Haizea zakar dabil, ez da giro kalean, are gutxiago errepidean. DGT Trafiko Zuzendaritza espainiarrak gidatzeko gomendio batzuk eman ditu.
Azaldu duenez, haize indartsuarekin, auto baten aerodinamikak markatzen du erabat ibilgailuak haizea ongi moztea edo etengabe bolantea zuzendu behar izatea, zealdoka ibiltzeari utzi gabe. Horregatik, garrantzitsua da karrozeria leun eta sarkorra dugun edo angelu ugariko lur orotariko bat daramagun kontziente izatea. Azken kasu honetan, arreta handiagoz gidatu beharko dugu haizeak gogor jotzen duenean.
Kotxe baten aerodinamika puskatzeko modurik errazena sabaian gainalde bat edo objektuak garraiatzeko kutxa bat paratzea da. Azken hau jarriz gero, egia da forma hagitz aerodinamikoa izan ohi dutela. Aldiz, gurutzatutako barra batzuetan, gainalde tradizionalean, ordenarik gabe ipini ohi dira objektuak eta horrek eragin handia du aerodinamikan. Hori ez da ona egun haizetsuetan. Ez bakarrik gainalde hori hegan atera daitekeelako presioa ezin jasanda, baizik eta gehigarri horrek gidatzea arriskutsua eta hagitz delikatua bilaka dezakeelako.
Kamioiak
Haize boladatan kamioi bat aurreratzeak teknika sinple baina hagitz eraginkor bat eskatzen du. Pantaila efektua maizago agertzen baita halako egoeretan eta prest egon behar baitugu. Konponbidea da efektu hori ekiditeko kamioia aurreratzez bukatutakoan bolantean presio leun bat mantentzea haizearen norabidearen kontra.
Haizearen norabidea ezagutzea ideia ona da abantaila pixka batekin gidatzeko. Horretarako landarediari erreparatzen ahal diogu, baita haizete handiak jasaten dituzten tokietan jarri ohi diren banderei eta haize-mahukei ere. Hala jakinen dugu haizea nondik eta zein indarrekin datorren eta prest egon ahalko gara.
Eraikinak
Kamioiekin batera, eraikinak dira haizearen benetako indarra disimulatzen duten bertze ‘traba’ batzuk... pasatzen ditugun arte. Une horretan, pantaila efektua desagertzen denean, gertu egon behar dugu bultzada handi bat jasotzeko. Bolanteari haizearen norabidearen aurka presio pixka bat eginez lortuko dugu aurre egitea.
Egun haizetsuetan, hobe litzateke atoi edo karabanarik ez eramatea, guztiaren egonkortasuna kolokan egonen bailitzateke. Baina bertze aukerarik ez badago, lehendabiziko erabakiak abiadura moteltzea izan beharko luke, eta maiz-maiz zaintzea atzerako ispilutik daramagun gehigarri hori. Marka aunitzek atoiaren egonkortasunaren kontrolaren aukera eskaintzen dute.
Abiadura
Ez dago erran beharrik haize bortitzarekin abiadura mantsotu behar dela, bolada zakar bat badator kotxea kontrolatzeko gai izateko. Haizea alde badugu, erraza izanen da abiadura muga gainditzea, hortaz, hagitz adi gidatu beharko dugu.
Haize handiarekin bolanteari bi eskuekin tinko eustea da gomendioa, une batean ere ez arreta galtzea eta mugimendu zakarrik ez egitea, haizeak autoaren erreakzioa handitu dezakeelako eta inguratzen gaituzten ibilgailuen kontra bultzatu.