Iaz bezala, aurten ere Beatrice Chebet eta Berihu Aregawik irabazi dute Elgoibarko Juan Muguerza Krosa. Lasterketaren palmaresean lehenagotik ere beren izena hizki larriz ezarri bazuten ere, igande honetan eman dituzten erakustaldien ondotik, probak bere urrezko orrietan zigilatuko ditu bien ala bien izenak, bataren eta bestearen irabazteko modua arras desberdina izan bada ere.
Emakumeen lasterketa jokatu da lehenbizi. Astean zehar Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko presidenteak Beatrice Chebet kenyarra «atletismoak egun duen izarrik handiena, erregina eta jainkosa» izenaz definitu zuen eta txapeldun olinpikoak hala berretsi du. Aurreneko kilometroa zangoak luzatu, nagiak atera eta tenperatura aproposa hartzeko baliatu du, baina bigarren kilometroa hasteaz bat, erritmoa aldatu du eta akabo! Mintxetara bildu diren korrikalarien artean ez da bat bera ere bere erritmoari eutsiko dionik azaldu. Sei kilometro pasatxo zituen aurretik Beatrice Chebet handiak, baina azkenerako indarrik gordetzeke, konpainia eskasean baino bakarrik hobe dela iritzita, hanka egin du eta hurbilen sailkatu diren arerioek helmugan ikusi dute lasterketako irabazlea, Mintxetako futbol zelaiko harmailetan Chebetek eman duen ikuskizuna txundituta jarraitu duten horiei bostekoa luzatuz, pozarren.
Ez zuen alperrik «irabaztera nator» esan kenyarrak lasterketaren aurkezpen egunean. Eguraldia lagun –haizetsua eta freskoa, baina lehorra eta lokatzik gabea behingoagatik–, kilometroko hiru minutu eta erditik beherako erritmoa mantendu du –ez da lan zaila berarentzat, nahiz eta Muguerza Kroseko ibilbidea gorabeheratsua den oso, duela gutxi 5.000 metrotako lasterketan munduko errekorra ezartzerakoan 14 minutuen langa bota duen korrikalari honentzat– eta aldea handitu besterik ez du egin, hasi eta buka.
Ondorioz, bigarren posturako lehiak hartu du interesa halakoren baten. Etiopiako Melknat Wudu izan da bigarrena, Burundiko Francine Niyomukunzi esprint estu batean gainditu eta gero. Meritua izan du, bestalde, Carolina Robles espainiarrak. Inolako beldurrik gabe, Wudu eta Niyomukunzirekin azken itzulira arte taldetxoa osatuz joan baita. Alabaina, afrikarrek azken itzulia hasi berritan erritmoa handitu dutenean aldapa gogor bat igotzen hasi direlarik, Sevillako atletak burua makurtu eta helmugara bere martxan, laugarren postuan iristea besterik ezin izan du egin, irabazlearengandik minutu eta hamalau segundora, bigarren sailkatu den Melknat Wudurengandik minutu erdira.
Buelta beteko esprinta
Gizonezkoen lasterketa ezberdina izan da, baina ez aspergarria haatik. Berihu Aregawi eta Rodrigue Kwizera Burundiko semeak azken itzulia eman dute bata besteari segika, esprint betean, baina hara iristerako lasterketa pixkanaka joan da gogortzen, Beatrice Chebetek emakumeen proban eskaini duen erakustaldian ez bezala.
Faborito nagusiak ziren Aregawi eta Kwizera, iaz ere aurreneko eta bigarren sailkatu baitziren Elgoibarren. Hala ere, multzo nagusian, Europako atletekin nahasian joan dira aurreneko kilometroetan, erritmoa apurka hartzen joan nahian, edo.
Aurreneko hiru kilometroetan tropel handi batek eraman du lasterketaren gidaritza, laugarren kilometroari ekiteko orduan Adel Mechaal Marokon jaio baina Estatu espainoleko pasaportea duen atletak erritmoa bizitu duen arte. Huraxe izan da lasterketaren aurreneko galbahea. Mechaal maratoi erdiak ari da prestatzen eta, hala, ohi duen moduan, Elgoibarren bere prestaketa fintzeko asmoz azaldu da, baina bere erritmo aldaketak Afrika Beltzeko kideak ere esnarazi ditu. Aregawi eta Samuel Firewu etiopiarrak –azken honek bere aurreneko krosa izan du igande honetan– eta Kwizera Burundikoa, hain zuzen. Gainerako europarrek, ondorioz, beren erritmoan jarraitzea beste erremediorik ez dute izan.
Hasieran Mechaalek gidatu badu ere onenen tropeltxoa, laster hartu diote lekukoa beste hiruek, eta bi itzuli falta zirela, baita atzean utzi ere. Erritmoa apurka handitzen joan dira, bereziki Aregawiren ekimenez. Hala, azken-aurreko itzulia amaitu baino kilometro erdi bat lehenago sekulako sua piztu du bere martxan. Firewu gazteak berehala eman du amore eta hirugarren postua bermatzeaz konformatu da. Ez ordea Rodrigue Kwizera. Italicako krosean Burundiko korrikalariak Aregawi menpean hartu zuen eta Elgoibarren ere hala egiteko asmo sendoa erakutsi du. Tamalez, etiopiarraren erritmo aldaketaren ondorioz segundo pare bat galdu ditu eta ezin izan ditu errekuperatu helmugara iritsi bitarteko minutu horietan.
Aregawik ere, ordea, ez du atxera begiratzeko betarik izan, Kwizera ez delako etsitzeko egon. Tarteka lauzpabost segundoraino tartea zabaldu badu ere, Mintxetako futbol zelaiko atletismo pistara hurbiltzen hasi direlarik, dezente bertaratu zaio, ikusleen zoramenerako. Azkenean segundo bakarreko aldea atera dio Aregawik Kwizerari, igande eguerdiko atletismo festa biribilduz Mintxetako zirkuituan.