Kazetaria / Periodista

Pitzadurak MAGAn, teknologia enpresetako immigranteengatik

Silicon Valleyko enpresak lan oso kualifikatuetarako migratzaileentzako bisen alde agertu diren bitartean, trumpzaleek gogor kritikatu dute, hor ere «kanpotarrek bertakoei lana kentzen» dietela argudiatuta. «Izorra zaitezte!», erantzun die Muskek. Trumpek Musken alde egin du, MAGAkoen haserrerako.

Trump Musken defentsan agertu da, MAGAkoen haserrerako.
Trump Musken defentsan agertu da, MAGAkoen haserrerako. (Kevin DIETSCH | AFP)

Ados zein aurka egon liteke, baina inork ezin du esan AEBko presidente hautatuak immigrazioaren aurkako agenda agerian utzi ez duenik.

Agintera iritsi baino lehen, ordea, ñabardurak ageri ohi dira, kanpainan esandakoen eta gobernutik egin asmo denaren artean. Hori gertatu da egunotan MAGA (Make Amerika Great Again) mugimendu ultran: Silicon Valleyko enpresek lan oso kualifikatuetarako migratzaileentzako bisen alde agertu diren bitartean, betiko trumpzaleek gogor kritikatu dute aukera hori, hor ere «kanpotarrek bertakoei lana kentzen»  dietela argudiatuta.

Elon Musk izan da MAGA barruko pitzadurak lehertzen lehenengoa, aste hasieran «izorra zaitezte» esan zienean eskuin muturreko aurkariei.

Aurretik, Laura Loomer ultrak Trumpen aurka jo zuen Sriram Krishnan izeneko arrisku-kapitalista Adimen Artifizialeko politikarako aholkulari izendatzeagatik. Krishnan, Indian jaiotakoa, H-1B izeneko bisarekin iritsi zen Estatu Batuetara eta, gaur egun AEBko herritartasuna duen arren, MAGA mugimenduko jarraitzaile sutsuentzat traizioa zen «America first» (lehenbizi AEB) aldarrikatzen duen presidente batek hori egitea.

H-1B bisa langile kualifikatuak Estatu Batuetan kontratatzeko erabili ohi da. Badira Europatik eta Euskal Herritik ere agiri horrekin iritsitakoak irakaskuntzan eta beste sektore batzuetan, baina asiarrak dira H-1B bisa daukaten gehienak: %72 indiarrak, eta % 12 txinatarrak. Hala, Loomer bezalako ultrek «hirugarren munduko inbaditzaile» deitu zioten Krishnani, eta «Ordezkapen Handia» teoria supremazista aldarrikatu zuten.

Egia esan, Elon Muskek ere egin dizkio keinuak teoria horri, baina era berean, ondo daki bera aberats egin duten enpresetan ezinbestekoak direla atzerriko langile kualifikatuak (Musk bera etorkina dela eta antzeko bisa batekin iritsi zela ahaztu gabe). «Ni AEBn egotearen arrazoia, Space X, Tesla eta AEB indartsu egin duten beste ehunka enpresa sortu dituzten ezinbesteko jendearekin batera, H1B da. Eman ezazue pauso bat atzera eta izorra zaitezte», esan zien Muskek aurkariei.

Vivek Ramaswamy-k, Trumpek Muskekin batera Efizientzia Departartamentu ez-ofiziala gidatzeko izendatu duen beste teknologia enpresariak, harekin bat egin zuen. AEBn «mediokritatea bikaintasunaren gainetik» saritu dela salatu zuen: «Dantzaldiko erregina matematiketako txapelketako irabazlearen aurretik edo kirolaria ikasle onenaren aurretik ospatzen duen kultura batek ez ditu ingeniari onenak sortuko».

Eztabaidak eskuin muturraren zatiketa agerian utzi du. Biek eraman dute Trump Etxe Zurira, etorkin kualifikatuak behar dituzten Silicon Valleyko kapitalisten diruak eta sareek, eta eskuin natibista eta supremazistaren oinarriek. Azken horiek eskatutako gehiena lortzear daukate, Trumpek deportazio masiboak agindu baitizkie. Baina orain pitzadurak agertu dira.
Laura Loomer-ekin batera, MAGA mugimenduko beste muturreko ahots batzuk ere agertu dira, eskuin natibistarekin lotuta. Trumpen ideologo izandako Steve Bannonek ultra sutsuenek Muski «aurpegia txikituko» diotela esan zion.

Stephen Miller-ek ere, gaia zuzenean aipatu gabe, Trumpen 2020ko hitzaldi baten zatiak ekarri ditu gogora, «estatubatuarren kultura eta lorpenak» goraipatuz. Miller Trumpen lehen gobernuan egon zirenetako bakarra izango da bigarren exekutiboan, eta berari egotzi ohi zaio immigrazioaren aurkako agenda: bai deportazioak, baina baita bisak mugatzeko ahalegina ere, H1B bisa barne.

Trumpismoaren barruko bi fakzioen artean egon litekeen pertsonaietako bat JD Vance presidenteorde hautatua da. Langile zurien tradiziotik datorrela aldarrikatuta ere, enpresa teknologikoetako milioidunekin egin du karrera. H1B bisak kritikatu ditu, bisa horiekin ekarritako jendearekin aberastu diren enpresetarako lanean ziharduen bitartean.

Ez da eskuin muturra bisa horren aurka mintzatu den bakarra: ezkerretik ere salatu izan dute. Batetik, eskuin muturrak legez, estatubatuarrek egiten dituzten lanen ordaina jaistea omen dakarrelako atzerriko jendea kontratatzeak. Bestetik, atzerriko behargin horien lan-baldintzak ere oso mugatuak direlako: enpresak berak lan-kontratuaren bidez bideratzen die bisa, eta debekatuta daukate beste edozein enpresarentzat lan egitea. Hala, xantaia egitea oso erraza zaie; langilearen arriskua ez da lana galtzea soilik, baita bisa galtzea eta herrialdetik kanporatzea ere.

Donald Trumpek Elon Musken eta bere babesle kapitalisten alde egin du; «beti maite izan ditut bisak, beti egon naiz bisen alde. Horretarako ditugu». Besteak beste, presidente hautatuaren hiru emazteetatik bi bisa horiekin iritsi ziren Estatu Batuetara, izan ere.