«Txillardegiren bizitzak euskara izan zuen ardatz» aitortu du Markos Zapiain filosofo eta irakasleak ostegun honetan aurkeztu duen ‘Txillardegi hizkuntzalari’ (Elkar) saiakera liburuan, eta baieztapen horretatik abiatuz hizkuntzalariaren bizitza eta pentsamendua jaso ditu.
Liburuaren abiapuntuan Zapiainen irakasle lana dago, izan ere, kontatu du Bigarren Batxilergoko Filosofiaren Historiaren programazioan aldaketa bat egin zela, eta besteak beste Txillardegiren pentsamendua sartu zela programan, ‘Txillardegiren hizkuntzaren filosofia, euskara abiapuntu’. Materialik ez zegoela eta, hainbat irakasleri egotzi zioten lan hori, eta horretan jardun zen Zapiain. Eibar.org webgunean duen bere blogean argitaratu zituen hainbat artikulu, eta ondoren, Elkarri proposatu zion liburu bat egiteko aukera, eta donostiarraren heriotzaren 13. urteurrena baliatuz aurkeztu dute.
Hiru ataletan banatu du liburua filosofoak: ‘Hizkuntzatasuna’, ‘Euskara’ eta ‘Biografia’. Lehendabiziko atalean hizkuntzaren «ezaugarri orokorrak» landu dituela kontatu du Zapiainek: giza izatea zeharkatzen duen ororen izaera linguistikoaren gogoetak, dela ametsak, eromena, mitoa, inkontzientea edota kode genetikoa; XX.mendeko pentsalari ezberdinen ekarpenak: Saussure linguista, Lévi-Strauss antropologoa, Lacan psikoanalista…
Idazlearentzat lehen ataleko gakoa, hala ere, Txillardegik aipaturiko «estrukturamena» kontzeptuarena edota «estrukturagile inkontzientearena» dela azaldu du. «Gizakiok topatzen dugu kaos bat berez mundura gatozenean, eta mapak, ordena, antolamendua behar dugu; gure baitan badago estrukturagile inkontziente bat guztia bihurtzen duena zeinu hizkuntza, ametsak, hizkuntza bera, totemismoa, mitoak… gizakiak egiten duen guztia zeharkatzen du hizkuntzak», azaldu du Zapiainek.
Euskarak bizirauteko, Estatua
Bigarren atalak euskararen problematika berezia nabarmentzen du, eta euskara salbatzeko Txillardegik proposaturiko bideak: besteak beste, euskaltzaleak elebakar aritzea erdaldunekin harremanetan ere edota euskararen zerbitzura jardungo duen euskal estatu bat sortzea.
Eta bigarren zatiaren «giltzarria» Euskal Estatua da bere ustez: «Euskararen gainbehera eta hizkuntza txiki askoren gainbehera ulertzeko historia aztertu zuen xeheki, eta ikusi zuen bizirik irauten duten hizkuntzak estatu bat dutenak direla. Proposatu zuen euskal estatua sortzea, baina ez edozein estatu, estatu bat bere tresna guztiak ipiniko dituena euskararen alde». Hainbat kasu aztertu zituen, gaelikoaren kasua, Israel, Eslovenia, Finlandia, Letonia, Andorra…
Bere bizitza lan militanteari eman ziola kontatu du, eta hirugarren atala horri loturikoa da, bere biografia «euskara ardatz hartuta». Aurkezpenean gaineratu du Txillardegik bere «erosotasuna sakrifikatu» zuela euskararen alde eta oso bizitza «poliedrikoa» izan duela; nahiz eta alde guztiak ezagunak ez izan, esaterako piano jolea eta matematikako irakaslea ere bazela azpimarratu du. «Ikusita Txillardegiren lana, liburutegi bat merezi du, noski, baina uste dut herri normal batean gutxienez lehendakaria izango litzatekela. Ikusita egin zuen lana, pasa zituen orduak eta zuen talentua», laburtu du irriz baina aldarri eginez.
Miresmena
«Autore baztertuen obrak» ikertu eta zabaltzea garrantzitsua da Zapiainen ustez: «Obra hauek aztertuta argi geratzen da iraganak ezusteko gehiago ematen dituela etorkizunak baino». Horregatik, txalotu du Jakin Fundazioak egindako digitalizazio lana, bertan euskal autore askoren lanak aurkitu baitaitezke.
Aurkezpenaren amaieran aitorpen bat egin du Zapiainek, Txillardegi miretsi egiten duela: «Bere obran sartzea ipotx bat erraldoiaren sorbaldan jartzea bezala izan da, eta Txillardegi erraz miresten da, eta on egiten digu besteak miresteak, euskaldunon artean ere badago zer miretsi».