NAIZ

Sendo jokatuz eta asmatuz, Jaka eta Imaz 22-17 gailendu dira Altuna eta Arangurenen aurka

Partida oso berdindua izan da, amaiera arte. Orduan Jaka eta Imazek zazpi tanto jarraian egin baitituzte eta uneotan Binakako Txapelketan beren arerio zuzenak diren Altuna eta Arangureni kolpe latza eman diete Eibarko Astelenan.

Jaka pilotari astintzen, Altuna eta Arangurenen begiradapean
Jaka pilotari astintzen, Altuna eta Arangurenen begiradapean (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Orain arte Txapelketan erakutsitakoari begiratuta, ez Altuna III.a-Aranguren ezta Jaka-Imaz ere ez dira ondoegi jokatzen ari. Horregatik daude taularen erdialdean, gaizki ari diren bikoteen gainetik, baina benetan ondo ari direnetatik urruti. Horregatik zen garrantzitsua gaurko partida, besteak beste.

Baita elkarren aurka jokatzen ari direlako oraingoz bi bikoteak. Alegia, leihaketak aurrera egin ahala, gogoan hartzen dituzun partida horietakoa izan daiteke gaur Eibarko Astelenan Altuna III.a-Aranguren ezta Jaka-Imazek jokatu dutena.

Lehendabiziko sakea urdinen alde erori arren, Altuna hasi da egurrean, jarraian hiru tanto eginda, airez azkar eta zorrotz jokatuz. Irabazteko zuen gogoa hasieratik erakutsi du amezketarrak, ondo jokatuz, arriskatuz eta pasioa erakutsita. Jaka, ordea, ez da kikildu, eta sakea berreskuratu du, hirutara berdindu eta baita aurretik jartzeko ere.

Altunak txokoan utzitako dejada batekin launako berdinketa eskuratu du. Imaz eta Jaka aurreratu dira berriro, baina Altunak bi-pareta izugarria eginez berdindu du berriro partida. Hurrengo bi tantoetan urdinak jarri dira aurretik, baina Altunaren bigarren bi-pareta batekin berdindu dute gorriek.

Atzean, Aranguren aurreko partidetan baino sendoago ibili da, eta Imazek bere maila erakutsi du, serio eta indartsu jokatuz. Aurrean, nor baino nor ibili dira Altuna eta Jaka. Altuna asko sartu da jokoan eta bere dohainak erakutsi ditu behin eta berriz. Jaka ez da atzean geratu, eta gantxo eta boleekin eman dio erreplika arerioari. Ondorioz, partidan zehar, berdinketa izan da nagusi. Lan erdiak egin orduko, 12-11 zegoen markagailua, Jaka eta Imazen alde.

Horrela joan dira, bata bestearen atzetik, gehienetan tanto batengatik irabazten urdinak, bolada txikiak uztartuz. Halere, 14an geratu dira urdinak iltzatuta eta gorriek hartu diete aurrea. 17-15 tantoa izan da partidako tantorik gogorrena eta, ziur asko, erabakigarriena. Atzelarien arteko lehia bizia izan da tanto horretan, eta azkenean urdinen alde erori da, aurretik pilota asko eraman ondoren, Arangurenek ezin izan duelako Jakaren pilotakada gogorra jaso.

Imaz ere ausartu da bi arerioen tartean pilota zital bat uztera orduan, sasoia eta konfiantza erakutsita. Horren ondoren, berdinketa lortu dute urdinek, Jakaren sakeari esker. Eta hortik aurrera gora begira jartzera pasa dira urdinak, jarraian zazpi tanto egin eta irabazteraino.

Orokorrean, partida ederra izan da, bi bikoteak ondo uztartuta azaldu direlako, atzelariak sendo aritu direlako eta aurrelariak zorrotz ibili direlako, pilotazaleei tanto bikainak eskainiz.

Bihar amaituko da Binakako txapelketaren zazpigarren jardunaldia, eta lehiaketa luze joango den arren («play-off»-ak otsailak 20an hasiko dira), orain egiten diren lanak eta lortzen diren emaitzak erabakigarriak izango dira aurrera begira. Bi bikoteek zuten hori argi Astelenan kantxaratu direnean. Jakak eta Imazek gaur lortutako puntua urrea balio dezake ibilbide horretan.

Horrexegatik, «bai edo bai irabazi beharreko partida zen gaurkoa, aurkari zuzenak direlako» eta garaipena «pauso txikia, baina aurrerapausoa» dela baieztatu du Jakak partida amaieran.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a-Aranguren: 17.

Jaka-Imaz: 22.

Pilotakadak: 467. Iraupena: 60,17 minutu. Lehendabiziko sakea: urdina, Jakaren esku. Markagailua: 3-0, 3-4, 4-4, 4-5. 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-10, 11-11, 11-13, 12-13, 15-13, 15-14, 17-14, 17-15, 17-22. Jokoan egindako tantoak: 12 Jokin Altunak,  0 Aitor Arangurenek, 11 Erik Jakak eta 3 Ander Imazek. Galdutakoak: 6 Jokin Altunak, 2 Aitor Arangurenek, 3 Erik Jakak eta 2 Ander Imazek. Gertakariak: Sarrera guztiak salduta eta giro aparta egon da Eibarko Astelenan. Kantari ibili dira bertara gerturatutako pilotazaleak. Aurreko partidan, Zubizarreta III eta Morgaetxebarria gailendu dira 22-19 Egiguren V eta Bikuñaren kontra.

Zazpigarren jardunaldiari bihar emango diote amaiera Azkoitian. Bertan, Ezkurdia-Rezusta liderrak bigarren diren Laso-Iztuetaren aurka arituko dira.