Wilsooon!
Indiana Jonesen txapela, Jumanjiren jokoa, Star Wars-en argi-ezpatak, Eraztunen Jaunaren eraztuna, ‘Psicosis’ filmeko labana, Hannibal Lecterren muturrekoa eta abar. Objektu eta elementu ikoniko ugari jaio dira zinemaren baitan, baina bada berezia den bat.
Zutabe hau idazteko inspirazio bila nenbilela albiste honekin egin dut topo: ‘Cast Away’ (‘Naufrago’) filmak 25 urte beteko ditu aurten. XX. mendeko Robinson Crusoe baten gisa, hegazkin istripu baten ondorioz uharte batean galdurik gelditu den gizon bati buruzkoa, bakardadean, bizirauteko burutu beharko duen borroka ardatz duen film zoragarria da. Chuck Noland protagonista nagusiaren rola Tom Hanks-ek maisuki jokatzen du. Une gogoangarri ugari ditu filmak, baina isolamenduaren eta adiskidetasunaren sinbolo gisa bertan ageri den elementurik ikonikoena Wilson pilota da. Nolandek hegazkin istripuaren hondakinen artean aurkitzen duen boleiboleko baloia da, eta bakardadeari aurre egiteko irudizko lagun gisa erabiltzen du.
Objektu horrek izan zuen eragina itzela izan zen: Estatu Batuetako Kritika Zinematografikoaren sarietan objektu bizigabe onenaren saria jaso zuen adibidez. Gainera, markak berak onartu du kontratatu dituen kirol izarretako batek ere ez duela Wilsonen arrakasta zifrarik lortu –tartean Michael Jordan eta Pete Sampras tenislaria zeuden, beraz pentsa–.
Wilson kultura zinematografikoaren ikurrik ezagunenetako bat bihurtu zen eta bildumagileen artean objektu gutiziatuenetako bat: filmatze lanetan erabili ziren hiru baloietako bat enkantean saldu zen 15.000 euroren truke.
Pantailan ikusten dugun objektu arrunt batek gurekin konektatzeko duen eragina harrigarria da, ezta?