gasteizen izan zuen berpiztea ezgutu eta hartan parte hartu zuen.
Peli Lopez Presa izan zuen irakasle, eta ikas metodoa, berriz, Andoni Urrestarazu 'Umandi'-ren gramatika. 1966an, irakasle bat soldadutzara joan zenean, berak hartu zuen haren ardura, baina ez zuen ikasturtea amaitzerik izan, 1967ko ekainean Guardia Zibilak atxilotu egin baitzuen.
Hura ez zuen kartzelaldi bakarra izango, ezta luzeena ere. 1968ko martxoan Guardia Zibilaren bisita izan zuen berriro ere lan egiten zuen banketxean. Hiru urte eman zituen barruan.
Kartzelan zenean, ETAren V. eta VI. asanbleen arteko zatiketa izan zen. Fontanedak VI.ean jarraitu zuen kartzelatik irten eta gero. Hamarkada horren erdian PTE Espainiako Langileen Alderdira sartu eta alderdi horretako buruzagietakoa izan zen Euskal Herrian. Ondoren, alderdi hark ORT Langileen Alderdi Iraultzailearekin bat egin zuen eta bertan jardun zuen hura desagertu arte.
Baina militantzia politikoa gorabehera, inoiz ez zuen euskalgintza alde batera utzi. Kartzelatik irtendakoan, 70eko hamarkadaren hasieran, Juan Bautista Gamiz irakasle taldea sortu eta euskara metodo bat egin zuen taldeko beste zenbait kiderekin batera.
Esan daiteke bizitza osoan euskalgintzari lotuta egon dela Gontzal Fontaneda. Duela zenbait urte Arabako Errioxako euskararen inguruko dokumental bat egin zuen. Euskal gramatika eta hika egiten ikasteko metodoa ere irakurgai daude haren lanen artean. Bestalde, Gasteizko Mintzalaguna egitasmoan ere parte hartzen zuen, eta Iruña-Veleia Argitu plataformako kide izan zen. Auzi haren inguruko hainbat artikulu idatzi zituen NAIZen eta beste zenbait hedabidetan.
Bere artikuluetan, euskaraz gainera, beste hainbat gai ere izan zituen hizpide, beti ere justizia sozialaren, feminismoaren eta elkartasunaren aldeko bere ikuspegia nabarmen utzita. Gaztetatik garatzen hasi zen ikuspegia.