NAIZ
Donostia

Aho batez berretsi du Donostiako Udalbatzak Urrezko Danborra Moriartitarrei ematea

Zita garrantzitsua izango da urtarrilaren 20koa Moriarti Ekoiztetxeko kideentzat, Urrezko Danborra jasoko baitute Donostian. Asteazken honetan berretsi du Udalbatzak Batzordeak egindako proposamena; «ibilbide luze eta laudatuagatik» zein nazioartean euskal zinema kokatzeagatik hautatu dituzte.

Aitor Arregi eta Jon Garaño, Moriarti ekoiztetxeko bi kide.
Aitor Arregi eta Jon Garaño, Moriarti ekoiztetxeko bi kide. (Jon Urbe | FOKU)

Donostiako Udalbatzak aho batez berretsi du 2025eko Urrezko Danborra Moriarti zinema ekoiztetxeari ematea. Besteak beste ‘Handia’, ‘La trinchera infinita’, ‘Loreak’ eta ‘Marco’ filmak ekoitzi dituzte moriartitarrek. Jon Garañok, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute taldea.

Talde guztiek babestu dute Bozeramaileen Batzordeak zinegileen ibilbidea aitortzeko egindako proposamena, eta urtarrilaren 20an Donostian jasoko dute saria. Bestalde, asteazken honetako ezohiko Osoko Bilkurak Hiritar Merezimenduaren Dominak nori eman ere erabaki dute: Mestiza Elkartea, Gipuzkoako Elikagaien Bankua, Kontxu Uzkudun, Iñaki Almendoz eta Radio San Sebastiani, hain zuzen ere.

Udalak Urrezko Danborra Moriartiri ematea erabaki zuen, «bere ibilbide luze eta laudatuagatik», eta euskal zinema nazioartean «erreferente» gisa kokatzea ere txalotu nahi dute sariarekin. 2001ean Donostian sortu zuten produkzio-etxe zinematografikoa, eta orduz geroztik film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat ekoitzi dituzte.

Garañok hautagaiak zirela jakin zuenean 2024a Moriarti ekoiztetxearentzat oso berezia izaten ari zela kontatu zuen: Balenciagaren telesailaren estreinua, ‘Marco’ filmarena, «eta orain hau, nork esango zigun 2023an!». San Sebastian eguna ilusio bereziarekin bizitzen duela kontatu zuen, beraiek izatez donostiarrak ez izanagatik, duela 24 urte bertan finkatu zutelako ekoiztetxea eta oso gertu sentitzen dutelako hiria.

Beste hainbat sari

Urte gutxian sari asko bildu dituzte moriartitarrek, arrakastatsua izan da beraien ibilbidea, lehiaketetan zein zinema aretoetan. Orotara, 12 Goya sari eta 31 izendapen jaso dituzte; espainiar Estatua Oscar sarietan ordezkatzeko bi hautagaitza; Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria eta FIPRESCI saria ere bai; film onenaren Forque saria; EFA sari bat; Platino sari bat; eta film onenaren Sant Jordi saria.

‘La trinchera infinita’ filmarekin euskal zinemaren Irizar saria, gidoi onenaren saria eta zuzendaritza onenaren saria eskuratu zituzten 2019ko Donostiako Zinemaldian. Eta 2018an, berriz, ‘Handia’ luzemetraiarekin hamar Goya eskuratu zituzten.