NAIZ

Espetxera bidali dute ustez ama hiltzeagatik Barakaldon atxilotutako gizona

Ostiralean ama hiltzea leporatuta Barakaldon atxilotutako gizona espetxeratzeko agindu du epaileak igande honetan, hilketa delitua egotzita. Urteko lehen hilketa matxista hau salatzeko mobilizazio gehiago deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak astearterako.

 

Udalak deituta larunbatean Barakaldon izan zen elkarretaratzea.
Udalak deituta larunbatean Barakaldon izan zen elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Pasa den ostiralean Barakaldon ama ustez hiltzeagatik atxilotutako gizona espetxera bidaltzeko agindua eman du epaileak igande honetan. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, goizean eraman dute 63 urteko gizona epailearen aurrera, eta honek espetxeratzeko agindu du, giza hilketa delitua egotzita.

Ostiralean Barakaldon izan zen urteko lehen hilketa matxista hori salatzeko, elkarretaratzeak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak astearterako. Hauek dira hitzorduak: Barakaldo (18.30, Bide Onera), Gasteiz (19.30, Andra Mari Zuriaren plaza), Donostia (19.00, Bulebarrean), Iruñean (20.00, Udaletxe plazan) eta Bilbo (19.30, Arriagan).

«Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau. Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez», adierazi du taldeak, biktimaren ingurukoei sostengu adierazi ondoren.

«Lehen mailako arazo sozial eta politikoa»

«Oraingo honetan, semea izan da 84 urteko ama erail duena. Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu», gaineratu du.

«Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan! Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak», aldarrikatu du.