«Kirol Kontseilu Gorenak bazkideak garela esatea besterik ez du izango»
Abenduaren 28an ikusi zuen ofizialtasunerako atea zabaltzeko zirrikitu bat Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, nazioarteko federazioak onartu zuelako. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak helegitea jarri dio erabaki horri, baina Gotzon Embil EEPFko lehendakariaren ustez ez du zer eginik.
«Kirol Kontseilu Gorenak bazkideak garela esatea besterik ez du izango»
Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Federazioa gehiengo argiarekin nazioarteko erakunde horretan eskubide osoko kide izateko eskaera onartu zuen joan den astean, Iruñean egindako batzarrean. Espainiako Pilota Federazioak helegitea jarri duela ohartarazi berritan, Naiz Irratian izan zen Gotzon Embil, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakaria. Baikortasunez begiratzen die hurrengo urratsei lehendakariak; hamarkadetan aldarri egin ostean «erabaki historikoa» iritsi delako pozarren erantzun ditu Naiz Irratiaren galderak.
Zalapartaz eta ika-mikaz harago, zer nolako balorazioa egiten duzu Iruñean hartutako erabakiaz?
Erabaki historikoa da; hamarkadak daramatzagu helburu horren bila eta Espainiako azken Kirol Legearen aldaketak baimentzen digu pausoa ematea. Eskaria egin genuen eta 2023ko uztailean Mexikon egin zen asanbladan saiakera bat egin zen, baina ez zen bozkatzera iritsi. Eta hurrengo asanblada abendu amaieran Iruñean egindakoa izan zen, bozkatu dute eta lortu dugu. Federaziotik oso gustura gaude lortu denarekin.
Urte luzeetako aldarria izan da. Zerk eragin du orain horrelako pausoa ematea?
Gehienbat Espainiako Kirol Lege berriak ahalbidetzen zuen eskaera hau egin eta onartua izatea. Aukera hori izanda, Nazioarteko Federazioak bere asanbladan bozkatzera eraman du; lana egin behar izan dugu nazioarteko federazioko bazkideak konbentzitzeko, azaltzeko zein onura ekarri ditzakeen Euskadiko Federazioa bertan izateak. Baina Espainiako Federazioa ez dagoenez prozesu honen alde, guk konbentzitzeko lan egin bezala, berak lan egin du beste federazio batzuekin kontra bozkatzeko. Azken asanbladan ikusi da gehiengoa, eta federazio handienak batez ere, gu sartzearen aldekoak direla.
Espainiako Pilota Federazioan behin behinean karguan den Julian Garcia Angulok hitz gogorrak izan ditu erabakiaz, helegitea iragarri du epaitegietan. Zein ibilbide izan dezake horrek?
Legearen aldetik uste dugu ez duela zer eginik. Ez dakit nondik joango den helegite hori, baina legeak baimentzen digu eta, beraz, ez dut uste hortik ezer egin ahalko dutenik.
Garcia Angulok-eta esaten dute azken asanblada ez dela garbia izan, Espainiak ezin izan duela bozkatu, baina hori ez da egia. Garcia Angulo presidentea zigortua zegoen sare sozialetan beste federazio baten kontra egindako adierazpen batzuengatik, baina zigor pertsonala zen; berak ezin zuen bozkatu, baina Espainiako Federazioak bai.
Bozkatzeko, ordea, zuzendaritza batzordeko norbaitek joan behar zuen asanbladara, eta zuzendaritzako kide bat joan beharrean langile bat joan zen eta, beraz, ezin izan zuen bozkatu. Hori beraien akatsa izan zen.
Xabier Cazabon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidente biarriztarrak esan du Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eman behar diola azken oniritzia.
Ez dut uste ezer egin ahalko duenik, guk eskaria egin genuenean Nazioarteko Federazioan esan genuen [Madrilen onartutako] Kirol Lege berriak onartzen gaituela, eta, beraz, eskaera egiteko pausoa emango genuela. Kirol Kontseilu Gorenak ez zigun erantzun ezin genuela hori egin, baizik eta gure prozesua jarraituko zutela. Legeak baimentzen digu, Nazioarteko Federazioak onartu gaitu; Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak bazkideak garela esatea besterik ezin du egin.
Eskubide osoko kide gisa onartzeak zer dakar, Euskal Pilota Federazioak nazioarteko beste edozein federazioren pareko ahotsa izatea Nazioarteko Federazioan?
Hori da, Euskal Selekzioarekin nazioarteko edozein txapelketatan lehiatu ahalko da. Bozkak ponderatuak dira, eta federazio bakoitzak boto jakin batzuk ditu, parte hartzen duen txapelketa kopuruen eta lortzen dituen emaitzen arabera; guk oraindik ez dugu txapelketarik jokatu, baina poliki-poliki hartuko dugu gure tokia federazio horretan.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa osatzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal pilota federazioek. Bestetik, Nafarroako eta Iparraldeko federazioak daude. Nahi zenuke guztien artean pauso gehiago ematea?
Hori ez dago gure esku bakarrik. Asko kostatu da egungo urrats historikoa egitea, eta aurrerago zer gertatuko den bideak erakutsiko du. Ez da gure nahia bakarrik, Nafarroako eta Iparraldeko federazioek zer esaten duten ere ikusi beharko da, ez pilotariek, baizik eta federazioek. Euskadiko Federazioarekin gertatu den bezala, bideak erakutsiko du gizarteak zein federazioek zer nahi duten, eta nik uste dut, ez dakit zenbat denbora barru, baina federazioek eta gizarteak nahi dutena egingo dela.
«Azken asanbladan ikusi zen federazioen gehiengoa, eta batez ere, handienak gu sartzearen aldekoak direla»
Askok galdetzen dute Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek Euskadiko Federazioarekin batera nazioarteko txapelketak jokatu ahalko ote dituzten. Aukera hori badago benetan?
Larunbatean onartu gintuzten eta igandean jaso genuen komunikatu ofiziala. Gu oraindik ez gara eseri Nazioarteko Federazioarekin hau guztia nola arautuko den hitz egiteko. Baina ulertzen dugu nazioartean sartu dena Euskadiko Federazioa dela, eta Euskadiko Federazioarekin lizentzia duten pilotariak izango direla txapelketa horiek jokatzeko aukeratu ahal izango direnak. Nafarroako pilotari batek atera dezake lizentzia EAEko elkarte batekin, egia da, baina momentuz ez dakigu. Nazioarteko Federazioarekin hitz egin beharreko zerbait da.
Bestalde, pilotarientzat buruhaustea izaten da Espainiako Pilota Federazioak antolatzen duen egutegian eta hemengo partidetan parte hartzea, egutegietan izaten delako txapelketen bateratze bat. Zer nolako harremana dago alde horretatik?
Behin baino gehiagotan elkartu gara Julian Garcia Angulorekin eta mahai gainean jarri dugu aspalditik dagoen arazoa. Azkenean, Euskadiko txapelketak eta Espainiako txapelketak aldi berean jokatzen dira. Horren ondoren, guk GRAVNI izenekoa jokatzen dugu, non lurraldeko federazioka jokatzen den: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Errioxak, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak parte hartzen dute. Eta baita ere kointziditzen du Espainiako “Federaciones” deitzen dioten txapelketarekin, eta orduan txapelketak bikoizten dira.
Guk proposamen bat egin genuen; alegia, “Federaciones” txapelketa urtarrilera pasatzea. Beraien erantzuna ezezkoa izan zen, beraien helburua Espainiako txapelketa sailkapen bat izatea da, eliteko pilotariek jokatuko dutela, eta gero egotea lurraldetako txapelketak, maila gutxiagoko pilotariekin. Hori ez genuen onartu, ze Euskal Herrian pilotariek eta klubek egiten duten lana ezin da Espainiako beste lurraldeek egiten dutenekin parekatu. Ez genuen akordiorik lortu eta hor geratu zen. Orain, Espainiako Federazioan zuzendaritza aldatuko da, eta uste dugu akordioak lor daitezkeela zuzendaritza berriarekin txapelketak ez zapaltzeko eta pilotariek aukera gehiago izateko txapelketa denak jokatzeko.
Azkenik, noiz ikusi ahal izango ditugu gure pilotariak, eurek hala nahiko balute, bertako koloreekin nazioarteko lehiaketa bat jokatzen?
Txapelketa nagusiak mundialak izaten dira, eta 2026rako programatuta dago Argentinan bat, eta hurrengoa, 2030ean izango da Bilbon. Gure nahia lehenbailehen lehiatzen hastea da, baina zain egon beharko dugu: Nazioarteko Federazioarekin eseri, helegite hauek zertan amaitzen diren ikusi, eta ondoren arautu beharko dira zeintzuk diren Euskadirekin jokatuko duten pilotariak.