Aurtengo palako Buruz Buruko Txapelketa handian lehiatuko diren hamar palistak –bederatzi, egia esan– bildu dira ostegun honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bertan jokatuko dira txapelketako neurketa guztiak eta txapela otsailaren 7an banatuko zaio txapeldunari.
Hamar palistak bi eskaileretan daude banatuta. Lehengoan daude Maldonado, Ibai Perez, Gaubeka, Gordon eta Alkorta. Bigarrenean, berriz, arituko dira Urrutia, Necol, Fusto, Madariaga eta Del Rio.
Lehia ostiral honetan bertan hasiko da, 19.15ean hasiko den jaialdian. Bertan, lehenengo kanporaketan, Del Rio eta Madariaga arituko dira, alde batetik; eta Gordon eta Alkorta, bestetik.
Hilaren 10ean, berriz, bigarren kanporaketa bat jokatu beharko dute. Bertan, ostiral honetako garaileak (Del Rio edo Madariaga) Fusto izango du aurkari; eta Gordonek edo Alkortak, aldiz, Gaubekaren aurka aritu beharko du.
Ondoren, finalerdietako ligaxkari emango zaio pauso. Lehehengo jardunaldia hilaren 17an jokatuko da. Bertan Urrutiak eta Maldonadok tokia dute ziurtatuta. Lehenengoak Fusto, Del Rio edo Madariaga izango du aurkari. Maldonadok, berriz, Gaubeka, Gordon edo Alkortaren aurka aritu beharko du.
Hilaren 24an finalerdietako bigarren jardunaldia jokatuko da. Necolek eta Ibai Perezek, hilaren 17ako galtzaileak izango dituzte aurkari. Azkenik, ligaxkako hirugarren jardunaldia hilaren 31n jokatuko da. Necolek eta Ibai Perezek hilaren 17ko irabazleak izango dituzte aurkari.
Esan bezala, otsailaren 7an jokatuko da 3. eta 4. posturako lehia eta baita final handia ere. Jaialdi hau 19.00etan hasiko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan.