EZKURDIA-REZUSTA 22
ELORDI-ZABALETA 16
«Bagenuen gogoa aurreko eguneko itxura txarrari buelta emateko!» Adierazi du Joseba Ezkurdiak Bilbon Elordi eta Zabaletari, Ezkurdiaren beraren eta Rezustaren atzekoz aurrerako lan bikainari esker 22-16 irabazi ostean.
Eibarren, Urte Berri egunean, 4-0 irabazten hasi eta 6-22 galdu zuten Laso eta Iztuetaren aurka, 2-22ko partziala jasota. Larunbat honetan, aldiz, 1-7 galtzen hasi badira ere gorriak, lana beltz egin eta gero, eta urdinek, Elordik bereziki, behar baino pilota gehiago galdu ondotik, 21-9ko partziala sartu eta garaipena erdietsi dute. Eta hori gutxi ez eta, behin behineko lidergoa ere berreskuratu dute. «Bikote gogorra osatu dugu», azpimarratu dute, berdin Arbizukoak zein Bergarakoak ere.
Hala ere, Elordi eta Zabaleta Bilboko Deportivon egunero aritu izan balira bezain eroso aritu dira aurreneko tantoetan, nahiz eta bertan jokatu duten aurreneko aldia izan. Palaz jokatzeko pentsaturiko frontoian ez dira sarri izaten eskuzko jaialdiak, are gutxiago Binakako Txapelketako partidak. Rezusta eta Zabaleta ere jotzaile handiak badira ere, Zabaletaren agintearen pean 1-7 galtzen hasi dira Arbizukoa eta Bergarakoa.
Izan ere, Zabaletak gogor jo badu ere, aurrean artista lanak egoki bete ditu ere Elordik aurreneko tanto horietan. Gorrien tanto bakarra lortzeko Ezkurdiari kontraerasorako aukera eman dion erremate eskas bat kenduta, Mallabikoak osterantzean aurrelari nafarra dantzan erabili du. Horiek hala, 1-7koarekin partida etetea erabaki dute gorriek.
Atsedenak ez die kalterik egin Ezkurdia eta Rezustari, piloteoak Rezustak Zabaletarekin berdintzeko baino izan ez bada ere. Hala, harritzekoa bada ere, pare bat hutsegite kateatu ditu Etxarrengo atzelariak berak ere. Inurriak bailiran, 5-8raino hurbildu dira gorriak, eta 6-8koa ere ez dute urruti izan, baina Elordik tantoari buelta ematen asmatu du eta sakea berreskuratzea ez ezik, urdinen pilota ateratzea ere lortu du Mallabiko aurrelariak.
Alde ederra bikote bataren edo bestaren alde pilota aldaketak! Gorriek nahikoa lan izan dute urdinen eraso erauntsia geratzeko, berdin aurrean zein atzean. Nolanahi, aukera izan duelarik, Ezkurdiak ere ez dio erasorako aukerari muzinik egin eta eskuin boleaz Elordiri lanak eman dizkio.
Eta ez lanak bakarrik, aldea murriztea ere lortu du, naiz eta bikote urdina errematerako ez ezik, lanerako ere gertu izan den. Hala, aurreneko atsedenaldi luzerako markagailua 9-12 izan da, Elordik ezker gantxoz zabalean tantoa amaitu eta gero.
Xelebreak bezain bikainak
Pilotaleku berezia izaki, partida berezi xamarra izan da, non erasotik defentsara eta defentsatik erasora bikote biek tanto erdian pausoa eman behar izan duten. Ondorioz, tanto ederrak bezala, akats handiak ere berdin berdin ikusi dira.
Zentzu horretan, urdinek eraman arren jokoaren eta markagailuaren ekimena, akats horien bitartez gorriek eusteko modua aurkitu dute. Eutsi baino gehiago, Ezkurdiak atzean 12-14koa ezarri ostean, aurrez egurraren egurrez, Arbizukoak eta Rezustak Zabaleta berbera menpean hartzea erdietsi eta gero.
Bilboko Deportivon ez dago erreboteraino botatzerik, baina hori ez da arazo izan Rezusta eta Zabaletarentzat, biak ala biak jotzaile ikaragarriak, horratio! Hamargarren koadroan baztertzen den pilota baino dejada hoberik ez dago, pilotazale zaharrenek diotenez, eta hantxe sartu dio Bergarako atzelari ezkertiak Zabaletari, 13-14koa lortzeko. Eta atzean amaitutakoa gutxi ez balitz, ezkerrez bi hormakoa jota erdietsi du Rezustak 14nakoa, partidako aurreneko berdinketa, Elordiren dejada bikain antzeman eta gero.
Gorriek aurretik jartzea falta zuten, baina baita lortu ere! Elordiren tamalerako, eginda zuen tantoa txapapean errematatu duelako aurrelari bizkaitarrak. Nolanahi, Deportivoko harmailetan bildu diren 700 ikusleek txalo zaparrada ederrarekin erantzun dute. Ez horrenbeste markagailua 1-7 zela urdinen alde dirua harrika jokatu duten horiek, ziurrenik, jokoa ez dela errenta ahaztuta, akaso.
Elordiren gainbehera
Ezkurdiak txokoan moztuta, 16-14koa ezarri dute gorriek eta zortea ere aldeko jarri zaie, Elordik txokoan sekula hutsik egiten ez duen errematea txaparen aurka lehertu duelako. Ibilian ibilian, 8-0ko partziala lortu dute Ezkurdiak eta Rezustak, baina hain justu, partziala luzatzeko tantorik aproposenean, ezker sotamanoz zabalean amaituta –kanpora joango zelakoan Rezustak pasatzen utzi eta gero–, Elordik hautsi du urdinen bolada: 17-15. Baina urruti gabe etorri zaio buelta Mallabikoari: txapapera ahoko zuloan egindako errematea eta markagailua 18-15 gorrien alde azken atseden luzean.
Urte Berri egunean Eibarren erakutsi zuten ahultasuna erabat ahaztu dute Ezkurdiak eta Rezustak eta lana gogotik egitea egokituta ere, bikain osatu dute, eta Ezkurdiaren boleak Elordiri ezkerra aurkitu diolarik, erasorako bidea ere aurkitu dute. Artista baten pare egin ditu 20-15erainoko tantoak Ezkurdiak, aurrez Rezustak Zabaleta eta Elordi beraren pilotakada zaparrada eutsi ostean. Nolanahi, Arbizukoak berak beste aukera bat eman die zabaletik mozten hasi eta txapara botata: 20-16.
Baina Elordiren jokoak gainbehera egin du azken tantoetan eta kontrakantxara ihes egindako erremate batek garaipenaren atariak jarri ditu gorriak. Ataria ere gainditu dute hauek, urdinek elkar ulertu ez duten pilota bat Elordik eraman gabe utzi ostean. Eibarren aurrekoz atzera jokatu bazuten, Bilbon atzekoz aurrera egindako lanari esker garaipena eta lidergoa berreskuratu dute Ezkurdiak eta Rezustak.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 70.53 minutu. Pilotakadak: 617. Sakez tantoak: 0 Ezkurdiak eta 1 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 8 Ezkurdiak eta 2 Rezustak; 8 Elordik eta 2 Zabaletak. Jokoan galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 1 Rezustak; 8 Elordik eta 4 Zabaletak. Markagailua: 0-1, 0-4, 1-4, 1-5, 1-7, 2-7, 2-8, 5-8, 5-10, 7-10, 7-11, 9-11, 9-14, 17-14, 17-15, 20-15, 20-16, 22-16. Gorabeherak: Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko partida Bilboko Club Deportivo pilotalekuan, 700 ikusle inguru harmailetan bildu direlarik. Aurreneko sakea gorri eta dirua, urdin, 90-100.