Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Tentsioz eta boladaz betetako partida atera dute aurrera Erik Jakak eta Imazek (22-19)

Ukalondoan pilotakada hartu badu ere Lizartzako aurrelariak, azken bost tantoetan gorriek atzetik aurrera egin eta laugarren garaipenerako bidean erabakigarria izan da. Jon Ander Peña eta Albisuk joko oso ona egin duten arren, sailkapeneko zuloan dira, garaipen bakarrarekin.

Besoan pilotakada hartu badu ere, erabakigarri izan da azkenean Erik Jaka.
Besoan pilotakada hartu badu ere, erabakigarri izan da azkenean Erik Jaka. (Andoni CANELLADA | FOKU)

JAKA-IMAZ 22

PEÑA II-ALBISU 19

Tentsio handiko partida eraman dute Jakak eta Imazek Tolosako Beotibarren. Bikain ekin diete, 6-1 aurretik hasita, baina piloten arteko aldea eta jokoaren ekimena urdinek hartuta, Jon Ander Peña eta Albisuk ia neurketaren zatirik handiena aurretik egin dute.

Baina Erik Jakak, partida hasieran pilotakada jaso arren, eta Ander Imazek, bikote gogorra osatzen dutela erakutsi dute, eta Jon Ander biek, berriz, beren jokoak merezi baino garaipen gutxiago dituztela. Halako konbinazioa aurrean, ez da harritzekoa Jaka eta Imazen garaipena, zeintzuek laugarren garaipena lortu duten, Peña II.a eta Albisu garaipen bakarrarekin azken-aurreko postuan lagata.

Aurreneko tantoa Peña II.ak egin badu ere, Jakak eta Imazek ez dute askorik behar izan markagailuan aurrea hartu eta aldea zabaltzeko, batez ere Erik Jakak txokoan zuloa erraz asko aurkitu duelako. Hala, piloteorik ere ganoraz luzatzeke, bikote gorria 5-1 aurreratu da.

Orduan Albisuren pilotakada batek nahi gabe ezkerreko ukalondoan harrapatu du. Txokoa libre utzita zuen Lizartzako aurrelariak eta ataundarrak pilotakada jo aurretik txokorantz jotzea nahi izan du, baina Albisuri ihes egin dio kolpeak eta ezker ukalondoan harrapatu du Jaka, nahiz eta jarraitzeko arazo larregirik ez izan eta, Albisurekin besarkatuta, intentzio txarrik ez dela izan garbi geratu da.

6-1eraino luzatu du bere bolada bikote gorriak, baina Erik Jakak berak kontrakantxara bota duen dejada baten ostean, azkenean urdinek lortu dute pilota aldatu eta pilotan hastea. Jakak defentsan ere gaia baduela erakutsi du, baina Albisuk erraz mugitu duen pilotarekin, Jon Ander Peñak ere tantoak amaitzeko abagunea ez du pasatzen utzi, honek ere txokoan, amorratuta. Hala, gorrien bolada azkar joan bada, ez da mantsoagoa izan urdinena: 6-6, Ander Imazi txapara ihes egindako pilotakadaren ondotik. Are gehiago, urdinek aurrea hartu dute Jon Ander Peñak ezker boleaz txokoan beste tanto bat sartu eta gero.

Jakak ezker besoan ez du jarraitzeko arazorik izan, baina egia da ezker airez sartu delarik, kolpearen ostean asko kosta zaiola pilotakada gozatzea. Nolanahi, eskuinez aukera izan duen aurrenekoa bikain baliatu du: bi hormakoa markagailua 7na berdintzeko. Eta pilota aldatzeko.

Uraren mareak gora eta behera nola egiten duten, halako boladak izan dituzte bikote biek. Nolanahi, Imazi kanpora joan zaion pilotakada batek sakea eta materiala berreskuratzera eraman ditu Jon Ander Peña eta Albisu, eta ondorioz, tantoak menpean hartu eta bikote gorria airean erabiltzera. Eta Jaka eta Imazek eskerrak defentsarako eta lanerako azaldu direla! Beotibarren bilduriko zaleen hausporik ez zaie falta izan bederen! Baina urdinek haizea alde sentitu dutelarik, ez dute aukera pasatzen utzi. Ezker airez txokoan, nola bestela, Peñak amaitu duen tantoari esker, 9-12 aurretik iritsi dira urdinak aurreneko atsedenaldi luzera.

Oreka puntua

Zorte txarrari ezin garaipenik edo porrotik egotzi, baina bai tantoren bat tarteka. Eskuin sotamanoa iheska joan zaio Erik Jakari eta urdinek ez dutenek elkar ulertzen asmatu, gorriek urdinen bolada eten dute: 10-12.

Ikusi egin behar bolada gorrien aldera iraultzen zen ala ez. Ez ba! Jon Ander Albisuk partidako tantorik onena jokatu du eta zortzi eta erdian baztertu den pilota airez eraman ezinik utzi du Ander Imaz, tanto osoan zehar epelak astindu eta gero. Nolanahi, berehala berreskuratu dute sakea Jakak eta Imazek, Peñari bete-betean txapara joan zaion ezkerkada baten ondorioz: 11-13.

Tarte honetan boladak askoz laburragoak izan dira. Pilota aldaketak direla, hutsegiteak edo sakez egindakoak direla... Nekea ere hasi da antzematen. Bestela, nekez ulertu liteke Albisuk eskuin boleaz bi hormakoa jota egin nahi izan duen tantoa, behera joan zaio baina, markagailua 13-15 jarriz Peña eta Albisu beraren alde.

Hurrengo tantoa ere gogorra izan da, eta polemikoa. Kontrakantxako errestoaren gainera ihes egin dio Jakari pilotakadak, baina Beotibarko epaileek ontzat eman dutenez, alperrik izan dira Jon Ander Peñaren kexak, 14-15ekoa inork ere ez baitu mugiarazi.

Eta urdinen zalantzak, txapelketa osoan barreiatzen ari diren mamua berriz ere gainean: jokoa bai, baina emaitzak? Jakak, ezker boleaz txokoan, ez du 15na berdintzeko aukera pasatzen utzi, baina Peñak hurrengo tantoa bikain baliatu du urdinen alde markagailua eta partidaren ekimena berriz ere jartzeko.

Jakaren amorrua

Hainbesteko tentsioa izan duen partida batek, amaiera berdindua behar, itxura baten. Azken atsedenaldiaren atarira ere urdinak aurretik iritsi dira, Jon Ander Peñak beldurrik gabe errematean erakutsi duen mailari esker. Aurrez, ordea, Imazi ihes egindako pilotakada batek beste tanto bat eman die gorriei, beste behin urdinek elkar ez baitute ondo ulertu.

Jakak 17na berdindu du txokoan, baina atsedenaldi luzera 17-18 aurretik iritsi dira urdinak, Peñak bikote gorria dantzan erabili eta gero. Eta Erik Jakaren amorrazioa eta egonezina, Beotibarren kabitu ezinezko modukoa. Gutxienez, Lizartzakoak bere amorruari aterabidea aurkitu dio, 17-19 galtzetik 20-19 aurretik jartzea erdietsi duenean.

Urdinei nekeak eta esperientzia txarrek ez diete behar bezala pentsatzen laga eta beste behin elkar gaizki ulertuta, garaipenaren atarian geratu dira gorriak, Jakaren dejada bati esker. Eta sakez amaitu du Jakak bere egitekoa, sailkapeneko zuloan galduta utziz Peña II.a eta Albisu.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena: 68.21 minutu. Pilotakadak: 488. Sakez: 2 Jakak eta 2 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 12 Jakak eta 2 Imazek; 9 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Galdutako tantoak: 4 Jakak eta 2 Imazek; 4 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Markagailua: 0-1, 1-1, 6-1, 6-2, 6-7, 7-7, 9-7, 9-8, 9-12, 10-12, 10-13, 11-13, 11-15, 15-15, 15-17, 17-17, 17-19, 22-19. Gorabeherak: Binakako Txapelketa Nagusiko zortzigarren jardunaldiko neurketa Tolosako Beotibar pilotalekuan. Giro bikaina harmailetan eta aurreneko sakea, gorri.