NAIZ

Aiztondoko udalek preso, iheslari eta deportatuentzako «aterabide integrala» eskatu dute

Ehunka herritarrek lagunduta, Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek «salbuespenezko neurriekin amaitzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten aterabide integral bat behar dela» aldarrikatu dute.

Manifestazioa, Amasa-Villabonako kaleetan.
Manifestazioa, Amasa-Villabonako kaleetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ehunka herritarrek parte hartu dute Aiztondoko udalek «salbuespenezko neurriekin amaitzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten aterabide integral bat behar dela» aldarrikatzeko deitutako manifestazioan.

Gipuzkoako Aiztondo bailarako udalek, Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabona barne, manifestazioa antolatu dute. 18:30ean abiatu da Amasa-Villabonako Erreboteko plazatik, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaitu da.

«ETAk bere jarduera amaitutzat eman eta 13 urtera, 124 euskal preso espetxean daude oraindik, eta gutxi gorabehera 20 euskal herritar erbestean edo deportazioan», adierazi zuten deialdia egiterakoan. Horrez gain, «13 urte geroago, oraindik indarrean jarraitzen dute salbuespen-legeek, terrorismoaren aurkako estrategiaren baitan ezarritako legeek», gogorarazi zuten, eta horien aplikazioa «erabat bidegabea eta neurrigabea» dela salatu.

«Euskal Herrian bizi izandako gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea» premiazkoa dela esan dute, eta «sufrimendu ezberdinak gehiago ez luzatzeko beharra» dagoela gaineratu. Gainera, adierazi dutenez, «euskal gizartearen erantzukizuna da, oro har, salbuespenarekin eta sufrimenduarekin amaitzea», baita «gatazkaren konponbideari irtenbide integrala eskaintzeko eta etorkizunari begiratzeko lan egitea ere».

Horregatik guztiagatik, urteko azken egun honetan, Aduna, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek «euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bideari ekin diezaioten irtenbide integrala» behar dela adierazi dute, eta «indarkeria ezberdinen biktimek aitortuak izateko eta egia jakiteko eskubide osoa» dutela aldarrikatu. «Euskal Herriak hainbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begiratzeko garaia dela aldarrikatu nahi dugu Aiztondoko udaletako alkate eta zinegotziok», azpimarratu dute.