Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Hugh Grant inoiz ikusi ez bezala

‘HERETIC’
AEB, 2024. 110’. Zuzendaritza eta gidoia: Scott Beck, Bryan Woods. Aktoreak: Hugh Grant, Sophie Thatcher, Chloe East, Elle McKinnon. Musika: Chris Bacon. Argazkia: Chung Chung-hoon.

Hugh Grant aktoreak lan harrigarria egiten du ‘Heretic’ filmean.
Hugh Grant aktoreak lan harrigarria egiten du ‘Heretic’ filmean. (A24)

A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilupean ‘Heretic’ estreinatuko da ostegun honetan; urte hasieran gehien espero den beldurrezko filma da.

Azken Egunetako Santuen Mugimenduko (mormoiak) kide diren bi neska gaztek, etxez etxe beren fedearen berri ematen ari direla, okerreko atea joko dute: Reed jaunarekin (Hugh Grant) egingo dute topo. Hortik aurrera katuaren eta saguaren arteko jolas ilun eta makabro batean harrapatuta geratuko dira.

Ia film osoan zehar hiru pertsonaia horiek ageri dira soilik, eta horien rola jokatzen Hugh Grant, Sophie Thatcher eta Chloe East aktoreek. Guztiek lan aparta egiten duten arren, bereziki deigarria da Grantek egiten duena; komedia erromantikoetan edota tonu arinagoa duten filmetan ikusten ohitu gara eta ‘Heretic’ filmean orain arte ikusi ez bezala ageri da: iluna, beldurgarria, maltzurra, makabroa..

Pelikularen zuzendariak Scott Beck eta Bryan Woods dira, John Krasinskirekin batera ‘A Quiet Place’ beldurrezko sagaren gidoilariak.

Arrakastaren bidetik. Ikusle zein kritikarien artean arrakasta itzela lortzen ari den filma da. 44,5 milioi dolar inguru bildu ditu mundu mailan eta hainbat sari jaso ditu, bereziki Hugh Granten antzezpen lanagatik: Urrezko Globoetan eta Critics' Choice Awards sarietan Gizonezko Aktore Onenaren sarirako izendatu dute.