Oro har, eskaladak ez du denboraldi zehatzik. Berdin dio urte-sasoia zein den; izan ere, bakoitzak aukera ematen du kirol praktika hau aurrera eramateko. Muturreko zailtasunean jarduten dutenek ere, urtaro batean edo besteak baldintza egokiak aurkitzen dituzte azpimarratzekoak diren eskaladak egiteko.
Urtearen amaiera zein hasiera horren isla izan dira. Bederen, sokarekin ahantzi egiten diren bi disziplinetan hori gertatu da: boulderrean eta psicoblocean. Boulderrari dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetara egingo du jauzi. Coloradoko Thunder Ridge eskualdean Nathaniel Coleman protagonista izan dugu. Tokioko Olinpiadetan zilarra irabazi zuen eskalatzaile honek ‘No one mourns the wicked’ blokearen lehen igoera sinatu du. Proiektu honen atzetik hainbat espezialista egon dira azken asteotan. Baina diogunez, Coleman ohore horrekin egin da. Haren ustez, gainera, 9a maila du.
Helburu horri dagokionez, aurreratu behar dugu ‘Defying gravity’ blokearen (8c) adar bat dela. Horrekin esan nahi dugu, estatubatuarrak 8b mailako tarte bat (eserita hasten dena) gehitu diola irteeran dagoen 8c zailtasuneko mugimenduari. Munduan dauden boulderreko mugimenduen artean, azken hori zailenetakoa omen da. Hortaz, ‘Defying gravity’-ren giltza da.
Horrek guztiak, jakina, Colemanek osatu duen puzzle berria ondo kudeatzea eskatu du; izan ere, 8c mailako giltzara nekatuta ez heltzeak berebiziko garrantzia du.
Eskalatzaile estatubatuarrak berak zintzilikatutako bideoan bikain ikusten da ‘No one mourns the wicked’-en egin duen prozesua. Duela urtebete, gai izan zen 8c mailako muturreko mugimendu hori zutik sinatzeko: «Eskalatu ditudan boulder guztiak kontuan izanda eta modalitate honen historiari begiratuta, mugimendu hori bakarra da. Ikusgarria alde guztietatik begiratuta! Mugimendu aleatorio horri 8b mailako tarte bat gehitzea ia pentsaezina zen. Hori guztia ulertzeko, beste hamalau saio behar izan ditut. Bi sekzio horiek lotzeko planifikazioa ezinbestekoa izan da».
Esan dugun bezala, boulder horrentzat Colemanek 9a maila proposatu du. Proposamena besterik ez da, baina probatu dutenek baieztatu dute zailtasun hori duela. Beraz, azken bloke hori kontuan hartzen badugu, hamar dira munduan zehar dauden 9a zailtasuneko boulderrak. Horietako batzuek, ‘No one mourns the wickde’-ek bezala, soilik igoera bakarra dute.
Mallorca
Bestalde, uharte horretan psicobloca sortu zenetik muturreko zailtasunak berezko izen bat izan du: Chris Sharma. Herrialde Katalanetan bizi den eskalatzaile estatubatuarrak hemezortzi urte daramatza ekarpenaren bidean. Maila gorenari dagokionez, Sharmak sortu eta sinatu ditu zirrikitu zailenak: ‘Es Pontas’, ‘Alasha’, ‘Big Fish’… Den-denak, 9a mailakoak eta gorakoak.
Gogoratu behar dugu, boulderrean bezala, psicoblocean ez dela sokarik erabiltzen. Baina bata eta bestearen artean alde handiak daude. Boulderrean erorikoak koltxonetekin babesten dira. Psicoblocean, aldiz, itsasoa da eroriko hori ‘eutsiko’ duena.
Joan den abenduaren 19an, Sharmak Mallorcako itsasertzeko zirrikitu gogorrenetakoa sinatu zuen: ‘Vision Quest’. Lehen igoera horrentzat 9a proposatu du: «Azken sei hilabeteotan proiektu horretan buru belarri ibili naiz. Denera, hogeita hamar egun ezberdinetan makina bat ekinaldi egin ditut. Eta onartu behar dut oso harro nagoela eginiko lanarekin eta lortutako arrakastarekin. Gorabehera ugari izan ditut, baina, zorionez, ‘Vision Quest’ biribiltzea lortu dut. Ez du zalantzarik; psicobloceko ibilbide ederrenetakoa izateaz gain, inoiz eskalatu dudan marra zailenetakoa da. Bitxi hau nire ibilbidera gehitzea ederra izan da oso. Abenduko amaiera honetan izan dugun hotzak intentsitatea eman die saioei. Bederen, urtea era goxo batekin biribildu dut».

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

Dimite el portavoz del PSN en Lizarra, Fran Moleón, por irregularidades con una tarjeta

1978tik 2011ra Estatu indarkeria pairatutako zazpi lagun gehiago biktima gisa onartu dituzte

El PP de Donostia escenifica su repulsa a que la torturada Sandra Barrenetxea sea concejala
