Randstad giza baliabideen aholkularitzako enpresa globalak ostegun honetan argitaratutako kontratazio aurreikuspenen arabera, 2025eko urtarrileko eta otsaileko merkealdi kanpainan zehar 12.000 kontratu inguru sortuko dira Hego Euskal Herrian merkataritza, garraio eta logistika sektoreetan.
Lurraldeka, Bizkaian 4.180 kontratu sinatuko dira, 2024an baino %21,7 gehiago (3.435); Araban 2.155 sinatzea aurreikusten da, 2024an baino %20,4 gehiago (1.790); eta Gipuzkoan 3.115 lanpostu gehiago beteko dira, aurreko urtean baino %13,5 gehiago (2.745). Nafarroan 2.480 kontratu berri izango dira, 2024an baino %16,7 gehiago (2.125).
Estatu espainiarreko aurreikuspenekin alderatuta, zifrak oso antzekoak dira; izan ere, aurreko urtean baino %19,8 kontratazio gehiago egitea espero da. Guztira, 172.450 kontratazio espero dira. Kataluniak (31.400), Andaluziak (28.280) eta Madrilgo Erkidegoak (28.025) sortuko dituzte kontratazio guztien %51.
Jesu Fernandez Lima Randstad Iparraldeko Aldi Baterako Laneko zuzendariak adierazi duenez, «e-commerce delakoaren gorakadak eta kontsumo ohitura tradizionalagoetara itzultzeak merkataritza jardueran gorakada eragingo dute merkealdi kanpainan zehar». Jokabide horri esker, «funtsezko sektoreak, hala nola garraioak eta logistikak, enpleguaren hazkundean liderrak izan daitezke».
Kanpaina honetarako gehien eskatzen diren profilak paketatzaileak, eskorga gidariak, biltegiko langileak, garraiolariak, saltzaileak eta bezeroen arretarako langileak dira, Randstadek ohar batean azaldu duenez. Gainera, gehien baloratzen diren trebetasunen artean, gaitasun digitalak menderatzea nabarmentzen da, hala nola tresna eta plataforma teknologikoak.
Facua eta OCUren gomendioak
Merkealdiak datozela eta, Facua kontsumitzaileen elkarteak kontrolak areagotzeko eskatu die agintari autonomikoei, iruzurrak eta gehiegikeriak saihesteko. Aldi horretan gertatzen diren irregulartasunek, hala nola deskontu faltsuek, kontsumitzaileei iruzur egiten dietela eta benetako beherapenak aplikatzen dituzten establezimenduekin lehia desleiala egiten dutela azpimarratu du.
Salatu du saltoki batzuek aurreko egunetan prezio igoerak aplikatzen dituztela,eta, ondoren, jaitsi egiten dituztela eta beherapen gisa iragarri. Beste batzuetan karteletan benetako deskontuak baino zifra askoz ere handiagoak iragartzen dituztela ohartarazi du. Azkenik, aurretik salgai egon ez diren produktuak beherapen gisa iragartzen dituzten saltokiak daudela ere salatu du Facuak.
Erosketetan arazorik ez izateko, OCUk arreta eskatu die kontsumitzaileei, haien eskubideak eta establezimenduek bete behar dituzten nahitaezko baldintzak ezagut ditzaten, hala nola egungo prezioa eta merkealdiaren aurrekoa ondo zehaztea.
Era berean, OCUk merkealdian artikuluak erosi aurretik aldaketen eta itzulketen politika egiaztatzea gomendatzen du. Halaber, gogorarazi du erosketa tiketa gordetzea dela gako garrantzitsuenetako bat, erositakoa aldatu, erreklamatu edo berme guztiekin itzulketa bat egin ahal izateko.