Andoni Lubaki
Fotokazetaria / Fotoperiodista

Erregimenak utzi zituen «zulo beltzen» bila Izraah-n

Musa al-Jarabba trantsizioko Gobernuko burua da Izraah-n. Zazpi urte kartzelan emanda, duela bi aste askatu zuen oposizioko armadak, eta berehala politikan lanean hasi zen. Hari dagokio erregimen zaharrak utzi zituen «zulo beltzak» aztertzea eta horren inguruan argitaratutako «fake-ak» gezurtatzea.

Azken egunetan nazioarteko prentsan birritan argitaratu da hilobi batzuetan 100.000 gorpu aurkitu dituztela. Baina Damaskon boterean dagoen HTS koalizio jihadista-islamistak osatu duen Gobernuak «berri» horiek ezeztatu eta informazio hori gezurra dela adierazi dute. «100.000tik gora desagertu baino gehiago egongo dira ziur, baina Siria osoan, ez soilik leku jakin batean», telefonoz erantzun du Abu Quteiba Gobernu berriaren informazio arduradunak. «Al-Jazeerak argitara emandako zenbakiak dituen hilobiratzerik ez dugu oraingoz. Ez dakit 100.000 gorputz horiek nola zenbatu dituzten», dio Izraah hiriko trantsizioko Gobernuko burua den Musa al-Jarabaak GARA egunkariari. «Ez dakit, gainera, nola identifikatu dituzten ustezko milaka eta milaka gorpu horiek. Edozein modutan, ez zituzten hil dokumentuak gainean zituztela!», haserre adierazi du Al-Jarabaak.

Ez da haren eginkizun bakarra, bera delako herritarren kezkak jasotzen dituena. Haren idazkaria den Abu Hamzak dioskunez, «asko etortzen dira, Gobernu zaharrak bere lurraldeak ostu zizkiela esateko. Baina ez dago paperik hori horrela izan dela justifikatzeko. Erregimenak higiezin ondareak lapurtzeko zirrikitu administratiboak erabiltzen zituen, eta paper ofizialak zirenak faltsutu. Horregatik, lan handia izango dugu hori frogatzeko. Beste asko senitartekoen bila etortzen dira. Bada 30 urteetan ezer jakin ez duenik ere; hilda daudela jakinda ere, informazioa nahi dute, eta informazio hori ez dugu guk», onartu du.

Izraah-ko aurkikuntzak

Izraah Damasko hegoaldean dagoen hiria da. Bertako eta inguruko lurraldeak administratzen ditu oraingoz HTS koalizioak sortu duen Gobernu berriak, eta Al-Assaden irudi guztiak ezabatu dituzte. Ospitalea gizon armatuz josita dago, baina egoera ez dela kezkagarria dio Mahmoud Alzabi zuzendariak. «Badugu nahikoa medikamentu, baina zailagoa zaigu agertzen ari diren gorpuak identifikatzea. Ez dugu baliabide teknikorik, ez gorpuak ondo kontserbatzeko, ezta ADN frogak egiteko ere. Momentuz, hemen gertu dugun gela batean sartu ditugu 31 gorpu. Hezurrak besterik ez dira, eta ez dago identifikatzea errazten duen ezer», nabarmendu du Alzabik.

Gorpuen poltsak, Izraah-eko hospitaleko morgean. (Andoni LUBAKI | FOKU)

Oposizioko gudariak izan diren bi gizon armatuk gorpuak non dauden erakutsi digute, ezertxo ere ez ukitzeko eskatuta. Poltsak ere ez zituzten lurretik ateratako hezurrak gordetzeko, eta hasieran eskura zutena erabili zuten. «Ez dakit zenbat denbora beharko dugun denak identifikatzeko, ezta identifikatuko ditugun ere. Siriarrak beti beldur ziren froga biologikoak egiteko orduan, erregimenak beraien aurka erabiliko zituen beldur, eta ez dago ADN datu baserik. Hori egin beharko da lehenbizi. Desagertuak dituzten senitartekoekin datu base hori eratzen denean, beste etapa bat hasiko litzateke, aurkitutako gorpuekin alderatzea. Nazioarteko laguntza beharko dugu, teknologia oso berria denez, hemen Sirian ez baitugu sekula erabiltzerik izan», amaitu du Alzabi doktoreak.

Irandarren tiropean

Gorpuak agertu diren tokia Izraah hirigunetik 20 minututara dago. Lurralde militar bat zeharkatu beharra dago, eta bi pertsona armatuk gurekin igo behar dutela esan digute. Biak oso gazteak, nerabeak ere ez ziren 2011n Al-Assad-en aurka matxinada hasi zenean, baina Idlib iparraldeko probintzian zeuden, turkiarren laguntzapean. Biek dute turkiar zenbakia WhatsAppean.

Bertara iritsitakoan, beste gizon armatu bat agertu da. Bere lurraldeak direla aipatu du, baina 2015ean Gobernuak desjabetu egin zizkion etxea eta inguruko lurrak. Milizia irandar bat egon da zazpi urtetan, eta etxea txikituta utzita joan dira. Berriro ia dena eraikitzen ari da ingurukoen laguntzarekin. «Irandarrak joandakoan bertaratu nintzen. Beldur nintzen ea minak ote zeuden, baina ez dugu oraingoz ezer aurkitu. Inguruan eztanda egin dute pare batek, baina hemen ez», dio Mohammad Khoudik.

Bere etxaldera sartu zenean, errepide aldean lur esparru bat arraro sumatu zuen. Ondo ezagutzen du lurra nola dagoen bertan, eta zerbait mugitu ote zuten abisua pasatu zien Gobernu berrikoei lehenbiziko egunean. Minak jasotzeko talde bat etorri zen eta, lekua «garbi» zegoela ziurtatu ondoren, Khoudi bera hasi zen zulatzen, zer aurkituko jakin-minez.

Hezur batzuk topatu zituenean, gelditu eta ospitalera joan zen. «Medikuek eteteko esan zidaten, krimen baten tokia baitzen. Hurrengo egunean hemen ziren, eta hondeamakinek eta boluntariook 31 gorpu atera genituen. Oraindik ez dakigu ez izenik, ezta gizon edo emakumeak ziren ere. Baina gehiago ez daudela esango nuke. Nire lurrak ondo ezagutzen ditut, eta beste guztia arakatu ostean dena ia berdin dagoela esan nezake. Toki hau zen nire buruhauste bakarra», dio atzamarrez lurreko zuloa seinalatuz.

Aleppo hiria. (Andoni LUBAKI | FOKU)

Milizia irandarren presentzia handia zela diote, eta noizbehinka tiro hotsak ere entzuten ziren, «baina ez genekien ziur zertan ari ziren. Beharbada entrenatzen ariko zirela uste izaten genuen. Orain badakigu», amaitu du Khoudik, atsekabetu aurpegiz.