Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gorrotoak eragindako distantzia, elkartasunez laburtua

Urtarrilaren 11ko manifestazioaren atarian, Sarek bertso saioa antolatu du Oiartzunen. ‘Etxera’ lelopean, ehunka pertsona bildu dira Elorsoro kiroldegian eta entzulegoaren txalo zaparradak zein barreak piztu dituzte bertsolariek.

Oiartzunen egin dute bertso saioa.
Oiartzunen egin dute bertso saioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Sarek antolatu ohi duen ‘Etxera’ bertso saioak lepo bete du Oiartzungo Elorsoro kiroldegia. Ehunka pertsona gerturatu dira Alaia Martin, Ane Labaka, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Maialen Lujanbio eta Maider Arregiren bertsoak entzutera. Distantzia eta gorrotoa izan dituzte hizpide bi orduz luzatu den saioak, eta gai sakonak umorearekin uztartzeko parada eskaini die bertsolariei Amaia Agirre gai-jartzaileak.

Hasierako agurra lau bertsolari gazteenek egin dute. «Desagertzeko urruti daude / kartzelak ta polizia», gogoratu du Arregik, eta elkartasunaren balioa azpimarratu du: «Denon ahotsak batu ezkero / esnatzen da justizia». Ildo beretik, Rekondok distantziak bertsoz murrizteko nahia agertu du eta Artetxek «gai ahaztuei bertsoz hitza jartzea» aldarrikatu du. Labakak aitortza egin nahi izan dio «lanean jarraitzen duen jende anonimoari».

Agirrek Euskal Herritar askok gertuko sentitu dezaketen gaia jarri die Labakari eta Martini. 15 urte kartzelan daramatzan presoaren azalean sartu da Martin eta harekin gutun bidez harremana estutzen joan den herrikidea izan da Labaka. Harremanak maitasunera eta desirara bidea hartutakoan batari zein besteari sortu zaizkion zalantzez eta ezinegonez aritu dira. «Noizbait eten nahi badut ta ez badut desio / herriari egingo al diot traizio», azaldu dio Labakak Martini.

Distantziari beste zentzu bat emanda, zaintza behar duen gizon nagusi eta haren zaintzaile nikaraguarra bilakatu ditu Agirren Gaztelumendi eta Arregi, hurrenez hurren. Zahartzaroan zaindua izateko beharraz eta gertukoek sarritan horretarako agertzen duten prestutasunik ezaz aritu da bata, eta bere lan baldintza prekarioez bestea. Honakoa bota du Arregik: «Baina batzuok hemen tortillan jaten dugunez asuna / pixkat antzeztu egin behar dut zuganako maitasuna».

Beste adiera bat ere bilatu dio Agirrek saioaren hari izan den kontzeptuari. Horrela, parez pare jarri ditu Rekondo eta Egaña: bi Andoni, bi bertsolari, biak 25 urteen bueltan lorpen handiak eskuratutakoak; baina, ia bi hamarkadako adin tartea dutenak. Umore puntu batekin, batak bestea goraipatu zein zirikatu dute eta arrakastaren inguruko irakaspena utzi nahi izan dio helduak gazteari: «Plazarik plaza ondo jardunda bera etorriko zaizu».

Distantzia linguistikoaz aritzeko tartea heldu da, ondoren. Horretarako, Artetxe Lujanbio nerabe errebeldearen euskara irakasle bihurtu du Agirrek. «Hau da munduko herririk aspergarriena», hasi da Lujanbio. Halaber, umorea baliatu du kritikarako: «Hipokritak zarete zuek erabaki / C1 eskatzen zaio tipa gajo bati / eta lehendakariordeak euskeraz ez daki».

Martini Eztizen Artolak argitaratu berri duen ‘Gurpilak’ liburuaz aritzeko galdegin dio gai-jartzaileak. Motxiladun umeez bizi beharrekoaz honela kantatu du: «Bisitara joan behar ta haurraren kexa isila / ta kexatzearen kulpa barne lehergai misila / berriz maleta prestatu ta uhalez lotu silla / ta pentsatu mundu zahar hau ez dela hain borobila / legea garatuz doa gehiago gara dadila / ta nahiz jende dena ez den desio bezain hurbila / gutxienez lehertzeaz da urrunketaren gurpila».

Bertso-saioan ez dira distantziaz zerbait txarra soilik bailitzan aritu. Horrela, erasotzailearengandik babesteko, hots, distantzia mantentzeko, bizkartzaina daramaten emakumeak adibide hartuta kontzeptuari adiera positibo batetik heltzeko abagunea eskaini die Agirrek Labakari eta Gaztelumendiri. Horrela borobildu du bertsoa Labakak: «Sinisten det, nahiz lotu mandibula, / kantuan politika egiten degula».

Tarte batez sakonkeriak alde batera utzita, golfean lehendabizikoz aritu behar den lagun talde erronka zale baten azalean sartu dira Lujanbio, Arregi, Rekondo eta Artetxe. Itxaropentsu agertu da Lujanbio bere dohainekiko: «Nahiz eta ez dakidan golfa ze araudi ta ze lege / Donald Trumpek asmatzen du eta asmatuko det nik ere».

Puntuka aritzeko garaia heldu zaie, ondoren, eta denek ala denek galdera zein txantxak bota dizkiote Egañari. Saioko beteranoenak urte berrira begirako asmo onei kantatuz bukatu du ariketa: «Erretzea nahi diot neure buruari ukatu / baina baietz urtea erretzen bukatu».

Segurtasunaz eta indarkeriaz

Xuhar gazteari jazotakoaz kantatzeko eskatu dio Agirrek Arregiri. Horrela, bertsolariak segurtasun indarrek indarkeria eragile gisa duten rolaz hausnartu du. «Nik horregatik ez dut sinisten polizien erreforman», bota du, eta horrelako gertaerek sortzen duten amorrua elkartasun bihurtzeko deia luzatu du.

Belaunaldi arteko distantzia izan da hurrengo ariketako protagonista. Horrela, urtarrilaren 11ko manifestaziora joatekoak diren amaren eta semearen azalean sartu dira Artetxe eta Gaztelumendi. Zalantza asko eta gogo gutxi daramatza haurrak autobusean eta haren galderei ahalik eta zuzenen erantzuten saiatzen den ama izan da Artetxe. Esker honez hartu ditu Gaztelumendik azalpenak: «Nahiz eta luze xamarra egin ta nahiz aspertu zeharo / ama zurekin ikasten dut nik eskolan baino gehiago».

Asmatutako gaiak alde batera utzita, errealitateari kantuan jarri du gai-jartzaileak Labaka. Izan ere, gogora ekarri du Covitek ETA goratzea leporatu ziela Martini eta Labakari berari Gipuzkoako finalean botatakoengatik. Horrela borobildu du Labakak bertsoa: «Ni pozik nago han haserretu baziren bizpahiru tigre / izan nahi nuke kantuan haiek amorrarazteko libre».

Berriz ere umorera salto egin du Agirrek saioa bukatzen joateko. Horrela, Rekondo bilobari kartzelara gabonetarako prestatutako gutiziak eraman dizkion amona izan dira Martin, eta entzuleen barreak piztu dituzte txipiroiak gora eta piper beteak behera.

Beste hainbeste algara egin dituzte bertaratutakoek Lujanbiorekin eta Egañarekin. Bigarrenaren semea Badajozeko atseden gune batean zezen bat daukan baloiarekin jolastera gonbidatu du bertako ume batek eta espainiar selekzioaz aritzeko baliatu du parada Lujanbiok: «Problema hortxe dago La Roja horrekin / horko Merino eta Oiartzabalekin / Osborneri Badajozen ezer esan ezin / horiek Euskal Herrian ematen dute min».

Erregeak eta erreginak

Azken aurreko ariketan errege eguneko kabalgata ikusten ari diren umeen azalean sartu dira Lujanbio, Arregi, Labaka. Gaztelumendi eta Martin. Horrela, ume euskaldunek egun honek sortzen dizkien zalantzak izan dituzte hizpide: «Karamelu hondarrez beteta haginak / hezkidetza giroan gera gu eginak / erregeak kendu ta jarri erreginak»

Gai librea emanda, bide beretik jarraitu dute kantuan Rekondok eta Artetxek eta bukaerako agurren txanda iritsi da, ondoren. Gazteenek egin dute hasierako agurra eta helduenek itxi dute saioa. Martinena izan da saioko azken bertsoa: «Ez distantzia eta ez hesi gure herriak ez du merezi / ea historia ez den bihurtzen ahanzturazko parentesi».