Euskaraldia: egunero aldaketa txikiak eginez emanen da jauzia
Euskaraldia da bizi dugun larrialdi linguistikotik erabileraren arora jauzi egiteko tresnarik indartsuena. Inoiz 320.000 lagunek egin dute ariketa, eta 2022an parte hartu zutenen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Oinarri berekin baina berrikuntzekin dator, udaberrian, laugarren edizioa.

‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelotzat hartuta, udaberrian estreinatuko da Euskaraldia 2025ean. Maiatzaren 15etik 25era izanen da laugarren edizioa. 2018an aurreikuspen guztiak gaindituz hasi zuen bidea; pandemian, egitea bera izan zen lorpenik handiena; eta 2022an ilusio galera bat sumatu arren, eraginkorra dela frogatu zen berriro. Parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte.
Oinarriek funtzionatzen dute, hortaz, baina arnasa luzeko ariketa da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea proposatzen baitu, eta hori ez baita batere samurra. Hala ere, antolatzaileak konbentzituta daude poliki-poliki lor daitekeen helburua dela eta egunerokoan aldaketa txikiak eginez euskararen erabileran jauzia emanen dela.
Nabarmendu dutenez, euskalgintzaren ‘Larrialditik indarraldira’ asmoa gauzatzeko ez dago Euskaraldia bezalako tresnarik. Inoiz 320.000 lagun murgildu dira ariketan, eta horiek mugitzea izan daiteke eraldaketarako giltza. Alde horretatik, Euskaltzaleen Topagunetik jaio den Taupa mugimenduaren lehen mugarria izanen da Euskaraldia.
Aurreneko berrikuntza ariketa egiteko hautatutako urte sasoia da: bizipoza berarekin dakarren udaberria. Egiteko moduari dagokionez, ahobiziak eta belarriprestak jada ezagunak direla iritzita, «pantailaz pasatzea» proposatuko dute, «arau bihurtu beharko liratekeen hizkuntza portaeretan» indarra jarriz.
Hizkuntza portaerak
Honakoak dira arau bihurtu nahiko lituzketen hizkuntza portaerak: euskara dakiten guztiekin euskaraz aritzea; lehen hitza euskaraz egitea; eta euskaraz ulertzen duenarekin euskaraz jarraitzea, elkarrizketa elebidunak sortuz.
Euskaraldian 400 herri batzordetik gora aktibatu dira. Horiek dira oinarria, eta sustatzeko xedea dute. Ariketaren 11 egunen aitzinetik lan handia egiten da, eta balioa eman nahi diote horri. Ondorengoari ere bai, urte osoko mugimendu bilakatzeko bokazioz.
Irudiz ere berrituta, toki guztietan beharrezkoa dela erakustera dator Euskaraldia, euskararen erabilera erdian jartzera eta estres linguistikoa gainditzen laguntzera. Txapa funtsezkoa da honetan, eta oroitu behar da bertzeentzat dela, konplizitatea sortzeko.
Nahiz eta besta bat ez izan, hortik ere izanen du, eta denok kabituko gara bertan. Hala, pauso txiki-handiak ematen segituko dugu, larrialdiari erabilerarekin erantzunez.

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón

El papa Francisco recomendó el libro ‘Miñan’ de Amets Arzallus e Ibrahima Balde

Los aranceles de Trump amenazan con dejar a EEUU sin navidades

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»
