Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aniztasunaren tentsioa, akuilu ala traba?

Aniztasunak gatazkak eragiten ditu, ez baitezpada kaltegarriak: feminismoa mugimenduan mantendu dadila eragiten du. Baina taldeen atomizazioak eragiteko gaitasuna geldotu ere egin dezake, beraz, estrategikoki ken eta jar daitezkeen zubiak eraikitzen asmatzea izan daiteke topo egiteko bidea.

Azaroaren 30ean, greba feministaren lehen urteurrenean, Bilbon egindako ekintza.
Azaroaren 30ean, greba feministaren lehen urteurrenean, Bilbon egindako ekintza. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Feminismoaren aniztasuna iraultza honen tamainaren erakusle da: feminismo dekoloniala, transfeminismoa, feminismo marxista, libertarioa, ekofeminismoa... Zalantzarik gabe, bazter guztiak arakatzeko potentzialtasuna izatea balio bat da, laguntzen baitu feminismoa etengabeko elkarrizketan egoten eta, beraz, hazteko eta hezteko prest.

Elkarrizketok, baina, ez dira beti errazak izaten, eta gatazkak sor ditzakete. Gatazkak ez dira, halabeharrez, kaltegarriak, are, haustura txikirik gabe, geldi eta zurrun legoke “mugimendu” deitzen dugun hori. Adibidez: 2019an Durangon egin ziren V. Jardunaldi Feministetan, kide arrazializatuek argi interpelatu zituzten «hegemonia» ordezkatzen zuten feminista zuriak eta, “klak” hori, mingarria izan bazitekeen ere, giltzarria izan zen mugimendu barnean errebisio dekolonial sakon eta luze bat abiatzeko. Hala ere, korapiloak agertzen dira oraindik –normala denez–: 2023ko azaroaren 30ean zaintza lanak duindu daitezela aldarrikatzeko egin zen greban migranteek eta pertsona arrazializatuek osatutako talde askok parte hartu zuten, baina beste batzuek ez batzea erabaki zuten, deialdia hegemonia zuriak gidatu zuela iritzita. Nortzuk zebiltzan oker? Ziur aski, inor ez.

Etengabe eta gai guztien bueltan ente bakar gisa funtzionatzea kalterako izan daiteke, korapiloak askatzen denborak ihes egin bailezake. Baina eztabaidak eta talkak gainditzeke izan arren –batzuetan, “eztabaidez” bainoago, arrazakeriaz, kolonialismoaz, transfobiaz, putofobiaz... ari gara–, bidean, posible da minimoen gainean lehentasun batzuk adostea eta horien mesedetan elkarrekin aritzea?

Agian abiapuntua saltatu dugu: sinergiak sortu nahi dira? Intersekzio, talde, korronteak, modu atomikoan espezializatu eta erradikalizatzetik egin daiteke iraultza?

Ezinbestekoak dira puntualki eta, batez ere, estrategikoki, lotura gisa funtzionatuko duten zubiak, adibidez, zaintzaren auzian indarrak metatzeko. Baina nola egin, ez daitezen izan beti berberak, bazterrerago daudenak, galtzeko gehien ematen dutenak? Korapiloak ez dira askatzen errazak.

Erradikaltasuna, zera bera

Barrukoa ez ezik, mugimendutik kanpora den hori eraldatzea da erronka. Eta hor, tentsioa hainbat norabidetara zabaltzen da: jendartera, non batzen diren feministak, antifeministak, eta tarteko guztiak, eta, kasu honetan, baita merkatura ere.

Feminismoa, berez, mugimendu erradikala da, egitura kulturalak errotik mugitzeko lanean dabilelako, ez soilik egitura horien adierazpenak –horiek ere bai, noski–. Bistan da, proposamen erradikalek, bortizkeriaren eskalada izugarri eta ezohiko bati erantzuteko ez bada, nekez topatzen dituzte aliatuak “ez alde ez kontra” estratuan. Feminismoa izan daiteke salbuespena, mezu eta irakurketa konplexuekin, Martxoak 8 bezalako data puntualetan sekulako mobilizazio gaitasuna erakutsi baitu, bai Euskal Herrian, baita nazioartean ere.

Joera ultraeskuindarrak zabaltzen ari direnean –arrazakeria arriskutsuenaren eskutik–, tentagarria izan daiteke erradikaltasuna apaltzea pultsio sozialaren mesedetan, aspertzen hasiak dauden gizon antifeministei jaramon egin eta lasaitu, ez daitezen “ez alde ez kontra” guztiak antifeministen aldera biratu. Eta eskerrak hor diren bazterreko feministak, bastartak, zentroa ertzetara atomikoki tenkatuz, gozoki hori hartzera doan eskuari plas! emateko.

Erradikaltasunean atzera egiteak, gizon aspertuei ez ezik, merkatuari mesede egiten dio. Zelatan da «emakume ahaldunduak» kaxatan bildu eta saltzeko, «heteropatriarkatua suntsitu» eta gisako zarata noiz isilduko zain.

Ultrei, merkatuari eta antifeministei, beraz, feminismo gehiago, zeren, erradikaltasuna galduz gero, feminismoa bera galduko da.