NAIZ

Gure Zirkuak irekiko du txotx denboraldia urtarrilaren 15ean Astigarragan

Gipuzkoako txotx denboraldiari irekiera urtarrilaren 15ean emango diote, Astigarragako Alorrenea sagardotegian. Aurtengoan ere gonbidatu berezi bat arduratuko da: Gure Zirkuko kideek oihukatuko dute ‘Gure Sagardo Berria’.

Gure Zirkuko kideak hartuko dira 2025eko txox denboraldia irekitzeaz.
Gure Zirkuko kideak hartuko dira 2025eko txox denboraldia irekitzeaz. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Gure Zirkuko partaideek karpatik sagardotegira egingo dute jauzi datorren urtarrilaren 15ean, izan ere, beraiek arduratuko dira 2025eko txox denboraldia irekitzeaz. Alorrenea sagardotegian izango da lehen zita, Astigarragan.

Jada ohitura bihurtu den ekitaldia egingo dute, sagarrondo berri bat landatuko dute Astigarragan, eta ondoren, sagardoa dastatu ostean ‘Gure Sagardo Berria’ egingo dute aldarri.

 



32.edizioa izango da aurtengoa, eta Erriberako kultur etxean abiatuko da eguna, prentsaurreko batekin. Astigarragako alkate Xabier Urdangarin, Lakuako Gobernuko zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera. Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko arduradunek 2024ko uztaren ezaugarriak azalduko dituzte, sagardo berriaren eta sektorearen berrikuntzen berri ere emango dute.

Jarraian denboraldiari irekiera emango dioten Gure Zirkuko kideek landatuko dute sagarrondoa. Sagardoaren Lurraldeko kideek azaldu dutenez «dinamismoa eta naturaren eraberritzea» sinbolizatu nahi dituzte gonbidatu berezi hauekin.