Espainiako Federazioaren gazteen maila goreneko liga txapelketak denboraldiaren erdia bete zuen urte amaieraren aurretik. Ondorioz, Gazteen Errege Kopan lehiatuko diren taldeen sailkapena osatua geratu zen. Hurrengo asteburuan izango da lehen kanporaketa, partida bakarrean erabakiko da eta bertan Euskal Herriko bost talde izango dira: Vasconia, Danok Bat, Athletic, Osasuna eta Reala.
Ligako bigarren multzoan lehiatzen dira talde horiek, euskal lau herrialdeak eta Errioxa biltzen dituen barrutian. Espainiako Gazteen Ohorezko Mailak zazpi multzo ditu guztira. Ohi denez, multzo bakoitzeko lehen lau taldeak sailkatu dira Koparako, eta horiekin batera multzo guztien artean bosgarren postuan dauden lau hoberenak ere bai, guztira 32 talde osatuz. Horrela lortu du Realak sailkatzea.
Ibilbide ikusgarria egin dute Vasconiak eta Danok Batek. Beste hirurak LaLigako talde profesionalen gazte taldeak dira: Osasuna, Reala eta Athletic. Klub nagusien artean, ez Alavesek ezta Eibarrek ere ez dute lortu lekurik Koparako.
Vasconiaren balentriak
Donostiako Vasconia bigarrena da aurtengo ligan, Athleticen atzetik. Bere hirugarren denboraldia da goreneko maila honetan, eta lehen aldiz sailkatu da Koparako.
Iaz ere sekulako balentria egin zuen, denboraldi erdian jaitsiera postuetan baitzegoen, baina bigarren itzulian partida bakarra galdu zuen eta azken jardunaldian mailari eutsi zion. Egoera zaila izan zen bigarren itzuli hori, azken jardunaldietara arte ez zuen-eta azken postuetatik ateratzerik lortu. Partidak galdu ez arren, berdinketa ugari izan zituen, eta lehiakideek ere gogor eutsi zioten amaiera arte.
Aurten, ordea, goitik etorri da ezustea. Talde indartsua eta orekatua osatu du, jarritako oinarri sendoei esker: Vasconian bertan hezitako jokalariak (hamar jokalari Kadeteen Euskal Ligan aritutakoak dira, eta horien artean badira betidanik bertan aritu diren jokalari oso baliotsuak, hala nola Jon Cepas, Martin Insausti eta Xabier Fernandez –bi lehenak lesionatuta egon ziren iaz–); beste talde batzuetatik egindako fitxaketa onak eta zenbaitetan erabakigarriak (Añorgako, Hernaniko, Lesakako, Hondarribiko eta Koxkaseko jokalariak iritsi dira, baita Euskal Herritik kanpotik ere: Dani Martinez, Valladolidetik); eta Realak utzitako jokalarien lana eta konpromisoa. Realeko jokalariak lau dira, eta horietatik bi lehen urtekoak (2008n jaiotakoak). Esperientzia handia hartzen ari dira gazteen lehen mailan Vasconiaren eskutik.
Jokalari multzo osatua du Vasconiak. Partidak aurrera egin ahala, aldaketak egiteko eta joko intentsitateari eusteko aukera du, aurrean dituen talde askok behera egiten duten unean. Lerro guztietan du oreka.
Arerio gogorra izango du datorren larunbatean, Puioko bere zelaian arratsaldeko 16.00etan jokatuko den partidan. Damm Kataluniako talde indartsua izango du aurrez aurre. Azken lau urteotan Kopan izan da eta ligan, 3. multzoan, soilik Barcelona eta Español taldeen kontra galdu du, bietan gol bakar baten aldeaz.
Horixe da, beharbada, Vasconiaz aipatu beharreko zalantza. Oso emaitza onak lortu arren (hamabostetik hamar partida irabazi ditu ligako lehen itzulian), goiko taldeekin lehiatzerako orduan ez du garaipenik erdietsi, Osasunaren kontra izan ezik.
Danok Bat, berriro maila gorenean, indartsu
Danok Baten lorpena ere nabarmentzekoa da. Aurten berriro berreskuratu du maila. 2022-2023 denboraldian galdu zuen. Jaitsiera kolpe latza izan zen, 28 urte jarraian maila gorenean lehiatu ostean.
Danok Bat gazteen lehiaketan talde indartsua izan da beti, eta ez da Kopa jokatzen duen lehen aldia. Laugarrenez iritsi da oraingo honakoarekin. Duela hamar urte izan zen azkena. Gogotsu bueltatu dela egiaztatu du ligan, gero eta indartsuago aritu baita lehen itzulian.
Oinatz Ramos Trapaga aurrelariaren golek zeresan handia izan dute horretan. Uda honetan kirol prentsan argitaratu zen Athletic-eko alebin eta infantil mailetan egona den Ramos UD Palmas-ek fitxatu zezakeela.
Danok Bat eta Athletic, hiru partidatan aurrez aurre
Nolabait, zorte txarra izan du zozketan Danok Bat taldeak, Athletic tokatu baitzaio. Kopa aukera ona izan ohi da Euskal Herritik kanpoko talde handien kontra aritzeko, baina Danok Batek hiru aldiz –bi ligan eta hurrengo asteburuan Kopan– Athletic izango du arerio. Athletic da, berez, faborito, ligan lehena doalako, ligan partida bakarra galdu duelako eta Kopa Lezaman jokatuko delako. Larunbatean izango da, 17.00etan.
Txapelketaren 14. jardunaldian egin zuten biek topo, abenduaren 7an, Lezaman orduan ere. 1-0 irabazi zuten zuri-gorriek. Halere, talde handiekin oso lehiakorra da laugarren postuan dagoen Danok Bat, eta hori aprobetxatu beharko du Kopako partidan ere.
Ligako txapelketan, puntuak taularen azpialdean ari direnekin galdu ditu, baina goikoen kontra, Lezamakoa izan ezik, norgehiagoka guztiak irabazi ditu. Vasconiaren (taulan bigarrena), Osasunaren (hirugarrena), Realaren (bosgarrena), San Juanen (seigarrena) eta Alavesen (zazpigarrena) kontra, garaipena lortu du horietan denetan, nahiz eta bakarren batzuetan, beharbada, jokoan nagusitasuna beste taldearena izan. Lehiakorra da eta bere lana egiten badaki, zalantzarik gabe.
Athletic ligan nagusi da. Lehen itzuliaren amaieran puntu gutxi batzuk baino ez ditu galdu. lehen bederatzi partidak bata bestearen atzetik irabazi ostean. Halere, partida askotxo ozta-ozta irabazi ditu, azken unean lortutako gol bakarraren aldearekin. Horrek ere, akaso, itxaropena emango dio Danok Bat taldeari. Zaindu beharko du, halere, zuri-gorrien goleatzailea, Manex Lozano nafarra. Oberena taldetik iritsitako gaztea da mailako goleatzaile nagusia, hamalau golekin. Jokalari erabakigarria da.
Lezamako harrobiko taldearen bigarren goleatzailea Unax Urzaiz Iriondo da, zazpi golekin. Abizenak oroitzapen ederrak ekarriko dizkie athleticzaleei. Unax Ismael Urzaiz aurrelari handiaren semea da. Hori gutxi ez-eta, Unax Rafael Iriondo jokalariaren eta entrenatzailearen birbiloba ere bada.
Azken asteetan izan dira hari buruzko berriak. Hedabideetan azaldu denez, 17 urteko aurrelariak ez du oraingoz onartu talde zuri-gorriak jokalari gehienei eskaintzen dien bost urteko kontratu tipoa. Bere aita eta ordezkari Isma Urzaizek begi onez ikusiko luke berrikuntza bat, baina laburragoa, bi urte ingurukoa, gero bere etorkizuna erabakitzeko. Halere, aukera horrek salbuespena egitea suposatuko luke, eta hori ez dute gogoko Ibaiganen.
Osasuna, behetik gora
Osasuna hirugarren da ligan. Behetik gora egin du, oso petral hasi baitzuen denboraldia. Seigarren jardunaldian jaitsiera postuen ondoan zegoen.
JUVENIL DH | FINAL (0-1)
— Tajonar (@Osasuna_Tajonar) December 15, 2024
Los rojillos han conseguido la victoria ante el San Juan gracias a un gol de Aly Kall en la primera mitad.
Con este resultado, los rojillos logran la clasificación para la Copa del Rey Juvenil.
Zorionak, gazteak! ¡Grandes!#SanJuanOsasuna pic.twitter.com/oxxyR4ArOU
Oso gol gutxi jaso ditu. Lehen itzuliaren amaieran 10 baino ez (eta horietatik 7 bi partidatan; 3 Danok Baten kontra eta 4 Vasconiaren aurka, lehen eta bigarren jardunaldian, hurrenez hurren). Gol gutxien jaso duen taldea da, Athleticekin batera. Zuri-gorriek ere hamar jaso dituzte. Aldea, sartutako goletan dago. 19 baino ez dituzte gorritxoek, jaitsiera postuetatik ihes egiteko borrokan diharduten taldeen parean.
Talde profesionalen beste filialei bezalaxe, Osasunako jokalari gazteei ere ez zaie soilik partidak irabaztea eskatzen. Talde filialek sorkuntzatik jokatu behar dute, ostikadaz baloi hautsi eta urrundu gabe, eta kategoria honetan jokatzen den abiaduran eta indarrarekin ez da beti erraza izaten. Prezisioak kale egiten badu, partidak aldapa gora jar daitezke kategoria osatzen duten beste talde gogorren aurrean.
Kopa etxean jokatu du, Tajonarren, igandean 12.00etan, eta Real Valladolid izango du aurrez aurre. Erronka gainditzen badu final-zortzirenetan Atletico de Madrid edo Burgos izango du zain.
Realaren emaitza irregularrak
Reala bosgarrena da ligan. Orain arteko denboraldiak emaitza irregularrak ekarri dizkio, Athleticen kontrako partida irabazi bazuen ere. Puntu asko utzi ditu bidean. Paradoxikoa da: aldeko eta kontrako goletan zuri-gorrien antzeko zenbakiak ditu, baina ez hark bezain ondo banatuta partidaz partida.
Realak izango du aurkari gogorrena. Barcelona izango du aurrez aurre. Partida Katalunian jokatuko da, Joan Gamper zelaian, arratsaldeko 17.00etan
Kopari begira, Realak esperientziako jokalariak ditu: azken urteko (2006koak) dozena erdi bat. Realean eta beste talde filialetan Ohorezko Maila honetan bigarren urtekoak (aurten 2007koak) izaten dira gehiengo. Filialak ez diren taldeetan, berriz, azken urtekoak izan ohi dira nagusi. Horrek parekatzen ditu indarrak.
Gainera, Realeko gazteen taldeak badu bere baitan kiroletik harago doan istorio bat. Akos Tompa-ren istorioa. 17 urte eta 1,97 metroko altuera duen atezain hau, duela hilabete gutxi batzuk, lepotik behera paralizatuta zegoen gaixotasun autoimmune larri baten ondorioz. Gurpil-aulkian igaro zituen egun gogorrak, baina denboraldia Ohorezko Mailako gazte taldean hasi zuen (11 partida jokatu ditu) eta Realeko C taldearekin ere aritu da azkenaldian.
Erronkak gainditzeko eredu ederra du Realak Kopa kanporaketa honetarako. Ez du partida erraza, aurrean Barcelona izango baitu. Igandean izango da norgehiagoka Joan Gamper zelaian, arratsaldeko 17.00etan. Garaileak hurrengo itzulian Vasconia-Damm partidaren irabazlea izango du arerio.
Seguru da gutxienez euskal talde bat final-zortzirenetan izango dela, Athletic eta Danok Bat taldeen arteko lehiatik aterako dena. A Coruñako Deportivo edo Xixongo Sporting izango du zain. Ea beste hiru euskal taldeetatik zenbatek gainditzen duten kanporaketa zail bezain eder hau.