Andoni Lubaki
Fotokazetaria / Fotoperiodista

Alepora itzuli nahi, baina etxea suntsitu edo lapurtu diete

Alepo izan da, gatazka hasi zenetik, errefuxiatu gehien eragin izan dituen hiri siriarra. Horietako askok ezin dute hara itzuli, etxea galdu dutelako edo lapurtu egin dietelako. Gainera, Turkiak ohartarazi die, herrialdetik irteten badira, ez diela inoiz itzultzen utziko.

Ali Kasmou Alepon jaiotako 30 urte dituen siriarra da. 2011ko matxinadan parte hartu zuen, eta frankotiratzaile lanak egin zituen bere auzoan Al-Assad-en Armadaren aurka. 2015ean Estatu Islamikoa iritsi zen eta, bere katibah-ko (herri milizia matxinoa) buruzagia zen bere osaba Abu Ali hil zutenean, Turkiara ihes egin beharra izan zuen. Harrezkero Istanbulen bizi da, eta Europako informatika konpainia ezagun batentzat programatzaile lanak egiten ditu, kontraturik gabe.

«Nire aita eta beste osaba bat Al-Assad-en bonbardaketa batean hil ziren Alepo hiritik kanpo dagoen landa eremuan genuen etxe batean. Nire familia ia osoa Alemanian dago, babes hartuta. Al Assad-en erregimenaren eta Estatu Islamikoaren mehatxuak jasan genituen. Orain itzuli nahi dugu, baina ez dakigu nola. Gure etxea zena beste norbaitek hartuta dauka, ez dakigu nor den. Nire inguruko errefuxiatuei ere gauza bera gertatzen zaie», salatu du Ali Kasmouk, NAIZi telefonoz emandako elkarrizketa batean.

Alik dioen bezala, beste milaka siriarrek ezin dute etxera bueltatu, edo beldur dira erregimena bota duen Gobernua ez ote den gauza izango auziak konpontzeko.

Babesa eman zien Turkiatik irtengo balira, Siriara bueltatuz gero errefuxiatu izaera galduko lukete. Horrek berriro egoera oso larrian utziko lituzke, balantzaka dabilen barne politikak hondoa joko balu. Berriz zerotik hasi beharko lukete.

Hustutako hiri handiena

Ia 14 urte iraun duen gatazkak Alepo eta Homs hiriak gogor kolpatu ditu. Bertako ekonomia erabat suntsituta dago, eta industria astuna nagusi zen alderdia basamortu bat bilakatu da. Turkiak eskulan merke bezala erabili du urteetan Siriako iparraldea, eta eskema berberarekin jarraitzeko inbertsioak egiten ari da.

Hala ere, inork ez du horri buruz hitz egin nahi, eta turkiarren baimenik ez dugun kazetariontzat informazioa lortzea ezinezkoa da. GARAk bi aste eman ditu goi mailako politikariren bati elkarrizketa egin nahian Turkiak izango duen paperaren inguruan. Denek errefusatu dute Erdoganen Gobernuaren inguruko galderei erantzutea.

Alepoko trantsiziorako Udalak ez du oraingoz inolako plan publikorik, bonben erruz eraitsiak izan diren etxeak berreraikitzeko. «Turkiarren esku utzi dute, eta inbertsio pribatua besterik ez da egongo datozen lau urteetan. Hau da, hauteskundeak aurreikusita dauden urterako hain zuzen ere. Orduan plan bat aurkeztuko dute eta benetan interes bat dagoela esango dute», dio Attala Sharmandy bizilagunak.

50 urte dituen gizon honek talde bat osatu du Alepoko Izaah auzoan. Ihes egin zuten bizilagunen itzulera koordinatzea da haren eginkizuna. Errekurtso baino borondate gehiago du talde honek.

«Bertan betidanik bizi izan garenok badakigu nor non bizi zen. Horregatik administraziora jo dugu, gaur egun etxe horietan bizi diren bizilagunak etxe horien jabeak ez direla esanez. Baina paper asko desagertuta daude, edo faltsutu egin dituzte. Etxebizitza asko hutsik geratu zirenean, Al-Assad-en Gobernuaren aldekoei eman zizkieten. Arazoa larria da, eta ondorengo urteetan gatazkak sortuko direla esan dezakegu. Baldin eta etxebizitza berreraiki batean bizi bazara, diktadore ohiaren jarraitzaile bezala aurkeztuko zaituzte. Baina ez da beti horrela izan, behe mailako soldadu askok jaso zuten etxea zauri larri baten ondoren. Diktadoreak berea ez zena beste behartsu batzuei eman zien, mundu guztiaren aurrean heroi bezala agertuz«, dio Sharmandyk, Izaah-ko kaleetan barrena.

Behartsua izatera behartuta

Ali Kasmouk ez du paperik. Ezin du legez Turkian lan egin, baina horretan dabil hala ere. «Siriatik etorri ginenok Turkiak eman diguna baino askoz gehiago eman diogu Turkiari. Nire inguruko guztiak kontraturik gabe mediku, irakasle, informatikari eta aholkulari bezala dabiltza lanean. Soldata oso baxuekin lanean ari gara astean sei egunetan». dio Ali Kasmouk.

Haren etxearen argazkia bidaltzeko erregutu dit, 2015az geroztik ez baitu ikusi. 2013an NAIZek eta ‘The New York Times’-ek nazioartean ezaguna egin zen argazki bat argitaratu zuten.
Suntsituta agertzen den etxea Ali Kasmourena da, eta aurrean dagoen pertsona, bonba batek 2016an hil zuen bere osaba.

Ia 12 urte geroago NAIZek berriro toki berera jo du, etxe hura eta Ali Kasmouren patuaz zer izan den jakiteko. Etxea, argazkietan ikus daitekeen bezala, berreraikita dago. Txirrina jo dugu, nortzuk bizi diren galdetzearren. Ez da inor ageri, baina bizilagun batek leihotik garrasi egin du. «Paperak dauzkagu, paperak dauzkagu!», esan du.

Orain etxea legez beraiena da, eta hauek kanporatzeak eta lehenagoko jabeei emateak arazoa luzatu eta larriagotu egingo luke.

«Baina ni bertan jaio nintzen, eta nire aitaren etxea da. Nire familiarentzat nahi dut. Han lo egiten dudan lehenbiziko egunean amesgaizto honi amaiera emango diot», amaitu du Ali Kasmouk.