Elgoibarko Mintxetako zelaia prest dago Juan Muguerzaren oroimenean 1943az geroztik urtero ospatzen den kroserako. Igandean, hilaren 5ean jokatuko da eta 20 herrialdeko atleta ariko dira Mintxeta baserriaren inguruko zirkuituan gora eta behera. Horien artean, nor eta «jainkosa» bat, alajaina! Hala azaldu du bederen ostegun eguerdi honetan egin duen aurkezpen ofizialean Zigor Diez, Mintxeta Atletismo Taldeko presidenteak eta lasterketaren zuzendariak. Izan ere, Beatrice Chebet izango da Elgoibarren igande eguerdian distira gehien egingo duen izarra igandean.
«Juan Muguerza Krosaren 81 edizioetan, lehenengo aldiz lortuko dugu aurreko urteko irabazleak, bai gizon zein emakume, lasterketan berriro elkartzea. Beatrice Chebet da une hauetan atletismo munduko izarrik distiratsuena. Iaz, aurrez birritan podiuma zapaldu eta gero, Elgoibarren irabazi zuen urtarrilean; martxoan kroseko Munduko Txapelketa eraman zuen; ‘Diamond League’ delakoa ere eraman du, 5.000 eta 10.000 metroetan Olinpiar Jokoetan urrezko domina jantzi zuen. Beatrice gurekin berriz ere izatea; bai berak eta bai guk esfortzu handia egin dugu halako atleta bikain bat... jainkosa bat esango nuke, gurekin berriz ere izan dadin», onartu du Zigor Diezek, atletarekin txundituta.
«Elgoibarkoa oso lasterketa gogorra da; zirkuituko gogorrenetakoa. Gorabeheraz beteta dagoen ibilbidea dauka eta sarritan euria egiten du... Baina benetan oso gustura etortzen naiz hona, Munduko Txapelketara begira mailarik onena hartzeko lasterketa aproposa baino aproposagoa baita», adierazi du Beatrice Chebet berak, aurkezpenari ginga jartzeko. Eta areago, «aurten ere irabaztera nator» esan duelarik.
Senior kategoriako lasterketa biak ETB-1ek zuzenean emango ditu eta ikusteko modukoak izango dira: 12.35etan emakumeen senior kategoriako lasterketa eta 13.15etan gizonezkoena.
Beatrice Chebet Kenyako atletak aurkaririk izango badu, Etiopiako Melknat Wudu –5.000 metroetan 20 urtez azpiko munduko txapeldunordea– eta Burundiko Francine Niyomukunzi –Zornotzako krosean irabazle eta 5.000 eta 10.000 metroetan finalista olinpikoa– izango dira Chebet handiari itzal egitera deituriko bi arerio nagusienak.
Gizonezkoen artean ere Elgoibarren iaz garaile atera zen Berihu Aregawi etiopiarra nabarmendu behar da. Honek ere Elgoibarren denboraldi bikainari ekin dion: zilarrezko domina Munduko Kros Txapelketan, 2023ko emaitza berdinduz, 10.000 metroetako final olinpikoan bigarren eta ‘Diamond League’ko irabazlea.
Aurkari aski ezagun bat behintzat izango du Aregawik. Hain zuzen, iaz Mintxetan garaipenaren lehian hurbilen izan zuen Rodrigue Kwizera Burundiko atleta aurten ere Elgoibarren izango baita. Mintxetara itzuli aurretik Zornotzan, Atapuercan eta Sorian garaile izan da denboraldi honetan Kwizera.
Horrez gain, Samuel Firewu etiopiar gaztea, 2005ean jaiotakoa, podiumaren lehian ibiliko da, krosean debuta egin behar badu ere. 3.000 metro oztopoetako proban Olinpiar Jokoetan seigarren amaitu zuen eta distantzia horretako inoizko bosgarren denborarik onena eginda dator Firewu.
Hiru omenaldi
Senior mailako lasterketez gain, igande goizko 9.30etatik aurrera kategoria ezberdinetako probak jokatuko dira Mintxetan; orotara 900 korrikalari inguru bilduko dira. Aurtengo ekitaldian, bestalde, hiru omenaldi antolatu ditu Mintxeta Atletismo Elkarteak.
Aurrenekoa lasterketa bezperan izango da, korrikalariei egin ohi zaien harrera ekitaldian. 2011. urteaz geroztik Elgoibarren hutsik egin gabe izaten den Belgikako selekzioa omenduko da lehenbizi, gazte mailetako atletismoaren alde egiten duen lanagatik.
Igandean izango dira beste bi omenaldiak. Juniorren lasterketa martxan ari den bitartean Mintxeta Atletismo Taldeko beteranoak omenduko dituzte, aurten 20 urtetik gorako lanaren ondotik, batzuek beren partaidetza amaitutzat ematea erabaki dutelako, jakinean beraien lekuan belaunaldi gazteago bateko kideak sartu direla.
Azkenik, gizonezkoen senior lasterketari ekin aurrerik 2024an zendutako Mariano Haro eta Carmen Valero atletak omenduko dira. Biek ala biek 70. hamarkadan Elgoibarren, Lerungo ibilbide zaharrean, garaipena behin baino gehiagotan eskuratu zuten –birritan Valerok, bost aldiz Harok– eta hargatik Mintxeta Atletismo Taldeak krosaren aurtengo ekitaldiko kartelean beraien irudia jartzeaz gain, Mintxetako atletismo pistan azken agurra emango die.