NAIZ

Gipuzkoako ehungintzaren sektoreko 16. greba egunak «jarraipen zabala» izan du, ELAren arabera

ELA sindikatuaren arabera, «jarraipen zabala» izan du Gipuzkoako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko langilleek egindako lanuzteak. Astearte honetan 16. greba eguna egin dute «probintziako hitzarmena defendatzeko».

Astearte honetan hamaseigarren greba eguna izan dute Gipuzkoako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko langileek «probintziako hitzarmena defendatzeko». ELA sindikatuak jakinarazi duenez, «jarraipen zabala» izan dute urtarrilaren 4ko eta 7ko greba egunek.

«Langileak kalera atera dira patronalari, ARTEri, Estatuko hitzarmena ez aplikatzeko exijitzeko. Hilaren 4ko eta 7ko jardunaldien jarraipena zabala izan da, nahiz eta Gabonetan eta merkealdietan kontratazioak gora egin duen», jakinarazi du ELAk. Kate nagusien denda batzuk itxi egin dira grebaren ondorioz: Zara Home, H&M, Oysho, Tezenis, Intimissimi eta Mayoral.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenaren arabera, ARTE patronal berriak ehungintzaren sektoreko marka handiek osatuta (hala nola Inditex, H&M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark) Estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa bultzatu zuen 2023ko uztailean. «Harrezkero, hainbat negoziazio bilera egin dira, eta ELAk eskatu du Euskal Herria hitzarmenetik kanpo uzteko, baina patronalak ez du ontzat ematen», azaldu du.

ELAk adierazi duenez, Hego Euskal Herrian ARTE patronalaren Estatuko hitzarmena aplikatuko balitz «antolaketa eta borroka sindikalari esker lotutako lan baldintzak jokoan egoteaz gain, probintzia hitzarmenen negoziazioa bera ere arriskuan egongo litzateke».  Sindikatuak aurreratu du mobilizazioekin jarraituko duela Euskal Herria Estatu espainoleko hitzarmenetik kanpo utzi arte.