NAIZ

Atargi eskolako guraso elkartea irakasle baten jarrera «onartezina» dela eta mobilizatuko da

Atarrabiako Atargi Herri Eskolako Ikasleen Guraso Elkarteak mobilizazioa deitu du, irakasle batek ikasleenganako agertutako tratu «iraingarria» dela eta. Hezkuntza Sailari galdegingo diote konponbide bat bilatu dezala, asteartean manifestazioa eginda.

Atarrabiako Atargi eskola.
Atarrabiako Atargi eskola. (GOOGLE STREET VIEW)

Atarrabiako Atargi Eskola Publikoko Gurasoen Elkartea haserre agertu da Lehen Hezkuntzako irakasle jakin bat oporren ostean ikastetxera itzuliko dela jakin ostean. IGEak jakitera eman duenez, irakasle horrek «salaketa ugari jaso ditu Hezkuntzaren aurrean, tratu onartezin eta iraingarriagatik», eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Guraso elkarteak salatu du hainbat haur direla irakasle honen tratu «iraingarria» pairatu behar izan dutenak eta «ondorio emozional eta psikologiko esanguratsuak» izan dituela haiengan, hala nola, «antsietatea eta beldurra». Funtsezkotzat jo dute umeak entzutea eta berehalako neurriak hartzea «haien ongizatea eta babesa bermatzeko».

Urtarrilaren 7an, hots, datorren asteartean mobilizatuko dira. Manifestazioa 11.30ean abiatuko da Iruñeako Errekoleten plazatik eta Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean bukatuko da. Halaber, hurrengo egunean ez dituzte seme-alabak eskolara eramango, «eskola-greba» egingo baitute. Era berean, urtarrilaren 9tik aurrera ikasleak irakasle horren eskola orduetatik ateratzeko antolatuko direla iragarri dute.

Guraso elkartearen aburuz «onartezina» da euren seme-alabak «mehatxatuta sentitzen diren eskola ingurune batera itzuli behar izatea». Hori dela eta, Hezkuntza Sailari neurriak har ditzan galdegiteko antolatu dituzte mobilizazioak.