NAIZ

Hirugarren aldiz irabazi du Luis Sanchezek Super Prestige txapelketa

Donibane Garaziko Garat frontoian, Luis Sanchezek 31. Super Prestige txapelketa irabazi du Peio Larralderen aurka (40-18). Bere hirugarren aldia da. Emaitza honekin, trinketeko maisuen taldean sartu da pilotari nafarra.

Luis Sanchez txapelduna, pozarren
Luis Sanchez txapelduna, pozarren (Patxi Beltzaiz )

Luis Sanchez historia ari da egiten trinketean. Txapelketa seitan irabazi duen Battitt Ducassouk soilik lortu du orain arte hiru txapela jarraian irabaztea (2017, 2018 eta 2019an). Hirugarren garaipen honekin, Luis Sanchez Peio Larralderen (2015, 2016 eta 2020an) eta Patrick Oçafrainen (2001, 2004 eta 2007an) taldean sartu da. Alegia, txapeldun handien taldeko kide bihurtu da pilotari nafarra.

«Izugarria da. Oso pozik nago gaur irabazi dudalako. Behin irabaztea ikaragarria da, beraz hiru aldiz jarraian irabaztea zoragarria da. Ahal bezainbeste irabazi nahi dut», esan du Sanchezek partida amaitu ostean. «Super Prestige da niretzat urteko txapelketarik garrantzitsuena, baita irabazten zailena ere», onartu du.

Irabazten hasi da Sanchez (4-0, 8-5, 16-10), baina orduan Larralde berpiztu eta 16na berdintzera heldu da. Hortik aurrera, ordea, Sanchez jaun eta jabe izan da, 24-2ko partzial bat eginda.

Pilotari hazpandarrak duela bost egun Mathieu Ospitalen aurka irabazitako finalerdiaren ajea jasan duela dirudi. 40-37 irabazi zuen orduan, partida gogor eta ikusgarrian.

Gaurkora itzuliz, «partida osoan gustura aritu naiz, eta horrek aukera eman dit pilotakada eder batzuk jokatu eta aurrera egiteko», esan du Sanchezek. Erabilitako estrategiari dagokionez, «Peio Larralde atzealdean mantentzen saiatu naiz, gauzak egiteko aukera gehiegi ez emateko», azaldu du urruñarrak klubean jokatzen duen 27 urteko pilotari nafarrak. Finalaz harago, txapelketa bikaina egin du Sanchezek.

Estatu mailako txapelketarako faboritoa

Jakina, bere sasoia kontuan hartuta uneotan Sanchez faborito da Estatu mailako txapelketarako. Lehiaketa bihar bertan, urtarrilaren 6an hasiko da, Garat trinketean, berriz ere. 16.00etatik aurrera Ximun Lambert eta Arnaud Haroçaréné, eta Inhar Ugarte eta Peio Guichandut arituko dira.

Iaz Battitt Ducassouk kendu zion titulua berreskuratzeko gogoa izango du Sanchezek, zalantzarik gabe. Lehenago, ordea, lortutakoaz jabetu eta gozatzea tokatzen zaio pilotari nafarrari.