Urtearen lehen egunarekin, indarrean sartu da erabilera bakarreko zigarreta elektronikoa saltzeko debekua Belgikan; Europar Batasunean (EB) neurri hau aplikatu duen lehenengo herrialdea da. Gailu hauek osasunean eta ingurumenean sortzen dituzten arazoek bultzatu dute Gobernu belgikarra erabaki hau hartzera.
Frank Vandenbroucke Belgikako Osasun ministroak esan zuen zigarro elektronikoak mehatxu bihurtu direla batik bat nerabeen osasunarentzat, hauek erretzeko ohiturara erakartzeko eta nikotinarekiko adikzioa garatzeko baliabide erraza baitira.
«Erabili eta botatzeko zigarreta elektronikoak produktu berriak dira, kontsumitzaile berriak erakartzeko soilik diseinatuak», adierazi zuen elkarrizketa batean.
Gainera, erabilera bakarrekoak direnez, zigarreta elektronikoen «plastikoa, bateria eta zirkuituak zama dira ingurumenarentzat», ohartarazi zuen Vandenbrouckek. «Hondakin kimiko arriskutsuak sortzen dituzte», gaineratu zuen.
Milanen, kalean erretzeko debekua
Elektronikoarenak ez, zigarreta tradizionalaren gaineko debekuak zorroztu ditu Milanek. Italiako hiri honetan, urtarrilaren 1etik aurrera, debekatuta egongo da kalean edo bestelako eremu irekietan erretzea, baldin eta erretzaileak gainontzeko jendearengandik hamar metroko distantzia mantentzen ez badu. Neurri honek ez die zigarreta elektronikoak erretzen duten pertsonei eragingo.
Debekua errespetatu ezean, arau-hausleak 40 eta 240 euro arteko isuna jaso dezake.
Lombardiako hiriburuan 2021etik debekatuta zegoen berdegune publikoetan erretzea, salbu eta posible zenean hamar metroko segurtasun tartea errespetatzea, haurrentzako jolasguneetan, autobus geltokietan eta taxi geltokietan, baita kirol instalazio guztietan ere. 2025eko lehenengo egunetik aurrera, baina, hiriko espazio ireki guztietara zabaldu da debekua.