NAIZ

Urumea zabortegi gisa erabiltzeagatik ezarritako salaketaren informazioa eskatu du Eguzkik

2023an, Donostiako Udalak gizon bat salatu zuen Urumean hondakinak botatzeagatik. Ia hiru urte beranduago, Eguzki talde ekologistak eskatu du jakitea zertan geratu den pertsona haren aurkako salaketa.

Langileak Urumeatik hondakinak ateratzen.
Langileak Urumeatik hondakinak ateratzen. (EGUZKI)

Hiru urte igaro dira Eguzkik salatu zuenetik Urumean, Maria Kristina eta Mundaizko zubien artean hondakin pila zegoela. Somierrak, komunak, bizikletak, garbigailuak… Guztira, 7 tona baino gehiago. Orain, talde ekologistak galdetu dio Donostiako Udalari salaketa hori zertan geratu den.

Eguzkik hedabideetan egindako salaketak lortu zuen oihartzun handiari esker, Udalak neurriak hartu behar izan zituen, «nahiz eta hasieran erantzukizuna nola edo hala saihesten saiatu zen». Izan ere, Eguzkik gogoratu du «lehendabizi argudiatu zuela uholdeek eragindako hondakin pilaketa zela; gero, berriz, garbiketaren ardura Urarena edo Kosta Zerbitzuarena zela». Azkenean, talde bat bidali zuen hondakinak kentzera, hiru hilabete geroago. Talde hark zortzi lanegun behar izan zituen hondakin pila hura ibaitik ateratzeko: 7 tona.

Istorio hark atal berri bat izan zuen 2023ko apirilean, Udaltzaingoak ezagutarazi zuenean gizon bat atxilotu zuela, Urumean hondakinak pixkanaka baina etengabe botata, pilaketa harrigarri haren eragilea zelakoan. «Ingurumenaren aurkako delituagatik, Justiziak irmo jokatuko duela espero dut», adierazi zuen Marisol Garmendiak, une hartan Donostiako Ekologia zinegotzia zenak, Eguzkik gogoratu duenez.

Geroztik, ordea, hogei hilabete baino gehiago igaro dira, eta Udalak pertsona haren aurka jarritako salaketa zertan gelditu zen edo zertan den ez daki talde ekologistak. Horregatik, salaketa horri buruzko informazioa eta epaiketa egin den jakitea eskatu du.

«Herritarrok informazio hori jasotzeko eskubidea dugula uste dugu, are gehiago gertatutakoaren neurria eta larria kontuan izanda», aldarrikatu du. Udalak informazio hori herritarron esku jartzen duen bitartean, Eguzkitik esan du «pozik gaudela horrelako isurketak ez direlako berriro gertatu, eremu horretan behintzat».

«Baina, aldi berean, jarraitzen dugu aldarrikatzen udalek baliabideak jarri behar dituztela beraien udalerriak zeharkatzen dituzten erreka eta ibaiak, tarteka, garbitzeko, besteak beste, hondakinak itsasora irits daitezen saihesteko. Garbiketa horiek talde profesionalek egin behar dituzte. Noizean behin, ‘kontzientziazioaren’ aitzakian, eskolumeekin edo boluntarioekin garbiketa egun bat edo beste antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen, baldin eta ibaia defendatzeko plangintza zabalago baten logikan txertatuta ez badago, behintzat. Zorionez, gero eta udal gehiago datoz bat ideia horrekin. Donostiakoa noiz izango da horietako bat?», galdetu du taldeak.