Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

EH Bildu: abiatutako bidetik eraldaketa nazionalerantz

Ikasturte amaierako EH Bilduren batzarra, Otegik gidatua.
Ikasturte amaierako EH Bilduren batzarra, Otegik gidatua. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Momentu onean eta haizea alde duela iritsi da EH Bildu bere hirugarren kongresuko zitara. Lehenengo kongresua «fundazionala» izan ohi da; bigarrena egonkortzekoa izaten da; eta hirugarrena, barne gatazka handirik ezean, jarraipenaren eta sakontasunaren kongresua izan daiteke. 3 zenbakiak ‘hasi berriaren’ sentsazioa eman badezake ere, sustrai sakonekoa da koalizio subiranista.

Boto kutxetan gora egin osteko hauteskunde ziklo baten ondoren iritsi zaie hausnarketarako unea. EH Bilduk 2020ko hauteskunde autonomikoetan erakutsi zuen botoetan goranzko joera, eta ordutik azkartu eta zabaldu egin da joera hori. 2024an Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan «inoizko emaitzarik onenak» lortu zituzten 341.735 boto batuta.

Batzuen ustez, udalgintzaren arloa zen koalizio subiranistarentzat «eremu erosoa», baina udaberriaren ondoren bestelako instituzioak gobernatzeko ere «aukera errealak» dituela demostratu zuen, botoetan zein proposamenetan.

Kohesioa ikuspegian

Mahai politikoaren ponentzia izan da bilkideek eztabaidatu duten bakarra, besterik ez baita aurkeztu. Eta aurkeztu diren emendakinek ez diote tesi zentralari eragin, hobekuntzak eta gehikuntzak proposatzeko izan dira ia ekarpen guztiak.

Ildo politikoan eta egungo estrategian kohesio bat badagoela ondorioztatu daiteke. Honenbestez, ponentzia politikoa bera da gaur-gaurkoz kongresuko erdigunea, bestelako gatazkarik ez baita mahai gainean, eta mahai politikoak ardura postuetarako izenak urtarrilean proposatuko baititu.

«Hau da unea herri proiektu baten inguruan akordio handi bat josteko», esan zuen hauteskunde gauean Pello Otxandianok. Aliantzei erreferentzia egiten zien udaberrian, baina zentzu berean doa ponentzia politikoa ere, «hirugarren eraldaketa nazionalari ekitea» baita erdigunea.

Abiatutako bideari jarraitzeko eta horretan sakontzeko asmoa nabaritzen da proposamen politikoan. Aurrez erabilitako «Herri prozesu autozentratua» erabiltzen baitu oraingoan ere egin beharrekoa zehazteko; aldi berean prozesuak «graduala» eta «mailaz mailakoa» izan behar duela zehazten dute.

Badaude, hala ere, munduari oro har eta Euskal Herriari konkretuki eragiten dioten gaiak, eta ponentzian apenas sakontzen ez direnak: migrazioarena, hezkuntzarena, etxebizitzarena edo polizia ereduarena, esate baterako. Egungo beharrei erantzuteko, kongresuan edo kongresutik kanpo, baina urgentziaz landu beharrekoak dira.

Lanabes estrategikotzat definitu du EH Bilduk bere burua: «Enbor bereko hiru adar: koalizioa, indar politikoa eta mugimendua». Adar bakoitzak bere funtzio zehatzak baditu ere, enborrari funtzio zehatza eman diote, emendakinen prozesuan bilkideak ere ados agertuz: «Ezkerreko independentismoaren eta subiranismoaren erreferentzia eta lanabes politiko/instituzional nagusia da EH Bildu».

Ikusteko dago mahai politikoan eta idazkaritzan nork parte hartuko duen. Gasteizko Parlamentuko lehendakarigaia Otxandiano izan zen; koalizioaren egunerokoan presente dagoen belaunaldi horrek hartuko ditu goi karguak orain? Urte berrian argituko dira zalantza horiek, otsailaren 8an Iruñean ospatuko den Kongresuaren amaieran.