Desakunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin donostiarren plataformak hiria 2030eko munduko futbol txapelketako egoitza izendatzea «espekulazioaren negozioen mesedetan» izango dela salatu du.
«Hori da, hain zuzen, Donostiaren hautagaitzaren atzean dagoen sakoneko arrazoia: gutxi batzuen etekin ekonomikoa. Eta negozio pribatu horren zerbitzura gobernatzen dute erakunde publikoetatik Donostiaren izendapena hiriaren lorpen kolektibotzat aurkeztu nahi digutenek. Beraz, Donostiako turistifikazioa areagotuko duen beste dispositibo baten aurrean gaude», azaldu dute.
«Aurreikusi dezakegu donostiarron gehiengoari ondorio lazgarriak ekarriko dizkigula makro-ekitaldi hau erakarri izanak: etxebizitza larrialdiaren okerragotzea, turismo jardueraren hazkundea, hiri espazioaren merkantilizazioa, garraio azpiegitura jasangaitzen garapena eta herritarren bizimodua baldintzatuko dute neurri sekurokratak», gaineratu du Bizilagunekin-ek.
«Donostiarron bizi baldintzen aurkako eraso berri bat datorkigu; azken urteetan bizitu dugun turistifikazio prozesuari eta hiri eredu jasangaitzari gehitzera dator, baina lehenago ikusi gabeko tamainakoa izan daiteke kolpea», ohartarazi du plataformak.
«Tartean, ekitaldi honen aitzakiapean, industria turistikoari baliabide, aurrekontu eta azpiegitura publiko aldetik erraztasun guztiak ematea justifikatutzat emango dituzte euren zerbitzura gobernatzen duten arduradun instituzionalek», salatu dute.
Turistifikazioak gora
Hautagaitzaren txostenean Donostiak ostatu plaza nahikorik ez duela aipatzen dela gogoratu dute. «Donostiako hotel, ostatu, hostel eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Turistifikazioak guztiz kolpatuta etxebizitza larrialdia bizi duten Donostia, Donostialdea eta Ipar Euskal Herriko kostaldean turismo azpiegituren gaitasuna gainditu eta etxebizitza parkea negozio turistikora bideratzea da planteatzen zaigun konponbidea», salatu dute.
Mugikortasun alorrean trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela FIFAk adierazi dute.
«Gertatu baino sei urte lehenagotik turistifikazio arazo larria duten gure lurraldeetara masifikazioa eta saturazioa ekarriko duela aurreikusten dute antolatzaileek; eta horren alde indarra egiten aritu dira bertako erakunde publikoen kudeatzaile arduragabeak», salatu dute.