NAIZ

Bizkaiko Aldundirako LEP bat errepikatzeko agindu du epaileak, euskara «gehiegi» eskatzeagatik

EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Aldundirako LEP bat errepikatu beharko dela berretsi du, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» delakoan. Lakuak salatu du euskara tratatzen dutela «gaztelaniak duen indarra balu bezala», eta Kontseiluak esan du oldarraldiak 500dik gora lanpostu publikori eragin diela.

Ibone Bengoetxea lehendakariordea, ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sareak joan den azaroan Bilbon egindako kongresuan.
Ibone Bengoetxea lehendakariordea, ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sareak joan den azaroan Bilbon egindako kongresuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanpostu bete edo egonkortzeko azterketa publikoa berriro egin beharko dela berretsi du, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» dela eta ez duela «enplegu publikora baldintza beretan iristeko herritar guztien eskubidea» betetzen argudiatuta, hori bezain inportantea den arren herritarrek administrazioarekin «zein hizkuntza koofizialetan komunikatu nahi duten aukeratzea».

Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak salatu du auzitegiek euskara tratatzen dutela «gaztelaniak duen indarra balu bezala», nahiz eta hizkuntza gutxitu bat izan eta, beraz, «diskriminazio positiboa» behar izan.

Euskadi Irratiari eskainitako eta Europa Press albiste agentziak jasotako elkarrizketa batean, Bengoetxeak hizpide izan ditu auzitegiek azken urteetan emandako euskararen aurkako epaiak. Eta bereziki aipatu du azkena.

«Epai horren berri izan dut, eta ez gatoz bat. Mintzen gaitu, hartzen duelako euskara gaztelaniak duen indarra balu bezala. Euskara hizkuntza gutxitu bat da, eta, orduan, diskriminazio positiboa behar du, eta epaiak ez du hori kontuan hartzen», adierazi du.

Bengoetxeak esan du orain arte euskararen aurka emandako epai gehienak lanpostu publikoen egonkortze prozesuei lotuta egon direla, eta, horregatik, Lakuan «azterketa sakonagoa» egiten ari direla jurista ezberdinekin kontrastatuz, «irtenbideen bila».

«Irtenbidea ez da bakarrik akordioa. Beharbada irtenbidea juridikoa ere izan behar da», proposatu du.

500 lanpostu, kolokan

«500 lanpostu publikotik gora kolokan jarri dituen euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitako sententzia» dela salatu du, bestalde, Kontseiluak. Foru Aldundiak kasazio helegitea aurkeztuko duela iragarri du, eta babesa adierazi dio euskalgintzako eragileen bilguneak, «herritarren eskubideak babesteko prozesu judiziala azken burura eraman dezan».

Sindikatu eta eragileekin batera erantzuteko mobilizazioa antolatzen ari dira, eta datozen egunetan emango dute horren berri.

 

 

Bereziki larria da epaia Kontseiluaren arabera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daudelako bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian eta horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarkeelako ezinbestean. Izan ere, «bi hizkuntza ofizialak dakizkiten langile publikoak dira herritar guztien hizkuntza eskubideak berma ditzaketen bakarrak: langile elebidunak, bi hizkuntza ofizialak ikasteko ahalegina egin dutenak, eta beraz, zerbitzu hobea eskaintzeko gaitasunak dituztenak», azpimarratu du.

2021 eta 2022 artean bi LEP deitu zituen Aldundiak, administrazio postuak betetzeko. 227 postu ziren orotara, lehen eskaintzako 77ak (orain epaileak berrikusi dituenak) eta bigarren txandako 150ak. Bien aurkako salaketa jarri zuen lanpostu horietara aurkeztu zen norbanako batek, euskara eskakizunak «neurrigabeak» zirelakoan.

Administrazioko lanpostuak betetzeko hizkuntza eskakizuna «gehiegizkoa» zela ebatzi zuen Bilboko epaitegi batek iaz, eta Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen.

Auzitegi nagusiak helegite hori ezeztatu du orain. Horrenbestez, aldaketarik ez bada, 77 lanpostu bete edo egonkortzeko azterketa errepikatu beharko da.

ELA, LAB eta Kontseiluaren akordioa

ELAk euskara administrazio publikoetan jasaten ari den «jazarpen judiziala» salatu du. «Euskara jakitea faktore diskriminatzailetzat hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintza ez bezala», esan du, eta ohartarazi du «horrelako salaketen atzean sektore judizial, politiko eta sindikalen bulkada euskarafoboak ezkutatzen direla».

Era berean, gogorarazi du Euskalgintzaren Kontseiluaren, ELAren eta LABen artean akordio bat dagoela, administrazio publikoa 15 urteko epean euskalduntzeko xedea duena, lanpostu guztietan gutxieneko ezagutzak bermatzeko, «horrela bakarrik ziurtatzen baita zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea eta langileek euskaraz egin ahal izatea».

«Bide hori eskubideen bermea da, ez da inoren kontra eraikitzen», argitu du sindikatuak, eta erantsi du langileek prestakuntza jaso ahal izateko bideak eta baliabideak planteatzen direla.

Europa

Bengoetxeak euskararen ofizialtasuna Europan ere izan du hizpide, eta «urratsak» egin direla nabarmendu du, «bi bide ezberdin» daudela zehaztuz.

Alde batetik, azaldu du Europar Batasunean bertan euskara erabiltzea kide diren herrialde guztien adostasunarekin onartu behar dela, eta, ildo horretan, espainiar Gobernuarekin pausoak ematen ari direla «elkarlan zintzo eta diskretuaren bidez».

Bestetik, Europar Parlamentuan euskara erabiltzea posible izateko egiten ari diren urratsak aipatu ditu, eta gogorarazi du Imanol Pradales lehendakariak europar ganbera bisitatu zuenean Roberta Metsola presidenteari eman ziola horren berri.

«Euskadik bete ditu bete behar zituen pauso guztiak eta bidali ditu eskatutako txosten guztiak. Diskrezioarekin gabiltza. Hau ez da erraza, eta gauzak errazak ez direnean, zuhurtziaz jokatu behar da», nabarmendu du.