Ikusmina oso handia da Boiseko 2025eko Jaialdirako. Antolatzaileak buru-belarri ari dira, Euskal Herritik ere ez dira gutxi oporren agenda eta aurrezkien kalkulua egin dutenak haien kabuz edo bidaia-agentzien bidez Idahora joateko, eta Estatu Batuetako euskal komunitateetan ere uztail amaiera eta abuztu hasierako datak gorde dituzte askok.
‘National Geographic’-ek 2025ean mundu osoan bisitatzeko 25 proposamenen artean dauka Idahoko hiriburua. Bere aipua «AEBn euskal jatorriko pertsonen kontzentrazio handiena» daukala esanez hasten da, «XIX. mende amaieran artzain etorriak. Eskualdeak omenaldia egiten dio ondare horri euskal kulturaren munduko ospakizun handienetakoa den Jaialdiarekin», dio.
Boluntarioak
Lael Uberuaga da Jaialdiko komunikazio arduraduna. Gustura dago orain arteko lanarekin, eta plangintza ondo doala dio. «Nazioarteko taldeak aukeratu eta iragarri dira dagoeneko. Sponsor ugari ditugu, negozio askok eman digute babesa». Neomak, Gatibu, Tio Teronen semeak, Xabi Aburruzaga eta Arkaitz Añorgako Dantzariak joango dira Euskal Herritik Boisera, baita herri kiroletako hamaika lagun ere.
Boisera joan nahi duten Estatu Batuetako dantza taldeentzat ere izena emateko epea zabalduko dute laster.
Basque Block
Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean izango da Jaialdia, asteartetik igandera. Ezin bestela izan, Basque Block izango da ospakizunaren erdigunea.
Boiseko euskal komunitateak musu-truk eta boluntarioen lanaren bidez egindako ekimena dela gogorarazi du Uberuagak. Laster zehaztuko dute boluntarioen batzordea, eta ahoz ahoko lana hasiko da jende gehiago erakartzeko eta txandak antolatzeko datozen hilabeteetarako.
«Boluntarioen lana berebizikoa da. Hau egiten dugu gure euskal kultura zabaldu nahi dugulako, beste euskaldun batzuekin, baita euskaldun ez direnekin ere. Badakigu jende asko hona iritsi zirenean Francoren garaiak zirela, han ez zegoela euskal kultura ospatzerik, eta horri buruz ez dakiten estatubatuarrekin partekatu nahi dugu», dio Uberuagak.
Euskal-amerikarra
Boise bera ez da garai batean zen hiri txikia, asko hazi da eta hazten jarraitzen du, baina euskal kulturak garrantzi handia dauka oraindik. «Babes handia ematen dio hiriak, alkate euskaldun bat izan du, euskal bloke bat dauka, hiria aurkezteko modu atsegina da».
Hainbesteko garrantzia hartu du eta hainbeste giroa ematen diote euskal jatetxe eta ostatuek ze batzuek ‘National Geographic’-en artikulua ikustean esaten zieten ez zabaltzeko, dagoeneko jende asko joaten delako. «Bertigo pixka bat» ematen du, baina «emozioa» daukate batez ere.
Ilusioa nabari zaio Uberuagari Euskal Herriko bisitariei zer aurkituko duten esatean: «Aski ezaguna izango dute ikusten dutena, euskara entzungo dute, kalean dantzak, musika ezagutuko dute, baina hori guztia ukitu estatubatuar batekin».
Beraz, alde batetik, «etxekoa den zerbait, baina era berean oso amerikarra, oso mendebaldekoa den zerbait, desberdina, dibertigarria. Ezin ahaztu euskal etorkin asko artzain etorri zirela, eta cowboy kultura hori ere presente egongo da», deskribatu du.
Sarrerak
Sarrerak udaberrian jarriko dira salgai, eta batez ere Central Arenakoak aurretiaz hartzea aholkatu dute, eskaera handia egon ohi da eta.
Oinarria jaiak, kultura eta kirola dira, baina berez topagune erraldoi bat da Boiseko Jaialdia. Hala, agenda ofizialaren ondoan beste ekimen ugari antolatu ohi dira, bertako Unibertsitatetik esaterako, euskara, euskal kultura edo diasporarekin lotuta.
Duela hamar urte, Gure Esku Dagok, Agirre Lehendakaria Center eta Columbiako Unibertsitatearekin batera, erabakitzeko eskubideari buruzko jardunaldia egin zuen. Jon Camio, Joshua Fisher eta Juan Jose Ibarretxe izan ziren hizlari jendez gainezka zegoen Grove hoteleko aretoan. Esanguratsua izan zen Boisen bertan zen Iñigo Urkullu eta Lakuako kiderik bertaratu ez izana. Aldiz, Dave Bieter orduko Boiseko alkateak harrera beroa egin zien eta ekitaldia aurkeztu zuen.
Zortzigarren edizioa
Berez, ekitaldi bakar gisa antolatu zuten Jaialdi 1987an. Ia hamabost urte ziren Ipar Amerikako euskal elkarteak batzen hasi zirela, astiro eta mesfidati hasieran. Azken batean, oso tradizio ezberdinetatik iritsi ziren Estatu Batuetara Idahon zeuden bizkaitarrak eta Kaliforniako baxenafarrak, jatorrizko pasaporteak ere ez ziren berdinak. Baina elkarte gehiago batu zitzaizkien, NABO (North American Basque Organization) gisa antolatu ziren, eta gazteentzako ekitaldiek bateko eta besteko euskal-amerikarrek elkar ezagutzea eta identitate propio bat garatzea ekarri zuen.
1987ko Jaialdi hura, nolabait, prozesu hori guztia burura eraman zuena izan zen. Idaho State Penitentiary espetxe historikoaren egoitzan antolatu zuten. Hainbestekoa izan zen arrakasta, handik hiru urtera orduko gobernadoreak eskatu zuen beste bat antolatzeko, Idaho estatu gisa eratu zeneko mendeurrena ospatzeko. Hala, bost urterik behin egitea erabaki zuten. Idahoko euskaldunek urtero ospatzen dute San Inazio Egunaren inguruko asteburua, eta horregatik, Jaialdi ere data horietan da: lau urtez formatu txikiagoa dauka, eta bosgarrenean ospakizun erraldoi bihurtzen da.
Topagunea
Topagune erraldoi bat da Jaialdia. Agenda ofizialaren ondoan beste ekimen ugari antolatu ohi dira, euskara, euskal kultura edo diasporarekin lotuta.
Pandemiaren ondorioz, 2020an bertan behera utzi behar izan zuten, ordurako dena prest zeukaten unean. 2025era arte itxarotea erabaki zuten. Ez da harritzekoa, beraz, inoiz baino gogotsuago egotea.
Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean izango da Jaialdia, asteartetik igandera. Ezin bestela izan, Basque Block izango da ospakizunaren erdigunea. Grove kaleak 6. kalearen eta Capitol Boulevarden artean hartzen duen izena da, eta berehala nabari da: euskal etxea, euskal museoa, Leku Ona, Gernika edo The Basque Market jatetxeak aski argigarri ez balira, faroletan ikurrinak daude eta lauburuak zoruan blokearen punta bakoitzean.
Idaho Central Arenan eta Expo Idaho erakustazokan ere izango dira ekitaldiak.
Horietarako sarrerak udaberrian jarriko dira salgai, eta batez ere Central Arenako ekitaldietarako sarrerak aurretiaz hartzea aholkatu dute, eskaera handia egon ohi da eta. Informazio guztia jaialdi.com webgunean kontsultatu daiteke.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
