NAIZ

Guillermo Merino durangarra aske da, 24 urteko zigor osoa bete ondoren

Zigor osoa bete eta gero, Guillermo Merino durangarrak askatasuna lortu du, Etxeratek jakitera eman duenez. Maiatzean baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen, kartzelan 24 urte eman eta gero. Horietatik 20 Euskal Herritik urrun dauden espetxeetan eta baldintza gogorretan pasa zituen.

«Etxera» aldarrikapena Sarek larunbatean Donostian egin zuen manifestazioan.
«Etxera» aldarrikapena Sarek larunbatean Donostian egin zuen manifestazioan. (Jon URBE | FOKU)

Guillermo Merino preso durangarrak askatasuna lortu du zigor osoa bete ondoren, Etxeratek jakitera eman duenez. Maiatzean baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen, espetxean 24 urte eman eta gero, horietako 20 Euskal Herritik urrun dauden kartzeletan, baldintza gogorretan.

2000ko urtarrilean Basaurin atxilotu zuen espainiar Poliziak, ETAren «Bizkaia komando»ko kidea izatearen akusaziopean, eta geroztik kartzelan egon da.

Valentziako Picassenten eman zituen gatibu urte asko, baldintza gogorretan. Esaterako, 2017. urtean oraindik hogeit orduz zuten itxita ziegan, astean bost minutuko zortzi telefono dei baino ez zituen, postaz bi gutun baino ezin zituen jaso...

Haren senide eta lagunek 1.200 kilometro inguru egin behar zituzten joan-etorrian 40 minutuko bisita egin ahal izateko.

2020. urtean Euskal Herrira hurbildu zuten lehendabiziko aldiz, Picassentetik Zaragozako Zuerara eramanez. Eta urtebete geroago Euskalherriratu zuten azkenik. Hortaz, Basaurin eman du espetxealdi luze honetan azken zatia.

Hirugarren gradua eskuratzea izan zen kaleranzko hurrengo urratsa; 2023ko otsailean lortu zuen, eta maiatzean baldintzapeko askatasuna heldu zitzaion Guillermo Merinori. Orain, berriz, askatasun osoa berreskuratu du.