Iñaki Erro Iruñeko preso ohia zendu da azken orduetan. Duela hamabi urte bereziki, sakabanaketa politikaren krudelkeriaren adierazle bilakatu zen. Guztira 26 urtez izan zuten preso, ezarria zioten «Parot doktrina» Europako Giza Eskubideen Entzutegiak baliogabetu arte hain zuzen ere. ETAren «Donostia komando»ko kidea izateagatik kondena luzeak zituen.
Ordurako gaixotasun larria ari zen pairatzen espetxean Erro. Bihotzekoa jasan zuen 2012ko urtarrilean. Hiru stent jarri behar izan zizkioten horregatik baina ez zuten askatu, legea urratuz. «Hiru egun baino ez nituen erietxean egin, espetxera eraman ninduten berehala», salatu zuen presoak.
Tratu ankerra are agerikoagoa izan zen hortik hilabete gutxira. Bere ama oso gaixorik zela eta, bera ikusteko baimena eskatu zuen Errok, baina nekez lortu zuen ordubeteko bisita erietxean, azkenik Almeriako espetxetik Iruñera ekarri ondoren. Ama hil zorian egon arren, gainera, berehala eraman zuten berriz Andaluzia aldera, eta Zaragoza inguruan zegoela jaso zuen heriotzaren zoritxarreko albistea.
Almerian bakartuta egon zen Erro denbora luzez. Bertatik askatu zuten azkenean, etxetik mila kilometro ingurura. Aurretik Carabanchelen, Alcalan, Herreran, Tenerifen, Puerton, Valdemoron, Algecirasen eta Ocañan ere izan zuten preso 26 urte haietan. Bere familiak tarte motz batean baino ez zuen etxetik gertu izan: Logroñoko kartzelan.
Aske utzi ostean, Andoaingo Herriko Tabernan lanean ibili da Iñaki Erro. Iruñekoa zen berez (Donibane auzokoa) baina Hondarribia izan du azken bizitoki. Astearte honetan zendu da.