Andoni Arabaolaza

Tibeteko lurrikarak Jost Kobusch ustekabean harrapatu du Everesten

32 urteko alpinista alemanak adierazi du lehen kanpalekuan (5.700 m) seismoaren astindua jaso zuela. Luizi handiak eragin bazituen ere, aukera izan zuen oinarrizko kanpalekura onik heltzeko. Duela hamar urte Nepalen izandako lurrikarak ere harrapatu zuen.

Jost Kobuschek ezusteko handia hartu du Tibeteko lurrikararekin.
Jost Kobuschek ezusteko handia hartu du Tibeteko lurrikararekin. (Jost KOBUSCH)

Jost Kobuschek 'erakarpen' berezia omen du lurrikarekin. Heldu den apirilean hamar urte beteko dira seismo handi batek Nepal astindu zuenetik. Gogorra izan zen oso; izan ere, txikizio handiak eta hildako ugari eragin zituen. Everestek ez zion ihes egin gertakari horri. Udaberria zen; hots, munduko mendi garaienaren goi-denboraldia. Kanpaleku nagusian, adibidez, hogeita bi mendizale eta langile zendu ziren. Hain zuzen ere, Pumoritik gertu sortu zen elur-jausiak harrapatu zituen. Horien artean Kobusch zegoen, baina onik atera zen.

Joan den asteartean, berriz, Tibetek antzeko egoera bat bizi izan zuen. Dingri eskualdean epizentroa izan zuen (Richter eskalan 6,8), Everestetik ez oso urruti. Hori gutxi ez, eta erreplikek Nepalen eta Khumbuko haranean oihartzuna izan zuten. Duela hamar urte ez bezala, negua denez, Everestek espedizio bakar baten bisita izan du: Kobuschena. Aurreko kroniketan aipatu dugu alpinista hori munduko mendi garaiena mendebaldeko ertzatik neguan eta bakarka igotzen saiatzen ari dela. Hirugarren aldia du, eta azken ekinaldian gai izan da 7.500 metroko kota gainditzeko. Hots, orain arteko garaiera handiena urtaro honetan.

Duela pare bat aste lortu zuen xede hori. Lobuchen atseden hartzen ari zela, ez zuen baieztatu proiektuarekin aurrera jarraituko ote zuen. Baina etxera itzuli ordez, 'erosotasunetik' irten eta beste irteera bat egin zuen. Lehen kanpalekuan (5.700 m) zela, aipatu dugun lurrikara lehertu zen. Astinduak eten zirenean, Kobuschek aukera izan zuen jaisteko. Herrixkara onik heldu zen.

«Hunkituta»

Sustoa gainetik kendu bezain pronto, alpinista honek lehen kanpalekuan bizi izan zuen egoeraren berri eman du: «Luiziak nonahi ikusten ziren; alde batetik eta bestetik arrokazko eta izotzezko bloke handiak erortzen ziren. Astindu batek serac bat lehertu zuen eta zati batzuek dendaren kontra jo zuten; zulo batzuk eragin zituzten. Hala nola eutsi nion erasoari. Pixka bat nahastuta nengoen; ez nekien zer gertatzen ari zen. Bazirudien mendia amiltzen ari zela. Bat-batean, egoera baretu zen eta aukera izan nuen lo egiteko. Biharamunean, berriz, gosaltzen ari nintzela hainbat mezu jaso nituen, eta baieztatu zidaten lurrikara izan zela. Egoera erabat egonkortu arte, ordu batzuk itxaroten egon nintzen. Ondoren, jaisten hasi nintzen. Ez nuen nahi beste erreplika batzuk han goian bizitzea».

Nahiz eta lurrikararen epizentroa Everestetik 75 kilometrora zegoen, Kobuschek ezusteko handia jaso zuen. Alemanak gehitu du jaitsieran ere beste erreplika batzuk sentitu zituela. Besteak beste, Khumbuko glaziarrean duen kanpaleku aurreratuan zein Lobucheko aterpean: «Hunkituta nago, baina, zorionez, duela hamar urte bezala ez zait ezer gertatu. Denda leku eroso eta seguru batean nuen. Horrek libratu nau. Ez dut pentsatu ere egin nahi leku arriskutsu edo serac baten ondoan denda altxatu izan banu».

Amaitzeko, alpinista gazteak ez du aipatu aurrerantzean zer egingo ote duen: etxera itzuli eta beste irteera bat egin. Denbora hartuko du behin betiko erabakia hartzeko; izan ere, itxaron beharko du egoera eta erreplikak erabat baretzen diren.