Caracasen azaroaren 28an sortu zen Internazional Antifaxistaren eratzean parte hartu zuten Euskal Herriko ordezkariek nazioarteko eragile honen Euskal Atala sortzeko deia egin dute.
Ohar batean, gogoratzen dutenez Internazional Antifaxistaren helburua «faxismoa, neofaxismoa, sionismoa eta antzeko adierazpenak garaitzea ahalbidetuko duen munduko egitura indartsua sortzeko oinarri sendoak ezartzea da».
Deialdia «Euskal Herriko aniztasun politikoaz jabetuta, eta borroka antifaxistan dagoeneko aktiboa dagoen erakunde edo mugimendu bat bera ere ordezkatu nahi izan gabe» egiten dutela nabarmendu dute.
«Abiapuntutzat hartzen dugu nazioarteko gorakada faxistak ongarritutako eremua duela Espainiako estatuan, erregimen frankistarekiko benetako haustura demokratikorik ez baitzen inoiz gertatu. Frantziako estatuak ere ez du erakutsi Euskal Herriarekiko errespetuzko jarrerarik bere aldarrikapen historikoetan. Horren aurrean, Euskal Herriak erresistentzia eta konpromiso antifaxista tradizio luzea du hainbat garaitan, eta hori ezin da gelditu, are gutxiago gaur egun», adierazi dute.
Indarrak batzea
«Gure helburua, beraz, faxismoari eta inperialismoari aurre egiteko ekimen zehatzen inguruan indarrak batzea izango litzateke, eta, aldi berean, mundu berri baten eraikuntzan dagoeneko aktibo dauden munduko beste leku batzuetako militante antifaxistekin harremanak sustatzea. Ez dezagun ahaztu gizateriaren etsaia den inperialismo dekadentearen aurrean, gero eta herri eta nazio gehiago ari direla beren subiranotasun, errespetu eta elkarrekiko laguntzako bideetatik igarotzen», gaineratu dute.
Datozen hilabeteotan Internazional Antifaxistaren Euskal Atala sortzeko urratsak emango dituztela iragarri dute.