Azaroan, ‘Bagara’ maratoiaren eguna baliatuz, Gure Eskuk 2025eko egutegian beste data bat gordetzera deitu zuen: Ekainak 7. ‘Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki’ lelopean, «herri oso bat martxan irudikatzeko» hitzordua izango dela iragarri zuen. Ostiral honetan, ekimenari buruzko argibide gehiago eman eta herrialde batzarrak deitu ditu mobilizazioa prestatzeko.
«Bilboko kaleak hartuko ditugu mezu argi bat plazaratzeko: herri bat gara, Euskal Herria gara, berezko nortasuna, hizkuntza, kultura eta ohiturak dituen herria, bere burua gobernatzeko borondate irmoa duena. Zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren nolabaiteko agerraldia izango da, herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko», azaldu dute Josu Etxaburu eta Paula Roson Gure Eskuko bozeramaileek Bilboko Bira Kultur Gunean egindako agerraldian.
Lurralde batzarrak
Antolakuntzari bide emateko datozen asteetan herrialde batzar irekiak deitu ditu Gure Eskuk. Iruñeko Txalaparta liburudendan urtarrilaren 14an, 19.00etan; Tolosako Kultur Etxean urtarrilaren 15ean, 19.00etan; Zornotzako Zelaieta zentroan urtarrilaren 21ean, 18.30ean, eta Gasteizko Landatxo Gizarte Etxean urtarrilaren 24an, 18.00etan.
Batzar hauetan, mobilizazioaren helburuak eta ezaugarriak partekatuko dituzte eta herrietan nola antolatu landuko dute. Batzordeen eskuetan bitarteko kutxa bat jarriko dute. Bertan, tokian tokiko herritarrek euskarriak aurkituko dituzte mobilizazioaren antolakuntzan laguntzeko.
Herrietako batzordeak mobilizazioaren antolakuntzaren zutabe nagusia izango direla nabarmendu du Etxaburuk, eta herria mobilizatzeko batzordea sortu nahi dutenentzat kontaktua luzatu du: herrilibrebat@gureeskudago.eus e-postaren bidez.
Horrez gain, dagoeneko ‘Herri Libre Bat’ WhatsApp eta Telegram kanal bana sortu du Gure Eskuk, batzordeak koordinatu eta informazioa zabaltzeko.
«Herritarrok ez gara ikusle pasiboak, badugu gure erantzukizuna»
Euskal Herriak herri gisa dituen erronka nagusiei «behar bezala erantzuteko» erabakimen handiagoa beharrezkotzat jo du Gure Eskuk, eta burujabetza espazioak irabaztera deitu du: «Euskal lurralde guztietan egin behar dugu aurrera. Lurralde guztietan daude aukerak eta baliatu behar ditugu. Izan ere, Euskal Herri osoa batera aritzeko garaia da».
«Herritarrok ez gara ikusle pasiboak, badugu gure erantzukizuna. Lurralde bakoitzaren estatus politikoan eta guztien arteko lankidetzan aurrerapauso berri eta esanguratsuak eman ahal izateko baldintzak, giroa eta ilusioa sortzea herritarron ekarpen baliotsua izango da», azaldu du Etxaburuk.
2025, «urte garrantzitsua»
Izan ere, Gure Esku konbentzituta dago 2025. urtea garrantzitsua izango dela Euskal Herriarentzat. Besteak beste, autogobernatzeko gaitasunean aurrerapausoak emateko aukera nabarmendu du Etxaburuk, eta «mugimendu esanguratsuak» eman daitezen, «baldintza egokiak» badaudela baieztatu du.
«Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, estatus politikoa berritzeko beharraren inguruko kontzientzia gero eta argiagoa dela uste dugu. Gaur egungo autogobernu mailak ez dira nahikoak, hainbat arlotan zaharkituta daude eta ez datoz bat garai berriekin. Horrez gain, herri sentimendua eta herri harrotasuna loratzeko gogoz antzematen ditugu eta, horrekin batera, ohartzen gara euskal lurraldeen arteko lankidetza gero eta naturalagoa dela, eta hura indartzeko gogoa gero eta handiagoa. Halaber, iruditzen zaigu erronka kolektiboei erantzuteko burujabetzaren beharra, eta baliabide juridiko-politiko gehiagoren beharra gero eta agerikoagoa dela herritarren gehiengoarentzat», azaldu du.
Horregatik, herritarrak ekainaren 7ko mobilizazioa antolatzeko, herriz herri batzarrak sortzera deitu du Gure Eskuk: «Jauzi egin dezagun!».