Morningstar Sustainalytics-en ESG Risk rankingak Kutxabank berriro ere kokatu du munduko aurrezki-kutxen eta hipoteka erakundeen artean jasangarritasunaren arloan munduko jarduera onena duten konpainien artean. Hain zuzen ere, finantza sistemen artean bigarren postua lortu du, eta oro har, enpresen artean 17.a.
Munduan aztertutako mila banku eta enpresa baino gehiagoren artean hamazazpigarren postua eskuratu du 2024ean Kutxabankek; iaz 35. postuan zegoen. Sustainalytics-en analisiak munduan kalifikazio onena duten enpresen %1en eta bankuen %2ren barruan kokatu du Kutxabank, «arrisku hutsalarenean». Kutxabankek ohar batean jakinarazi du ikerketak ez duela identifikatu «bere interes taldeetan eragin negatiboa izan dezakeen gertaerarik, ezta ingurumen eremuan edo eremu operatiboan ere».
Ikerketak aztertutako zazpi kategoriatan «strong» gisa baloratu dute arriskuen kudeaketari dagokionez. Balorazio horren arabera, «erresilentzia, datuen pribatutasuna eta segurtasuna, eta ESG printzipioak finantza esparruan sartzea» txalotzen dute. Halaber, erakundearen programen, praktiken eta politiken sendotasuna azpimarratzen du azterketak.
«Eragile aktiboa»
«Kutxabankek negozio eredu jasangarrian aurrera egiteko konpromisoari eusten dio», azaldu du enpresak, «bere jardueraren inpaktu positibo ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa maximizatuz bere interes talde nagusien eta jarduten duen komunitateen artean».
Irisgarritasunaren ikuspegitik finantza-inklusioko programetan lanean jarraituko duela azaldu du Kutxabankek eta, era berean, ESG alderdiak txertatzen dituela bere erabaki estrategikoetan, «bereziki klima-aldaketaren ondoriozko arriskuetan eta aukera edo abaguneetan» zehaztu du.
Bankuak azaldu duenaren arabera, «eragile aktiboa da kapital pribatuko fluxuak inbertsio jasangarrietara bideratuz», eta gaineratu du negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioan laguntzen diela bezeroei.