Red Ted
Egun batzuetako etenaldiaren ostean atzo gauean etxera itzuli eta Mila Idiakezen heriotzaren berriarekin oheratu ginen. Horrelako militante emankorraren heriotzak sortutako zirrara joan gabe, deia berriz gaur goizean Beal Feirstetik. Padraig lagunak Ted Howell, Red Ted, zendu dela esan digu.
78 urterekin joan zaigu Ted. Berak mugimendu errepublikarrean atzeko atetik sartu eta berdin alde egin nahi zuela zioen, ixilik, zarata eta handikeriarik gabe, ez baitzen ekitaldi, elkarrizketa, argazki eta irudi zalea. Diskrezioa zen bere dohainetako bat, ez handiena ordea. Errepublikar amorratua, aurrerazalea, eskuzabala, internazionalista benetakoa eta gaitasun politiko estrategiko izugarrizkoa zen Ted. Lagunen lagun leiala. Eta gustukoa edukiko ez balu ere, barka diezadala bere heriotzaren berri jasotzen duen idazki hau argitaratzeagatik. Umore garratz sendokoa zen ere eta ulertuko luke, gaur bederen, nahi dudana egitea, bere iritziaren aurka bada ere.
Ez da hilabete berarekin Andersontowneko jatetxe batean bazkaldu nuela. Irlandan ezagutu dudan mokofin bakanetakoak Temple jatetxean bazkaltzera gonbidatu gintun, «kasu, tenplua deituta ere jateko leku bat, ez kontu erlijiosorik» bere esanetan. Arrain zopa bikain bat, ardo zuria eta whisky bat bazkaria amaitzeko, Euskal Herria, Portugal, Aljeria edota AEBko kontu zaharrak astintzen genituen bitartean, bai eta egungo politika noski, ardo eta janarien inguruko solasaldiak tarteko. Mokofina izateaz gain sukaldari bikaina zen Ted eta bere etxeko sukaldea kontu serioa zen. Confit du Canard edo bonito latak eta Errioxako ardoa gustura asko jasotzen zituen (serious stuf). SFen negoziaketa taldeko sukaldari ofiziala zen Padraic Wilsonekin batera. Red Ted negoziaketen sukaldaria izan baitzen zentzu zabalean.
Bizi osoko errepublikar askok bezala gertaerez beteriko bizia izan zuen Tedek. Asko latzak, asko umorez beteriko anekdotak. Eta irlandar askapenerako borrokan berebiziko papera izan du. Ez naiz horretaz arituko ordea, ez baitagokit. Irakurleak merezi du ordea euskal nazio askapenerako borrokaren lagun handi bat joan dela jakitea. Gure herri txiki honek ez du lagun askorik eta horrelakoak doazenean merezi dute gure eskertza.
70eko hamarkadatik izan zuen Tedek euskal askapen mugimenduarekin harremana eta gure herriaren makina txoko ezagutzen zituen, bai eta jada joanak diren hainbat burkide eta lagun. 2003 urtetik aurrera askapen mugimendua gatazkaren konponbidea negoziaketa bidez enegarrenez lortzen saiatu zenean Ted hor egon zen ere, beti laguntzeko prest. Esperientzia eta ezagutza partekatzeko prest, inolako handikeriarik gabe, xume, herri bakoitzak bere bidea aurkitu behar duenaren jakitun. Ez zegoen inoiz bere hitzetan inolako epairik, iritzia izanik ere, jakin baitzekien askapen bideen gordintasunaz. Genevako elkarrizketak izan zirenean han egon zen bere esperientzia partekatzen, baita Oslon ere ETA erakundeko delegazio bat Espainiar Gobenuaren zain zegoenean, edota Aieteko konferentzian bertan, Gerry Adamsekin batera. Bera izan zen ere George Mitchell, Jimmy Carter eta hainbat errepublikar kongresista mugitu zituena adierazpenaren alde, espainiar diplomaziaren aurkako ahaleginak saihestuz. Beti hor, denean laguntzeko prest. Zintzo, egin zezaketena eta egin ez zezaketena argiki azalduz, egiazko lagunek egin ohi duten moduan.
Ted pozik zegoen EH Bildu lortzen ari zen emaitzekin, nahiz jakitun izan bidea oraindik ere oztopoz eta zailtasunez beterik egongo dela. Beti galdetzen zuen presoei buruz eta mugimenduaren kohesioaz. Bazekien zer zen eraldaketa sakonean murgildua egotea. Irlandako azken emaitzak zirela eta ondorengoa izan zen bere wassap mezua: «Seguraski ezaguna egingo zaizu emaitza. Oraindik ere boxeoko ringean eta ahal bezain gogor jotzen».
Bere azken mezua abenduaren 22koa zen, Palestinari buruz. «Paris/London eta Berlinek ez digute entzungo baina Palestinaren alde jarraitu behar dugu».
Gaur joan egin zaigu eta atzeko atetik joateko asmoa izan badu ere hutsune bete ezina utziko du Irlandan, Euskal Herrian eta beste hainbat munduko lekutan. Baita gure bihotzean ere. Brón mo chroi. Egun handirarte Ted. Slan go foil mo chara.