Aurten mila urte betetzen ditu Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko aipuak. 1025 urteari erreferentzia egiten dion dokumentu batean, gaurdaino aurkitu den zaharrenean, agertzen da ‘Ipuscua’ hitza, San Juan de la Peñako (Huesca) liburu gotiko edo kartularioan jasotako idatzi batean. Hori dela eta, ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ lemapean, «egitarau zabala» prestatzen ari direla iragarri dute lurraldeko herri erakundeek. Aurreratu dutenez, «lurraldearen historiari eta ondareari buruzko ezagutza sustatzetik harago, gipuzkoarron komunitate balioak ospatzeko eta indartzeko ere balioko du milagarren urteurrenak».
Hala jakinarazi dute Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak eta Xabier Olano Altzoko alkateak. Gipuzkoaren aipamen zaharrena jasotzen duen dokumentuak, «lehen mailako efemeride historikoa» izateaz gain, «esanahi kolektibo garrantzitsua» duela ziurtatu dute aho batez, erakusten baitu jada orain dela hamar mende «gipuzkoarrok osatzen genuela komunitate bat, bere desafio, antolakuntza eta bizi nahiarekin».
Urtemugaren oinarrian dagoen Erdi Aroko eskuizkribuak jasotzen duenez, 1025. Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputzak, Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) eman zion dohaintzan San Juan de la Peñako zenobioari, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera. Hori dela eta, orain dela 1.000 urteko Ipuscua eta gaur egungo Gipuzkoa hitzak uztartuz, Ipuskoa.
«Euskal kulturan esan ohi dugu izena duen orok baduela izana. Efemeride historiko honek adierazten du duela hamar mende dagoeneko, izan, baginela. Horregatik, milagarren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu gipuzkoarroi gure buruaz gogoeta egiteko», proposatu du Mendozak.
Euskara eta herria binomioa
Ezeizabarrenaren arabera, «milurteko hau aukera izan daiteke iraupena erakusten diguten eta gerora bultzatzen gaituzten balioak ikusteko gure iraganean eta nola eguneratu pentsatzeko. Gure historiako alderdi argitsuak baina baita ilunak ere, zer zaindu eta zer utzi erabakitzeko. Iraganak aurrera egiten erakusten baitigu», eta ‘Ipuscua’ izenaren harira «euskara eta herria binomioa» azpimarratu du: «Gipuzkoa bakarra da baina ez bakarrik izatekoa ez itxita aritzekoa. Euskaraz bizitzeak beste inorekin ez bezala elkartu du Gipuzkoa euskal lurraldeekin eta euskarak eman dio Gipuzkoari Euskal Herrikoa dela jabetzea, beste lurraldeekin batean».
Olanok Altzoko herriak landuko dituen ekimenetan jarraituko dituen lau ardatzak xehetu ditu, laurak ere aipatutako agiri historikoaren edukietan jasotzen direnak, alkatearen esanetan: «Lehenik, emakumea, dohaintza egiten duena Gayla andrea delako, gipuzkoarra eta euskalduna; bigarrenik, dokumentuan bertan agertzen diren izenen artean, lau badaude Altzokoak –hiru baserri eta mendi bat– eta horien aitortza egingo dugu; hirugarrenik, dokumentuan gehien aipatzen den hitzetakoa sagarrondoak izanik, sagarrondoetan eta sagardogintzan azpimarra jarriko dugu; eta, azkenik, donazio hori Iruñeko Erresumaren aurrean egiten denez, horrek ere pista bat ematen digu zer izan gaitezkeen aurrera egiteko bidea erakusten digu horrek».
Helburu horiek kontuan hartuta, hainbat saio eta jardunaldi antolatuko dituztela esan dute. Batetik, hilaren 18an San Telmo Museoan inauguratuko den ‘Ipuscua, 1000 urte’ erakusketa: urtarriletik maiatzera bitartean, azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaeran barrena bidaiatu ahalko dak. Aldundiko Kultura departamentuak efemeride honen inguruan antolatuko duen askotariko ekintzetan lehena eta nagusiena izango da.
Aldundiak, aldi berean, lehentasuna emango die «balio komunitario propioen inguruan gogoeta egin eta horietan sakontzeko» ekintza eta topaketei. Lehena urtarrilean bertan, hilaren 22an antolatuko du, ‘Komunitatea elkartegintzatik eraikiz’ izenburupean egingo den jardunaldiaren bitartez. Urtean zeharrerako beste zenbait topaketa antolatzen ari direla esan dute.
Ekitaldi nagusia, uztailean
Milurteko efemeridearen ekitaldi instituzional nagusia uztailaren 5ean izango da, «euskal kulturaren erritu eta moldez jantziko den topaketa batean».
Olanok jakinarazi duenez, ‘Altzo 1025’ azterketa historiko-dibulgatiboa argitaratu eta Altzo Azpiko elizan indusketa arkeologikoa abiaraziko du Altzoko Udalak, Aranzadirekin elkarlanean. Kultur ekitaldiak ere antolatuko dituzte, gipuzkoar artista eta kulturgileak oinarri izango dituztenak.
Eta, efemeridearen garrantzia nabarmentzeko, Altzon ezohiko batzarra egingo dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, erakunde ikuspegitik ‘Ipuscua’ hitzaren lehen aipamena ospatzeko. Halaber, San Juan de la Peñan jasotako idazkiaren faksimilea argitaratzeko lanean ari dira, Ezeizabarrenak jakinarazi duenez.