«Idaztea eta bizitzea beti da bilaketa bat inperfekzioaren barruan»
Naufragioan amaitzen den bidaia da Leire Vargasen ‘Bihotz-museo bat’ poema-liburuaren abiapuntua. Naufragioaren ostean, besteekin harremantzeko saiakerak etorriko dira. Horixe da, hein batean, liburuaren funtsa: ondokoekin nola egon ikasteko itsas bidaia bat.
Zuri irakurritakoa da, sare sozialetan: «Irakurri liburua eta erabaki eraikitzea lortu dudana museoa edo trastelekua den».
Kontu guztiz subjektiboa da, begiradaren araberakoa. Historikoki baloratu diren gauzak nahiko arbitrarioak izan dira zentzu batean; izan ere, men egiten diote begirada hegemonikoari, museoaren kontrola duen horri, eta orduan, nik uste lanak baduela asmoa hasiera batean ahots poetikoaren begietan agian trastelekuan dauden gauza horiek erdigunera eramateko eta zalantzan jartzeko zer den gure bizitzan zentralitatea daukana.
Bai, zeren museoak eta trastelekuak, biek, balio dute gauzak gordetzeko, baina trastelekua ez dago erakusteko pentsatua, gordetzeko pentsatua dago. Liburu honek bi funtzio horiek bete ditu?
Trastelekuan gordetzen dugu ahaztu edo paretik kendu nahi duguna, eta museoan, aldiz, badago bilduma ontzen duen begirada bat, pertsona bat, borobiltasun edo perfekzio bat bilatzen duena erakusten ari den horretan. Alde horretatik, iruditzen zitzaidan garrantzitsua lanaren ‘trastelekutasuna’ adieraztea, ez delako aldarrikatzen ahots poetikoaren eta hark dioenaren perfekzioa, baizik eta kontrakoa. Aurreko liburuan [‘Dena ametsa den irudipena’, 2021, Elkar] gauza bera gertatzen zen: borrokan ari da ahots poetiko hori bere gizatasunarekin eta bere inguruarekiko beharrarekin (batzuetan mendekotasuna, beste batzuetan interdependentzia). Niretzat idaztea eta bizitzea beti da bilaketa bat inperfekzioaren barruan –perfekzioa ez dugulako inoiz lortuko–, aurrera egiten saiatzeko.
«onturatu naiz besteen begiradaren arabera idazten saiatzen naizenean inoiz ez dela lana izan daitekeen bezain ona, falta delako zintzotasuna»
Inperfekzio perfektu horren xarma, ezta?
Hori da.
Badago esaldi horretan beste hitz bat gakoa dena: eraiki. Zure bigarren poema-liburua da, beharbada aurrekoaren aldean eraikiagoa edo modu kontziente batean sortutakoa da. Hasieratik liburu izateko sortutako liburu bat?
Hasieratik liburu izateko sortutakoa izan denik ez nuke esango, aurrekoaren moduan poema zaharrenak –ez ordenan lehenengoak– sortu zirelako nire behar pertsonaletik, sentitzen eta pentsatzen ari nintzen hori nolabait kanporatzeko nahi batetik, baina bai gerora aritu naizenean forma ematen, haien arteko loturak bilatzen eta zerbait handiagoa eraiki guran –poema-liburu bat izan zitekeen zerbait, koherentzia bat izango zuena–, bai aritu naizela askoz modu kontziente eta kritikoagoan aurrekoan baino. Hori uste dut dela bien arteko desberdintasun nabarmenena. Ni beste leku batean nago, batez ere irakurle moduan, eta eraman nau beste kritikotasun bat edukitzera jasotzen dudan eta, beraz, sortu nahi dudan horrekiko ere.
Aurkezpenean esan zenuen liburu hau badela nolabait itsas bidaia bat, baina ez edozein itsas bidaia, helburu nahiko jakina duena: ondokoekin egoteko modu egokia bilatzea.
Bai. Abiapuntuan ahots poetikoa bilaketa desesperatu batean dago: iritsi aurretik ere guztiz idealizatuta daukan pertsona baten presentziaren eta boterearen beharrez dago, sentitzen duelako behar duela beste norbait bera osatuko duena, aterako duena bere behar egoera horretatik, eta horrek azkenean eramango du (lehen atalean gertatzen da ibilbide hau) menpekotasun egoera batera, non topatzen dituen bidaide horiek, bidean topatzen dituen pertsonak, egongo direnak bere gainetik bera kokatzen delako haien azpitik, nahi duelako nolabait salba dezaten bera eta irakats diezaioten nola egon, nola bizi. Horren ondorioz, halako batean amaituko du menpekotasun harreman batean. Maitasun erromantiko edo Disney maitasun hori lortzeko nahiak nora daraman ikusten duenean, saiatuko da hortik atera eta beste era batean eraikitzen harremanak, noski, aurretik bizitako guzti horren ondorengo hondarrak pairatu eta ordenatu ostean.
«Sorkuntzak ematen duen alde politenetako bat da jasotzen ari zaren hori norberarenera eramateko aukera, eta zu ere bihurtzeko agente aktibo autoretza horretan»
Lehen aipatu duzu zaila dela erabat koherentea izatea bat bere diskurtsoan. Zuri irakurritakoa da ere konturatu izan zarela behin baino gehiagotan nahi duzuna idazten aritu beharrean besteek irakurri nahi duten hori idazten ari zarela. «Bihotz-museo bat» liburu hau idazterakoan borrokarik izan duzu?
Paperean dagoena uste dut nik idatzi nahi nuena zela. Baina ez du esan nahi aurretik ez denik zirriborro asko eta asko etorri ez ditudanak hainbeste nire kezka, ezinegon edo nire formetan idatzi. Izan ere, uste dut badela ariketa sozial bat sorkuntza eta beti ari zarela besteekin elkarrizketan, eta, hizketan ari garenean den moduan, batzuetan lehentasun handiagoa ematen zaio entzuten ari denak entzun nahi duela uste duzun horri, zuk esan nahi duzunari baino. Eta kasu honetan ere, bai, gertatu zait.
Momentu batean eduki nuen zalantzan ipintzeko beharra nire ahotsa zein zen, nola kokatzen nintzen poesiaren bidez, zertaz idazten nuen. Agian gustatuko litzaidake beste gai batzuen inguruan idaztea edo izatea esplizituagoa, irmoagoa, baina uste dut izan naitekeela irmoa beste era batean ere, zuzena izan gabe, eta beste zentzu batzuetan badagoela zuzenekotasun handia lan honetan. Konturatu naiz besteen begiradaren arabera idazten saiatzen naizenean inoiz ez dela lana izan daitekeen bezain ona, falta delako zintzotasuna.
Esloganak bilakatzen zaizkigula, funts hori falta dutela.
Uste dut egin dezakedan ekarpen handiena izango dela ari naizenean niretik, sinetsita behintzat pertsona bat egongo dela poztuko dena nik bizi dudana partekatzeagatik; nik toki nahiko subalterno edo harrigarrietan topatu dut batzuetan identifikazio hori.
Askotan jasotzen ditugun eduki horiek hegemonikoak dira, baina estresagarria da norbere buruari ukatzea horiek gozatzeko nahia. Orduan, iruditzen zait garrantzitsua dela kritiko izatea gure begiradarekiko, baina aldi berean ikustea agian agerikoa ez izanda ere, eduki dezakeela balio politikorik. Adibidez, uste dut Taylor Swiftek baduela etiketa bat oso hegemonikoa, estatubatuar emakume zuri neoliberalarena, eta uste dut ez dagoela oker etiketa hori (nahiz eta ni bere lanaren oso zalea izan) baina aldi berean bere lanak eman dezakeela tartea analisi oso interesgarriak egiteko.
Esaterako, ikerketa lan pila bat egin dira azken urteotan bere lanak eduki dezakeen trasfondo safikoaren inguruan; hau da, ez-gizonen arteko harreman erromantiko edo sexu-afektiboek bere lanean eduki dezaketen tokiaren inguruan, eta ertz hori topatzea iruditzen zait interesgarria, nahiz eta agian saiatuko banintz ahalik eta disidenteena eta politikoki koherenteena izaten ideia jakin batzuekiko, seguruenik baztertuko nukeen guztiz.
«Modu nahiko anitzean ikusten dut nire burua eta ez dut uste hor geratuko naizenik; nahi dut nire ahots hori izan dadila zerbait aldakorra, ni aldatzen naizen moduan aldatuko dena»
Beharbada bi gauzak bateragarriak izan daitezke. Erabat ukazioan bizitzeak ere kontrako efektua sor dezake.
Bai, guztiz. Nik uste garrantzitsua dela topatzea zubiak, hizkuntzen edo kulturen artean topa ditzakegun moduan, irakurketetan ere. Ez edukitzea beldurrik egiteko irakurketa bat badakizuna agian autoreak ez lukeela partekatuko. Niretzat sorkuntzak ematen duen alde politenetako bat da jasotzen ari zaren hori norberarenera eramateko aukera, eta zu ere bihurtzeko agente aktibo autoretza horretan. Hori da ariketa bat nire egunerokotasunean oso presente dagoena eta nire lanean eragin handia daukana.
Azken batean, irakurle adina liburu baitaude.
Hori da ederrena. Nik behintzat pila bat eskertuko nuke nire lanarekin hala gertatuko balitz.
Atzera begirakoa oso presente dago lanean. Ze funtzio betetzen du idazketan?
Niretzat ezinbestekoa da. Askotan idazten dut, batez ere poesia, modu nahiko automatikoan, ideia batetik edo sentipen bati tiraka, eta unean ez naiz guztiz kontziente esan nahi dudan horretaz. Denbora bat pasata testura itzultzen naizenean konturatzen naiz zer zen sentitzen ari nintzen hori. Idazten ari naizen horretan argiago dago sentitzen edo pentsatzen dudana, nire buruan baino.
Hizkuntza bezala, poesia zuretzat naturala da. Gero eta definituagoa sumatzen duzu zure ahots poetiko hori?
Ba, ez dakit. Ze, bai, uste dut lan honetan hori badela alderdi bat nahi nuena zorroztu edo kontzienteki erabaki, ze tonutan nahi nuen aritu, nola lortu formak islatzea... baina ez dakit esango nukeen hori nire ahotsa dela edo lan honen ahotsa dela. Noski, badu nigandik, baina nik modu nahiko anitzean ikusten dut nire burua eta ez dut uste hor geratuko naizenik, baizik eta hori aurpegi bat dela, eta nahi dut nire ahots hori, baldin eta halakorik badago, izan dadila zerbait aldakorra, ni aldatzen naizen moduan aldatuko dena.