Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Baztango Batzar Nagusiak sostengua adierazi die Aroztegiko auziperatuei

Aroztegiko lanen kontrako kanpaldian parte hartzeagatik auzipetu dituzten zazpi lagunei elkartasuna adierazi die Baztango Batzar Nagusiak. Bide batez, otsailaren 1ean Iruñean egingo den manifestazio nazionalarekin bat egin du.

Aroztegiko egitasmoaren kontra 2021ean Baztanen egindako mobilizazioa.
Aroztegiko egitasmoaren kontra 2021ean Baztanen egindako mobilizazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Baztango Batzar Nagusiak sostengua adierazi die Aroztegiko zazpi auzipetuei hilaren 2an egin zuen urteko lehen bileran. Elkartasun mozioaren alde 25 kidek egin zuten, bi aurka eta hiru abstentzio izan ziren. Honekin batera, otsailaren 1ean Iruñean egingo den manifestazio nazionalarekin bat egin du Batzar Nagusiak.

2021. urtean Aroztegiko obrak gelditzeko asmoz kanpaldia egin zuten eta zazpi lagun auziperatu dituzte.

340 biztanle dituen Lekaroz herrian, hotela, golf zelaia eta 228ko luxuzko etxebizitza egitea aurreikusten du Aroztegiko egitasmoak. Artean, Baztanen etxeen %36 hutsik da edo bigarren etxebizitza dira, bertakoek etxea lortzeko aukerak murritzak direlarik. Izan ere, Baztan da Nafarroako Gobernuak gune tentsionatu bezala izendatuko duen udalerrietako bat.

2022an Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko obren baimena legez kanpokoa izan zela berretsi zuen.

Onarturiko mozioan, bide batez, «Baztango herritarrek eta ordezkariek prozesu honetan jasan duten jazarpen judizial eta ekonomikoa» salatu du.

«Pelotazoen kontra»

«Herrien burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, eta pelotazo urbanistiko eta inposizioen aitzinean Euskal Herriko herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea defendatzea» aldarrikatzen du ere onarturiko mozioak.

Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko ere eskatzen dio Baztango Batzar Nagusiak. Figura honen bitartez, Baztango Udalari eskumenak kendu zizkion Nafarroako Gobernuak, Aroztegiko egitasmoa interes orokorrekoa zelakoan.