Iazko txapeldunek urrats bat eman dute finalerdietako ligaxkan. Lehendabiziko fasean beraien arerio gogorrenak izan ziren Urrutia eta Basquen aurka mendekua hartu eta partida garrantzitsua bereganatu dute, finalerdietan lehen puntua batu eta iazko txapelaren defentsa apur bat bideratuta.
Finean, Erkiagak eta Ibarluzeak aurreko asteko akatsak zuzendu zituzten atzo. Finalerdiak hasi bezperetan galdu egin zuten Urrutia eta Basqueren aurka. Garai txarra bikotean zalantzak agertzeko. Oraindik badute jokoan zer hobetu baina partida 2 eta 0 irabaztea oso garrantzitsua da. Finalerdietako ligaxkan lider jarri dira bizkaitarrak 4 puntu eskuratuta. Lehenengo setean zein bigarrenean, Urrutia eta Basque iritsi dira aurretik azken txanpara (13-11 eta 12-10), baina joko bakoitzaren momentu garrantzitsuenean ‘pantera arrosak’ izan dira nagusi 15era arteko tanto guztiak erreskadan lortuta.
Piloteo gogorrarekin hasi zen neurketa. Partida bera bezala. Bi atzelariak hustu egin ziren, errebesez eman eta eman. Lehen jokoaren hasieran hutsak nagusitu ziren hala ere, urduritasunak eta tentsioak eraginda. Urrutia eta Basque oso bikote fisikoa da. Erkiaga kentzera atera ziren eta Ibarluzeari partida gogorra proposatzera. Aritzek ez zuen tantua amaitzeko aukera handirik aurkitu. Zabal-zabaletik egin zuen bat, lehenik pilota behartuta sartu eta ondoren, Urrutia preso zegoela ikusita, barruan moztuz (7-6) baina lehen atsedenaldira bikote morea iritsi zen aurretik (8-7).
Zortzina eta bederatzina ere egin zuten (10 berdinketa izan ziren lehen jokoan guztira) eta arrosak aurretik jarri ziren Erkiagaren sahietseko pilotakada eder batekin (9-10). Hamarnakoaren ondoren, sake errestoan egin zuen tanto Aritzek (10-11) baina hurrengo bi tantoetan ez zuen asmatu Ispasterkoak (13-11). Ibarluzeak ere huts batzuk egin zituen eta azken txanpa horretan bi tantoko aldea izan dute Urrutiak eta Basquek. Hala ere, moreek ez zuten aprobetxatu. Errebote eder batekin berdindu zuen jokoa Aritzek (13-13), zortez egin zuen 14.a eta txapa gainean moztuz amaitu zuen jokoa.
Bigarren jokoa hasita, haizea Urrutia eta Basqueren alde jarri zen berriro ere. 6-2 aurreratu ziren Donibane Garazikoa eta Bidartekoa eta atsedenaldira 8-4 heldu ziren moreak aurretik; 9-5 ere jarri ziren baina orduan iritsi zen arrosen erreakzioa. Lehendabizi 9-9 berdindu, ondoren hamarna eta Urrutia eta Basque-k bi tantoko aldea lortu bazuten ere (12-10), tantorik gogorrenean –publikoa bere eserlekutik altxa eta txalo zaparradaz amaitu zena–, azken hatsa eman zuten moreek eta arrosek erreakzioa aurkitu zuten. Etsipenez edo, azken hiru tantoak oparitu egin zituzten (12-15).
Orain, Erkiagak eta Ibarluzeak atsedenaldia dute, konfiantzaz beteta. Urrutiak eta Basquek, aldiz, ez dute atsedenerako tarte askorik. Datorren astean hil ala biziko partida dute, finalerdietako ligaxkako bigarrena. Aurkariak, Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidor ‘Manci’ izango dira. Bi bikote oso fisikoren arteko norgehiagoka handia izango da.